Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Iaz, aurten, geurtz

2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Anfora osatzen.

Iaz, horra hitz labur bat, ekonomikoa oso. Natural-natural ateratzen zaigu, kolpean ulertzen dugu. Denbora zehatz bat, hitz bakar batez adierazia. Joan (iragan) zen urtean ere erabiltzen dugu, horixe egia, inguruko hizkuntzetako molde berean (el año pasado, l'année dernier, l'anno scorsso, last year): esplikatiboak dira guztiak, baina ez dute iaz-en estilizaziorik eta indarrik, ez dira esanahia duten forma autonomo laburrenak. Gainera, zahardadearen noblezia dauka iaz-ek: 1539koa da Orotarikoa-k dakarren lehen adibidea, Cantar de Perucho delakotik hartua: «Iaz zoegia [zuhurregia] nintzen, aurten eroa». Noblezia guztizkoa du iaz hitzaren estreinaldiak Gutenbergen letra-moldetan. Esaldi berean estreinatu zen aurten ere letren errepublikan: errealitate bat, hitz bat, nahiz eta urte honetan esplikatiboa ere erabiltzen dugun, inguruko hizkuntzetan bezala (este año, cette année eta abar).

Etorkizuna adierazteko, ordea, eta hemen dator nire jakin-minezko harridura, ez dugu denbora zehatz hori hitz bakar batez markatzen. Iaz, aurten, eta... Eta datorren urtea, hurrengo urtea edo heldu den urtea esplikatiboak baliatzen ditugu. Nik, ordea, hitz bakar autonomo bat sentitzen nuen faltan denboraren hainbat serieren logika osatzeko: Lehen, orain, gero. Atzo, gaur, bihar. Baina iaz, aurten, eta...

...eta atx!, katea eteten zaigu katebegi baten faltan, hor lanbrotzen da urte batetik besterako hiru aukerak hitz bakar batez adierazteko serieen magia. Hizkuntzen arkitekturak esaten du, ordea, existitu behar duela hitz bakar horrek, hizkuntzek beti errespetatzen dutela logika: euskara ez da salbuespena. Hirugarren hitza, auskalo zein eta batek daki zergatik, gure ahanzturaren sala ilunen batean geratu ote zitzaigun, hautsak eta amaraunek hartuta?

Juan Luis Zabalaren Mina hartzeko ere liburu berriko poemetako baten hasierak egin dit argi: «Ba ez hekien ba une hau iritsiko zela, orain ez bazen gero, gaur ez bazen bihar, aurten ez bazen geurtz?». Kategoria gramatikal desberdinekin osatutako datorren urtean edo urtebete barru deskriptiboak erabili ordez, Zabalak kategoria bakarreko geurtz zaharra erabili du, praktikan galdua genuena txanpon bat irinetan bezala. Poemaren erritmoak eskatzen zion Zabalari labur eta bizi jokatzea. Baita gure denbora-hitzen serieen logikak ere. Gehitu horri esaldiaren testuinguruak garbi uzten duela hitzaren esanahia. Hitz bitxi abandonatu bat maisuki integratzea deitzen zaio horri. Ez du poema trabatzen, aitzitik: irakurlearen arreta pizten du, eta poemaren funtsa heriotzaren hurbila markatzen «nola dakik hil eta gero ezin dela idatzi?».

Kristo guztia bezala, idazleak ere hiltzen dira, baina hitzak ez, munduan hiztunak, irakurleak, poetak dauden bitartean behintzat.

Ahanzturarensala ilunetik.

Iaz, aurten, geurtz, beraz. Orotarikoa-nez daude geurtz-en zazpi adibide baino (Oihenart, Duvoisin, Orixe...). Ereduzko prosa-ren hiztegiak ez dakar adibiderik. Hitza desagertuta dago praktikan, tamala da, baina ez hilda. Ahanzturaren salan segi dezake, nork daki. Gure kontsolamendua da geurtz bizirik dagoela Perutxoren kantua-n, bizirik Oihenart eta enparauen testuetan, bizirik dagoela orain Zabalaren poeman.

Tira, agian kontu hutsal batekin nabilela erabaki duzue. Baina zenbat kontu huts ustez garrantzi gabe ez dago, demagun,W. G. Sebalden Austerlitz itzulpenean,azken berrogei urteotako zenbat horrelako kontu ustez garrantzi gabe dago Idoia Santamariak bere itzulpenarekin oparitu digun mirariaren lerroetan? Irakurri duenak ondo daki orain berrogei urte nekez lortu zitekeela Idoia Santamariak eskura jarri digun lanaren maila. Azkenaldi luzeko itzulpengintzaren ekarri etengabeak eta Idoia Santamariaren eskarmentuak lortu dute miraria: Sebalden nobela maiz ari da arkitekturaz, eta nobela bera da hitzez osatutako arkitektura harrigarri bat.

Txillidak zioen: «oraina iragana bezala, etorkizunaren oroitzapenak». Denboraren arkitektura hori olioztatzen ari da itzulpengintza, eta ez dugu euskara olioztatzen segitzea beste erremediorik bizirik iraungo badu etorkizuneko oroitzapenetan.

Hizkuntzaetxe eta babes.

Hizkuntzak ez du nire beharrik. Nik sentitu eta bizi behar dut haren beharra. Nire adinean, areago, hasten naizenean hitz arrunt bat gogoratu ezinik. Gainera erdi gorra naiz aspalditik (erdi bakarrik?, aterako zaio lagun bati baino gehiagori). Hitzak irakurrita entzuten ditut orain ondoen, ez dut idatzia barne-hots bihurtu beste erremediorik. Barruan eta barrutik.

Uste dut horregatik ere entretenitzen naizela geurtz bezalako bitxikeria ustez garrantzi gabeen peskizan. Baina Austerlitz nobelara itzuliz: narratzailea ari delarik deskribatzen aspaldi erabili gabeko gelatxo batean gordeta dauden argazki-pelikulen kaxa batzuk (nobelan deskribatzen diren objektu, kale, eraikin eta paisaien argazki zahar asko ageri da liburuko orrietan), esaten du Jacques Austerlitzek: «gauzen formak eta biluztasunak erakarri ninduten batik bat». Protagonistak gauzen formak dioen tokian jarri hitzen formak: hiztegien orri-pasa nabilelarik sorpresen bila, hitzen formak eta biluztasunak erakartzen naute. Geurtz biluzik dago hiztegietan, eta, itxura batean, hautsak hartuta, nahiz oso praktikoa den hitz bakarrez osatutako denborazko izaeren serie bateko katebegia delako iaz eta aurten-ekin batera.

Aski segur, ez dugu hitz zaharra gure jardun berri noranahikoetan integratuko. Edo agian bai, nork daki. Lehen, orain, gero. Atzo, gaur, bihar. Iaz, aurten, geurtz. Ahaztua genuen pieza bat erantsiko genioke denboraren anfora hautsiari. Hitzak errespetatzea eta maitatzea, baita ustez garrantzi gabeenak ere, bada hizkuntzaren arkitektura errespetatzea, eta hizkuntzaren arkitekturarekin, elkarbizitza eta mundua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.