Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Ezta, Joan Mari?

2023ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Euskaldunon Egunkaria itxi zuten egunean behialako inperioaren loriazko egunen oihartzunak aditu uste izan nituen. Espainiako Audientzia Nazionaleko fiskal nagusi Eduardo Fungairiño jaunaren ahotik, hain zuzen. «Zein tagaloz zein alemanez editatua izan balitz ere, erabakia berbera izan zatekeen». Edo horrelako zerbait esan baitzuen. Ez zen makala izan lapsusa. Espainia Inperialaren sortzailetzat jotzen duten Karlos I.a ez zen alemanez baizik mintzo. Inperioaren hilobiaren gaineko azken harria, ordea, tagaloaren herrietan, Filipinetan, ezarri omen zuten. Omen diot, inperioa oraino erabat desegin ez delako ez ezik, Afrikako hondarretan milaka espainolek, tartean hainbat euskaldunek, odola hareaz eta lokatzez bildurik utzi behar zutelako ere.

Zalantzarik ez daukat, Fungairiñori Euskaldunon Egunkaria-ren edukiak norbaitek pasatu beharko zizkion gaztelaniara. Fede txarrez, alafede! Alemanez dakienetz, auskalo, azken batean Espainia Berria III. Reichean jarraitu ez izanaren nostalgia baduke eta. Tagaloa ziur ez dakiena.

Tagaloarena muin-mineraino sartu zitzaidan. Gure sorterrian izan zen ba, izan zenez, tagaloz hala edo hola bazekienik. Jose Manuel Etxeita Luzarraga, esaterako.

Jose Manuel Etxeita Luzarragak, 1911.eko urriaren 7an Euskal Esnalea aldizkariko zuzendari eta lagun Mujikatar Gregorioi idatzi zion.

«Manila'n bi euskalduni gertaturiko edesticho bat biraltzen dizut idatzi ontan, nai dezunean argitaratzeko», diotsu. Ipuina aldizkariaren 1912ko urtarrilaren 31an argitaratu zen. Hona hemen 'Negar Atsegintzuak Sortaldean' narrazio hartako azken lerroak:

Elizkizun ederrak egiten ziran eliza orretan Iñazio Deuna'ren egunean, eta euskeldun bat joan zan Mesa nagosia entzutera. Ikusgarriak izan ziren elizkizunak, eta amaitu zirenean urten zan kalera. Kalean ikusi eban beste euskeldun adiskide bat elizatik urteten, negar malkoak eriozala, ta itaundu eutsan:

¿Zer jazoten yatzu Zugatzeta?

¡Eta zuri Amillaga, negargura diran begiakaz?

Ezebez Zugatzeta, bizi-izteko onetako biotzikarak.

¿Entzun dozu zein ederto abesau daben emeko erritar mutillak, Iñazio Deuna'ren iibilneurria euskeraz?

Euskaldunak baizen ondo; arriturik egon naz».

Gutunean hitz argigarriak esan zizkion marinelak apaizari.

«Ni izan nintzan bietarik bat».

Tagalotik euskarara, ez ote zen han Fungairiño fiskalaren parekorik?

La Vanguardia egunkaria. Bartzelona. 1897ko maiatzaren 14a. Ostirala. Atzo Polavieja jenerala iritsi zen Bartzelonako. Filipinetatik, bai.

«Duela sei hilabete Filipinetan Espainiaren subiranotasuna berrezartzeko xedez haiexetara abiatzekotan zelarik agurra eskaini zion hirira itzuli da, garaile eta koroaturik itzuli ere».

Jenerala Leon XIII izeneko ontziak ekarri du. Hots, iragan 1896ko abenduaren 6an ontziraturik haietara eroan zuen berberak. Bada, bai. Ez ditu ezta sei hilabete ere egin hango Kapitan jeneralaren karguan. Dioena dioela La Vanguardia-k, dimisioa jo du. Karguan izan den bitartetan —itsasoan zelarik eman zioten, abenduaren 8an—, handiak egin omen ditu. Historiarako gorde dena, beharbada, Jose Rizali indultua eman ez izana da. Hilaren 30ean fusilatu zuten.

Jose Rizal haren lan nagusiak diren nobela biak —Noli Me Tángere eta Filbusteros— gaztelaniaz idatziak dira. Ez dakit hala ere Polaviejak —Fungairiño idaztekotan izan naiz— irakurri zituenetz. Irakurri baldin bazituen ohartuko zen idazlearen suhartasuna norainokoa zen, eta zein kutsakorra. Nire neuri ere bihotza piztu zidaten lehenengoz irakurtzean. Horra Filipinak eta Filipinetako gaitzetako batzuk, hemengo kolonizatzaileak hangoaz aberastu ziren XIX. mendean. Fusilatuko ez zuen ba, Polaviejak! Baita haiek alemanez zein tagaloz idatziak izanik ere.

Gerlaria zen Polavieja, ez zuen bolbora apur baten usainak izutuko. Marokoko gerran, Karlistadetan, Kubako Gerra Txikitan eta, azkenik, Filipinetako matxinadetan izana, 'El vencedor de Cavite' ziotson La Vanguardia-k.

Portuan heroiak Barraquer medikua dauka zain. Ikusmenaren egoera miatu eta, horixe, bai, larria. Lehenago begiratu izan balu! Jose Rizal medikua zen eta, 1892an Dapitan aldera deportatu zutelarik, hartan izan artean oftalmologo jardun zuen.

La Vanguardia-ra itzuliz, Polaviejaren etorreraren kronikak badakarkigu ustekabekoren bat ere. Berripaperak dakarren pasaiari-zerrenda luzean José M. Echeita eta Ceferino Portuondo diraaipaturik. Hots, garai bateko Echeita&Portuondo Konpainiako bazkide eta jabe biak. Ez da hori baina ustekabekorik handiena. Beste hainbat pasaiari buruzkoan haien karguak eta beste aipatu zituelarik zertan ez zuen idatzi 'José M. Echeita, antiguo alcalde de Manila'?

Ez zelako izan? Koloniaren garaian,Manilako azken alkate, 1895-1897 tartean Rafael Pérez Samanillo egon zen. Hipotesi legez, gure sorterrikoa Manilako auzune bateko alkate ez ote zen egon plantea daiteke.

Bada, horri buruzko beste daturik ez dagoen bitartean hori egiazkotzat jotzen duten aipamenetan omen partikula sartu beharko.

Eta behin gure idazle urrun abesturikoen biografietan sartuta, ondo legoke Filipinetako harako eliza hartan Iñazio Deunaren ibilneurriaren bertsioa literatura antologietara pasatzea. Inon topatuz gero, jakina. Nahiz euskaraz, nahiz tagaloz, nahiz bietara, ezta, Joan Mari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.