Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Etxean esklabo

2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Hitza ez zen xaloa.

Ama hizkuntza, bertakoa, propioa, etxekoa, herrikoa, jatorrizkoa, indigena, autoktonoa, tradizionala, nazionala, natiboa, tokian tokikoa...

Askotariko espresioak baliatzen ditugu inposatzaileak edo/eta hegemonikoak ez diren hizkuntzak izendatzeko. Bakar bat ere ez da ez zehatza ez xumea. Lehendabizikoak ama du ardatza; bertakoa izateak, geografia; propio hitzaren jabetza-kargak enbarazu egingo dio bati baino gehiagori; etxekoa izatearen metaforak mugatu egiten du espresioaren hedadura. Eta abar. Baliagarriak dira guztiak, testuinguruen arabera noski: ugaritasuna noiztik eta zergatik da txarra dena galtzeko beldurrez bizi den hiztunarentzat?

Bernakulo hitza ere sartzekotan egon naiz hasierako zerrendan: orain hirurogei urte, Vatikanoko I. Kontzilioak hizkuntza bernakuloak lehenetsi zituen (bertakoak, tokian tokikoak...), eta, egun batetik bestera, tokian tokiko hizkuntzek latinaren tokia hartu zuten, hainbeste mendez huraxe baliatu ostean elizkizunetarako. Nik dakidanez, lehendabiziko aldia zen nazioarteko erakunde batek —mundu osora zabaldutako erlijio batek kasu honetan— tokian tokiko hizkuntzak onartzen zituela bere jardun nagusirako. Ordu arte, apaizak kenduta, apenas zen eliztarrik latina ezagutzen zuenik, baina jendeak naturaltzat jotzen zuen elizan sartu bezain laster latina entzun eta latinez erantzun beharra. Introibo ad altare Dei apaizak, eta Ad deum qui laetificat eliztarrek. Jendeak ez zuen ulertzen betiko kalamatrika hura, baina onartua zuten: liturgia zen, misterioa zen, esoterikoa zen...

Jorge Oteizak zorrotz salatu zituen latinaren mozorroa eta funtzioa. Eskultorearen esanetan, latinak «mezua ezkutatzea zuen helburu eta misterioren inpresioa barreiatzen zuen, jendeak ez zuelako ulertzen». Jendeak, ordea, onartu egiten zuen misterioaren petxa sakramental hura: salbazioak merezi zuen nonbait hori eta gehiago.

Bernakulo hitzak, aldiz, itsusi amorratua izan arren, harrotasunez betetzen zuen fededun euskaltzaleen ahoa. Oso gutxi iraun zuen, ordea: une jakin batean arrakasta handia izan duen hitz eta espresio asko bezala desagertu zen bernakulo hitza ere gure hiztegitik: Kontzilioaren aireak ekarri zuen eta sekularizazioaren haizeak eraman. Hitzak ez du arrastorik utzi hiztegietan, bi agerpen apal baino ez 'Ereduzko prosa gaur' corpusean.

Esklabotza modernoaren aroa.

Kontziliora arte, latina; kontzilioaz geroztik, hizkuntza bernakuloak. Etxekoak, herrikoak, bertakoak. Hizkuntza bernakuloen saskian sartu beharko genituzke gaztelania edo frantsesa ere? Galderak hiztegietara eraman ninduen, ezer berezirik topatzeko esperantzarik gabe, denbora-pasako kuxkuxeatze hutsean ia.

Espero ez nuen sorpresa handi batekin egin nuen topo, bernakulo hitzaren etimologia ez baita mamirik gabea: etxe edo jauretxe batean jaiotako esklaboak (vernak) ziren nonbait bernakuloz mintzo zirenak. Nagusien etxean bizi ziren bernakuloak; guztiz etxeko izan gabe, ordea.

Esklabo, menpeko, jopu...

Bernakulo hitza itsusia izango da, baina iradokizun askorako ematen du. Adibidez, neokapitalismoak eragindako esklabotza modernoaren hainbat aurpegiz eta mekanismoz mintzatzeko: pantailak eta telefonoak kate bihurtu zaizkigu; diruaren gurtzara garamatza orok; ordutegiak ez dira herdoiltzen, gero eta elastikoagoa da lanerako denboraren goma; peccata minuta dira oinarrizko lan-eskubideen urraketak, etengabeak sexuaren araberako diskriminazioak... Hizkuntzen arteko harremanei dagokienez ere, aldez edo moldez, hizkuntza hegemonikoen bernakulo gara, esklabo.

Eta hartan eta halakoetan nenbilela, oroimenak klik egin zuen nire baitako pantailan eta berripaper honek aste batzuk lehenago argiratutako albiste baten aurrean jarri ninduen: «Maiatzetik hona ETB2k 139 film eman ditu; bakar bat ere ez ETB1ek». Albistea irakurri nuen egunean esklabo sentitu nintzen. Albistea gogoratze hutsak berriro inarrosi zidan barrua, berriro sentitu nintzen esklabo etxean. Bernakuloa nintzen neu ere, hitzaren zentzu zaharrean.

Bi leiho desberdin.

Bahituta daukagu hiztun batek hain beharrezkoa duen irudimena eta bahituta dauzkagu irudimena hornitzeko hain beharrezkoak diren baliabideak; leihoak itsututa dauzkagu menpekotasunaren pertsianekin, ez dugu itsumenetik libratzeko premiarik sentitzen, ez diogu biderik zabaltzen han-hemen asmatutako istorioak entzun, ikusi eta gozatzeko aukerari, ez dugu nonbait jakin nahi gure hizkuntzaren mundua zabaltzeko beharrezkoa dugula beste hizkuntzetako munduak gure hizkuntzara ekartzea. Bada, berripaper honek zekarren albistearen oroitzapenak—egoera larri baten alerta-deia zen— larrutik ordaintzen duguna gogorarazi zidan berriro: etxeko nagusiek, nahita zein baldarkeriaz, zabalik dute hemengo leiho propio bat, euskararena, etxeko hotsak entzun eta etxeko irudiak ikusteko baino ez nonbait (oro har eta salbuespenak salbuespen). Euskal hiztunoi —bernakulo esklabooi— bost axola zaizkigu nonbait munduko istorioak eta ikuskizunak, munduaren memoria, munduaren arnasa. Telebista publiko baten bi leiho ditugu. Erraz —nahi gabe ere bai— bereizten ditugu biak. Baina bi leihoen arteko desberdintasuna ez da soilik hizkuntzarena. Eredu, tonu eta estetika, edukiak eta filosofia, eta, azken finean, munduaren proiekzioa ez dirudite irizpide bateratu baten emaitzak. Ez dakit inoiz egin den inkestaren bat bi pantailek Euskal Herriaz ematen duten irudiaz, zenbateraino eta zertan diren desberdinak.

Post scriptum.

Artikulua zuzentzen ari nintzela jakin nuen Gasteizko epaile batek ume bati Hazia izena jartzea debekatu duela. EAEko hizkuntza hegemonikoaren parametrotik begiratuta, noski. Nondik bestela? Hizkuntza esklabo batetik, nahiz hizkuntza esklabo hori ere ofiziala den EAEn?

Artikuluarekin hasi nintzenean irekita utzi nahi izan nuen hizkuntza gutxituei deitzeko moduen zerrenda. Bego orain itxita:

Ama hizkuntza, bertakoa, propioa, etxekoa, herrikoa, jatorrizkoa, indigena, autoktonoa, tradizionala, nazionala, natiboa, tokian tokikoa, esklaboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.