Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Moby Dick queer

2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Liburu infinitutzat daukat Moby Dick. Jatorrizko edizioan dituen 635 orrialdeengatik ez ezik irakurtzen dudan aldiro orrialdeotan agertzen zaizkidan ezustekoengatik ere. Halaxe gertatu zait liburuan izua nola agertzen den lehengoetan baino adiago begiratzearren nobelako kanibal zentralaren bila jo dudalarik. Esan litekeelako liburuan kanibalismoarekiko terrorea dagoela.

Bada, azken irakurraldian eta horren ondoren ikertu ditudan beste datu batzuk gerorako utzita, Herman Melvillek ondo ezagutu zuen liburu jakin bat aipatu gura nuke. In the Heart of the Sea / The tragedy of the Whaleship 'Essex' du titulua, eta Nathaniel Philbrick egilea. Liburuak 2000an AEBetako National Book saria eskuratu zuen, ez-fikzioaren arloan hain zuzen. Hartan oinarriturik 2015ean estreinatu zen filma ez daukat ikusita.

Itsasoaren bihotzean liburu horretan kontatzen dena, tituluaren bigarren partean iragartzen zaiguna da. Moby Dick liburuan Pequod baleontziaren zori berbera izan zuen Essex izenekoak; baleak zartakoa jo eta horra hondora ontzia, eta ontzikoak bateletara, eta bateletan azkenik ez janik ez urik, eta begiak lau eginda ere inondik lehorrik edo ontzirik ezin antzemanik, bizirik segitzen zuten banakek erabaki latza egin dute, zera, aldian behin euretariko bati heriotza eman eta haren gorputza jan. Zotz ala motz eginez erabaki beharko nori heriotza eman. Proposamena egin zuenari egokitu zitzaion lehena izatea. Isaac Cole, larru beltzekoa bera. Ez omen zen trikimailurik egon.

Kanibalismo zibilizatu horri esker zenbait gizon bizirik itzuli ziren Ingalaterra Berriko Nantucket irlara, ontziaren jatorrira alegia.

Gertaerok 1819an izan ziren, eta 1821ean argitaratu horien kontakizuna den liburua: Narrative of the Most Extraordinary and Distressing Shipwreck of the Whale-Ship Essex, of Nantucket: Which Was Attacked and Finally Destroyed by a Large Spemaceti-Whale in the Pacific Ocean, Owen Chase ontziko lehenak argitaratua. Herman Melvilleren liburu infinitua berriz 1851koa da. Idazleak tartetxoa ukan zuen kanibalismoarena jorratzeko, kanibalismo eszenarik sartu gabe. Pequod ontziko batzuk kanibalak direla dio behin eta berriro, eta kito.

Liburuko kanibal zentrala Zeelanda Berriko Queequeg maoria da, bada gero kasualitatea. Queer harremana bihurtuko baita Queequeg eta «Call me Ishmael», «Esadazue Ismael», esanez kontatzen hasten denaren artekoa.

Ene, nola ez nintzen aurreko irakurraldietan horretaz ohartu. Kanibalismoaren gaia ez zen beste ezertarako sorgorturik nengoelako hain segur. Beraz, geratzen zaidan tartetxoan queer horren nondik norakoa azalduko dut.

Ismaeli, portuko ostatuan egin beharko duen lehen gauaren atarian, izua sortu zaio. Ez dio ba ostatuko ugazabak logelak beterik direla guztiak eta ohe erdi bakarra duela hutsik, konpartitzeko prest baldin badago, hori bai, beste erdian lo egiten duena kanibala omen da.

Atsedenaren premiaren premiaz izua gainditurik, halako batean Ismael bere erdira doa, beste erdia artean hutsik delarik. Ez luzerako ostera. Halako batean horra Queequeg ilunetan gelara sarturik. Izu laborria? Ez hainbesterakoa. Jakingura, horixe da batik bat nagusitu zaiona. Manta artetik kirik egiten dio Queequeg miragarriari.

Ustezko kanibalaren gorpuzkera, haren maori larrua, halako moduan tatuatua non gaur egungo tatuatzaileak ez zaizkio ezta txorkatiletara ere iristen harenari, zorrotik aterata dituen errezo antzekoak egiten dizkion irudia, den-dena zaio ezusteko eta kitzikagarri marinel gazteari. «Ez eta anaia batekin ere, ez nuke nahi inorekin ohea erdibanatu», dio. Hala ere konturatzerako ohe barruan dira biak. Zeina bere erdian. Biharamunean ordea erdi biak bat egin direla ohartuko da. Lo dirauen Queequegen besoetako batek soina babesten dio.

Hori, bien arteko harreman txeratsu eta maitekorraren hasiera baino ez da eta, gay kutsuko pasarteekin ez luzatzearren, aipa dezadan Ismael eta Queequeg elkarrekin ezkontzen direneko pasartea. Amaitzeko, gizonezko bien arteko harremanaren ikurra liburuaren azken aldera dator. Pequod ontzia hondoraturik eta babes gabe uretan ezinean Ismael, itotzear, hara hor Queequeg gorpu datzan katabuta. Horrexeri besarkaturik salbatuko du bizia gazteak.

Balearen ehizarako itsasaldi luzeetan Essex egiazkoaren antzeko guztietan marinel proletarioek izaten zituzten bizi baldintza latzei eta gizonen arteko sentimendu eta bizipenei begiratzeko beste leiho bat zabaldu dit azken irakurkera honek. Leiho horretatik balea-ontzietan ez ezik lehenagoko zein geroagoetan ere izan direnei begiratzen ahal zaie.

Brokeback Mountain lehenengoz ikustearen parekoa izan da Moby Dick queer honena. Filmak western historiko askori beste modu batez begiratzeko era eman zidan, zera, protagonista gizon-bikoteak dituztenei hain zuzen. Bada, antzeko zerbait eman dit oraingoan Herman Melvilleren liburu infinituak.

Horren harira gizonaren biografia behar bezalakoren bat irakurtzeko gogoa egin zait. Berdin dio laburra ala infinitua izan. Izan bedi liburuaren azken irakurraldia bezain argigarria, horrekin nahikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.