Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Tomasa, emalarguna

2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Bisigua. Neguko arraina, Herioren laguna. 1935eko arrantzaldian, otsaileko seian hain zuzen, itsasoaren indarrak hondora bota du Juan Bautista izeneko bapora, Mundakakoa. Bost gizon karel artean, bostak galduak. Ontzia azkenengoz ikusi zutenek, Bermeokoak eurak, Okerantza izeneko kalan begiztatu zuten, Matxitxako aurrean alegia. Topatu dutenean hutsik topatu dute.

Garaia, naufragio horrena, historikoa da berripaperen aldetik. Horietan, letrak ez ezik, argazkiak ere ugari ageri dira. Tamaina txikiko Leika eta Contax kamaren erabilgarritasunari esker gehien bat. Halaxe, Mundo Gráfico izenekoak naufragioari orrialde oso bat eman dio otsailaren 13ko alean; hamaika argazki eta ehunen bat hitz. Arratsalde askotarako berba-gaia, baita irakurtzen ez dakitenentzat ere. Argazkien egilea Adolfo Espiga bilbotarra da, argazkilarien egiletza eskubideen aldeko ekintzaile porrokatua. Hau, baina, beste zahagi bateko ardoa da.

Argazkian bidez Mundo Gráfico-ko orrialdeak proposatzen zuen narrazioa, edo irakurkera, klasikoa da. Tragediaren lekua —Mundakako barra zitala—; ontzia bere edertasun beteenean, hots, egunen batean itoko diren bost gizonak eta ontziaren jabea —antzezleak— San Pedro egunean dotore jantzita; pertsonaietako lau argazki banarekin, ziurrenik kofradiako erroldarako eginak; portua tragediaren ostean—hondoratzea ezin eman eta, ezinbesteko elipsia—, ontziek mastetan lutozko oihalak ageri dituzte; itotakoen baten familia —lanturako koruetako bat—, aita-amak eta zortzi neba-arreba; beherago beste familia bat —lanturako bigarren korua—, emalarguna gehi lau seme eta alaba bakarra, hau da bost umezurtz; ontziko patroia, gaixorik zelako bisigutan joan ez zena —jainkoei patuaz galde ahal izateko edo— salbatua.

Horraino zerrendak. Euzkadi astekariaren arabera, berriz, beste bat falta izan zen egun hartan ontzian; «Patroiaren semea, Bilbora joana, auzi batek hartara beharturik».Ikusi ahal izan ditudan dokumentuekin bat Bilbora joana zen hura ez zen patroiaren semea, loba baino. Izan zena izan zela ere, Mundo Gráfico-ren narrazioaz ari gara, eta goazan horretara.

«Bost marinel hilik motora baten naufragioan, Mundakan», horixe da narrazioaren titulua, objektiboa. Horren ginean, letra txikerragoetan, horra titulu baloratiboa: «…eta esango dute gero arraina garesti dabilela…».

Irudikatu behar da gero argazkietako familia biak, ito diren gizon biak gogoan hartuta hamazazpi lagun, etxe bitan bizitzen. Lan gaitza, idealizaziorik gabe portuko etxeen tamaina gogoan hartuta batik bat. Itsasoko proletargoaren bizi baldintzak XX. mendeko lehen herenean, inork tesia egin nahi izan baleza ere.

Esan gabe doa haren ostean zer etorri zen. Hileta elizkizunetan politikari ugari, herrian lehendik ere antolaturik zegoen Naufragoen Aldeko Juntak bostehun pezeta eskatu udalari, eta eman honek; horrez gain, beste herrietara zabaldu diruz laguntzeko eskaria; errukia eta dohaintzat hainbat lekutatik. Hots, karitatea.

Ez zen nahikoa.

Alargunek alargun saria eskatu zuten.

Urteak aurrera eta ezer ez, halako batean ailegatu da 1945eko maiatzaren hirua. 1935eko otsaileko hartan galdu zen Jose Antonio Leibar Bilbaoren alargun Tomasa Lejarragari aitortu diote, azkenean ere, alargun saria. Eguneko bost pezeta, atzera begirako efektuarekin. Urtea hasi denetik hona, 150 pezeta.

Tartean hiru bat urteko gerratea izanda ere sasoia izan dute goikoek. Espainia Berriko burokrazia infanteriaren pasoan dabil, horregatik. Hamabi urte sosik gabe, eta bost seme-alaba aurrera atera beharrekoak.

Bost baina? Ziur?

Beste hamahiru urte igarota, 1958ko maiatzaren 27an, senarraren heriotzaren akta iritsi zaio Tomasa Lejarragari. Horretan dioenarekin bat, emakumea lau semeren ama da. Laurak adin txikikoak, dio aktak. Hori sinatu duen bake epaileak ez du zuzen zenbatu. Estatu Berrian adin nagusitasuna 21 urterekin iristen da. Datu zaharretara jo bide izan du, 1945ekoetara.

Hori batetik.

Bestetik, zera, ez ziren ba bost Adolfo Espigaren argazki hartan Tomasaren inguruan kamerari begira adi zeuden txikiak?

Ba ez, bigarren horretan ez dago errakuntzarik. Harako argazki hartako neskatoa, Miren, ez da Tomasaren alaba, uritik—Bilboko umezurztegitik— ekarria baino.

Halaxe esan behar izan dio amak ustezko alabari.

«Ez zara nire alabea eta horreek ez dira zure nebak».

Seme nagusia mutilzahar geratzeko atakan dagoela erabat jabetu denean izan da.

«Josegaz ezkondu behar dozu, edo ostantzean honetatik etxetik urten, zeuk ikusi».

Miren etxe hartan geratu zen.

Bikoteak seme-alaba bi izan zituen.

Ezkontzarena alabak kontatu dit. Erabateko normaltasunez.

«Orduan halantxik izaten zan eta».

Ezagutu nuen Tomasa, baita ere 1935eko naufragioan alargun eta seme birekin lotu zen Zeferina, zeinaren izena eta izana beste baterako dauzkadan gorderik.

Emakume horien sorterrian XIX. mendearen amaiera aldera berrogei ziren alargunak gizonezkoen artean, hirurehun andrazkoetan, eta hemen kontatuei begiraturik, ez dut uste portzentajea oso aldeturik izan zitekeenik 1935ean. Halaxe ba hitza asmatu behar izan dut, ez ditzagun denak alargun kontzeptuaren zakuan berdindu.

Emalargunak.

Zuzena ez bada, zuzendu.

Kalea merezi dute eta, okerrik ez idazteko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.