Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Iratxo elebidunak eta faxismo diglosikoa

2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Nikolasa Atxikallende Iturri andrearen bizitzako zatiak josten mihiztatzen ari nintzelarik, ezustekoan, haren jabetzakoetan militar faxistek ezarri zuten gerrako presoentzako ospitale militarrarekin egin nuen topo.

Ikertzeari ekin nion.

Ingurukoen artean galdetuz lehenik.Internetera joz, bigarrenik, artxibo militarretara joz, hirugarrenik.

Azken horrekin hasita, erantzunak txundigarriak hartu nituen. Ez omen zekiten ezar nik niotsen ospitaleaz. Haatik, Sukarrietako Udal Artxiboetan baziren delako ospitalearekin zerikusia daukaten dokumentuak. Bada, ez zen eta ez da sinesgarria egungo artxibo militarretan haren izatea eta izana erabat ezabaturik izatea. Zegoena zegoelarik, ez zidaten emango.

Zentsura,kito.

Sukarrietako Udal Artxibategikoen artean bada ospitalean hildako presoen zerrenda. Hogeiren bat 1938a eta 1939a artean, hots ospitalea zabalik izan zen artean. Banan-banan begiratu nituen haien heriotza agiriak.

Gehienetan «Mundakako kanposantuan ehortzia» zekarren.

Mundakako kanposantuan ehortzi omen zituzten haien bila herriko Udal Artxibategira jo nuen. Han goian urte tarte hartan ehortzien zerrendan ez zegoen Sukarrietako ospitaleko inor. Hala bada, non ziren haien gorpuak?

Sorterrikoetan aditua den bati egin nion galdera.

Hark zekienez, gorpuak kanposanturako bidean gora eskuineko aldean bota zituzten. Bota, bai.

Nori entzuna zion ere aipatu zidan.

Tamalez informazio haren iturria zen gizona, laurogei eta hamar urtetik gorakoa bera, ez zen hitz egiteko gai. Handik ez luzera hil zen.

Atera nuen konklusioa argia izan zen. Mundakako kanposanturako bidean bada 1938 eta 1939 artean hil zirenen hobia.

Aranzadira deitzea erabaki nuen.

Bi etorri ziren ikustera, gizonezkoa bata eta emakumezkoa bestea.

Hartuak nituen datu apurrak erabiliz hobia, nire ustez behintzat, non bide zegoen azaldu nielarik, tarte batez niotsen huraxe aztertu zuten.

Hango zereginak amaiturik zabalago hitz egiteko parada ukan genuen. Gizonezkoak Pedernales-Bermeo trenbidearen gaia jorratuko zuen balizko liburu batez hitz egin zidan.

Zegoeneko argitaratua zen beste liburua aipatu nion.

Baietz, baina, berek buruan zeukatenliburua gai bakarrekoa izatea gura zutela esan zidan, eta niri, zehazki, aita presoaren semearen bizipenez idazteko eskatu. Baiezkoa eman nion, proposamena Aranzadi izenekotik zetorkidalakoan. 2021a zen.

Egia esan, ez nekien zer idatzi. Nire buruan irudikatu nuen liburuaren mailara ezingo nuen iritsi. Halaxe, hilak igarota gizonak berriz deitu zidanean ezer idatzi gabe nengoen. Ahalegina egingo nuela esan nion.

Eta egin ere egin egin nuen.

Euskaraz idatzi nuen, eta gaztelaniazko bertsioa berek egiteko eskatu nion. Bertsio horri esker zuzenketatxo bat edo beste sartu nituen jatorrizkoan.

Halako batean liburua iritsi zitzaidan. Harritu ninduen hartan ISBNrik ez ekartzeak. Oraingo begiekin ikusita, hobeto horrela. Liburua nork argitaratua zen, hitzaurrea norena zen eta, batez ere, nire testuarekin gertatu beharko zenaz jakin izan banu ez nukeen parte hartuko. Zer esan baina hartan nik idatzitakoaz. Zatitxo bat falta zen.

Gonbidapena egin zidanari esan nion.

Inprentako iratxoak, esan zidan.

Akats berbera dago euskarazkoan bezala gaztelaniazkoan.

Akatsa hurrengo edizioan zuzenduko da.

Antza denez inprentako iratxoak elebidunak dira delako inprentan.

Ez didate bigarren ediziorik helarazi. EAEko liburutegietako katalogo orokorrean leku bakarrean baino ez dut ikusi; Gogora Institutuan. Haatik, PDF euskarrian eskuratu dut, beste iratxo bat lagun. Horretan bai, iratxo elebidunek tu magikoz ezabatu zutena konpondurik, honelaxe dio:

Datetara itzuliz, enkontrua (gure aita preso eta lan behartuetan eduki zuten destakamenduko guardia zibil baten artekoa, liburuan kontatzen nuena laburtuz argitzen dut), izan 1962an zein izan 1963an, maiatzean izan zen. Hil horretan igaro baitzen urte biotan Vuelta Mundakatik. Dena dela ez du ematen (azken) urte horretan izan zenik, ekitaldi faxista hartarako La Gaceta del Norte egunkariak atera zuen deialdiak argiro baitzioen:

«Bezperako eguraldia zatarra izanez gero ekitaldia bertan behera geratuko da». «Bizkaia askatzea ekarri zuen bidean mugarria izan zen mendian» Bizkaiko Gobernadore Zibila eta batailako beteranoak ziren gonbidaturik. Gobernadorearen izena Antonio Ibañez Freire zen. Adolfo Suarez haren gobernuetako Barne ministroa izango zena, 1979 eta 1980 artean alegia. Huskeria, baldin eta gogoan hartzen bada División Azul izenekoarekin izan zela, III. Reicharen alde II. Mundu Gerran. Halaxe eroan zezakeen paparrean Burdinazko Gurutzea.

Lehen edizioan Antonio Ibañez Freireren izena eta izana ezabaturik ziren. Iratxo elebidunak langabe geratu izana espero dut.

1984 eleberriko paradigmarantz goazen honetan eta LaGacetadelNorte-ren aleak zuzentzen has daitezen baino lehen gogora ekarri nahi dut egunkariak zioena Bermeoko alkate eta Alferez Provisional Pedro Fernandez Arrienek lehenik gaztelaniaz, ostean «berba batzuk euskaraz, eta amaitzeko ¡Gora Euscal-Erria! eta ¡Gora España! aldarri» egin zuela.

Pena liburuan kontatu ez izana. Zer egin zezaketen iratxo elebidunek faxismo diglosikoaren adibide harekin. Izena ezabatu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.