Iñaki Artola. Baikoko pilotaria

«Inoiz baino motibatuago nago aurrerapauso bat emateko»

Lau eta erdikoaren final-laurdenetan dago Artola. Inoiz ez du pasatu langa hori, eta, aitortu duenez, hori egiteko «irrikan» da. Ezkurdia izango du aurkari. «Gogo handiz» dago «erronka handi» horri heltzeko.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Koronabirusak buruz burukotik kanpo utzi zuen Iñaki Artola (Alegia, Gipuzkoa, 1994), eta nabari da gogoa zuela berriro pilotari sentitzeko. Motibazioa, gogoa, gosea... Halako hitzak aipatu ditu une oro.

Egin duzu lehen egitekoa lau eta erdikoan: final-laurdenetan zaude. Pozik?

Bai. Niretzat garrantzitsua zen lehen partida irabaztea, aurrekoetan gutxienez final-laurdenak jokatu bainituen. Inoiz ez naiz pasatu hortik. Horregatik, aurten, helburua da aurrerapauso bat ematea, eta langa hori gainditzea. Aurreneko neurketa galdu izan banu, aurrera egin beharrean, atzera egingo nuke. Banuen presio hori, baina ondo kudeatu nuen. Gustura nago egin nuen partidarekin.

Jokoz baino gehiago, ofizioz irabazitako partida izan zen?

Hala da. Peña oso pilotari arriskutsua da, baina nik baino esperientzia gutxixeago du halako neurketetan, eta banekien hori aprobetxatu behar nuela. Ez zen izan tanto borrokatu askoko lehia, tanto bakoitzeko bizpahiru pilotakadakoa baizik. Tentsioduna izan zen, eta halakoetan zerikusi handiagoa izan ohi du buruak sasoiak baino.

Koronabirusa izan ondoren sasoi bete-betean ez zaudela kontuan hartuta, aukeran nahiago halako lehia bat eta ez borrokatu eta luze bat, ezta?

Niretzat partida ideala izan zen. Espero nuen lan asko egin beharko nuela, eta kezka nuen nola ariko nintzen. Izan ere, nahiz eta sentipena izan ondo zaudela, entrenatzen ez baduzu gorputza behartzen partidetako ahalegin eta mugimenduetara, arriskua dago min hartzeko. Entrenamendu gogorra egin nuen aste barruan, eta igarri nuen hanka pixka bat kargatzen zitzaidala. Kezka horrekin joan nintzen frontoira, baina mesede handia egin zidan lehia laburra izateak. Horri esker, aste honetan ere gogor entrenatu naiz, eta ondo amaitu dut lana. Aurreko astean oso berde nengoen, baina espero dut partida honetara ez joatea kezka horrekin.

Denetarik entzuten da koronabirusa pasatu dutenen artean. Zuk nola pasatu zenuen?

Dezenteko astindua eman zidan. Lauzpabost egunetan izan nuen sukarra, baita beherakoa ere; dastamena erabat aldatu zitzaidan; neke handia izan nuen hanketan... Gripe arraro baten modukoa izan zen. Bost bat egun txar pasatu nituen, eta hiruzpalau kilo galdu. Niretzat asko da hori. Bi kilo hartu ditut jada, eta erabat osatuta nago.

Lesioekin zorterik ez, eta hori ere harrapatu behar?

Bai, motel! Nire sentipena da beti badudala zerbait. Pentsatzen dut beste kirolariak ere hala ibiliko direla. Nire ustez, horrelakoa da kirol profesionala. Gure lana da partida batzuk jokatzea eta lehiatzea. Guk ez dugu erabakitzen noiz jokatzen diren txapelketak, eta, azkenean, denborarekin, psikologikoki ohitu egiten zara horren ondo egon gabe lehiatzera. Egongo da oso lesio gutxi izaten dituen kirolariren bat, baina ingurukoak, behintzat, oso gutxitan lehiatzen dira erabat ondo egonda. Hasi berritan edozein min txiki izan eta buruari bueltak ematen hasten zara, eta horrela oso zaila da zurea ematea. Baina urteekin, ohitu egiten zara baldintza erabat onekin ez lehiatzera.

Kolpea izan zen buruz burukotik kanpo geratzea?

Bai, ondo ari nintzelako, konfiantzarekin. Mastersean, adibidez, kolpe onarekin nengoen. Faena izan zen kanpoan geratzea. Gainera, gogoa dut banakako partidetan aurrerapausoa emateko. Binaka bitan jokatu ditut finalerdiak, eta Mastersa irabazi dut, Rezustarekin. Baina ez dut oraindik maila hori eman banaka. Ez naiz lehiatu oraindik onenekin punta-puntan. Buruz burukoan nuen asmoa hori egiteko, eta ezin izan nuen, baina orain beste aukera bat dut.

2004an, debuteko urtean Promozio Mailako lau eta erdikoa irabazi zenuen, finalean Jokin Altunari 22-8 irabazita. Hura gailurrean dago aspalditik. Atzean geratu izanaren sentipena duzu?

Ez. Antzeko adina dugunez —26 ditu Artolak, eta 24 Altunak— eta batera debutatu genuenez, ingurukoek eta pilotazaleek konparatu egiten gaituzte, baita Irribarriarekin ere. Konparazio horrek ez dit batere onik egiten, eta, gainera, ez da erreala. Oso-oso noizbehinka ateratzen diren pilotariak dira Jokin eta Iker. Nire jokoari erreparatzen diot, konparazioak alde batean utzita eta emaitzak gehiegi kontuan hartu gabe. Urtean zehar zer-nolako maila ematen dut, horri erreparatzen diot, eta ikusten dut, nahiz eta lesioengatik urte batzuetan txakalaldi handiak izan ditudan, orokorrean goraka egin dudala. Nire ustez, nahiko ona da egin dudan bidea.

Erik Jaka eredu izan daiteke? Urteak behar izan ditu gora iristeko.

Jaka eredu da. Ez da beste batzuk bezala zuzenean punta-puntara iritsi, baina beti sinetsi du bere aukeretan, eta orain, bere ibilbideari erreparatuta, argi ikusten da oso pixkanaka bada ere beti joan dela hobetzen. Eta nire helburua hori da: pausoz pauso, nahiz eta txikiak izan, aurrera egitea. Norbaitek senti dezake jada bere burua erabat zukutu duela, eta ez duela gehiago hobetzeko, baina ni sinetsita nago hobetu dezakedala. Gauza asko ditut hobetzeko, eta lanaren poderioz hobetu daitezke. Hasi nintzenean baino pilotari hobea naiz, eta espero dut hemendik bost urtera hobeagoa izatea.

Jakak aitortu zuen final-laurdenetan Mikel Urrutikoetxearen gisako «izar» bat kanporatzea «mugarri» izan zela bere buruarengan sinesteko. Halako baten esperoan zaude zu?

Urrutikoetxeari eta Bengoetxeari irabazitakoa naiz Nafarroako lau eta erdikoan, iaz. Niretzat Mastersa irabaztea izan da mugarria. Izan ere, nahiz eta zuk zeure burua ondo ikusi, ez baduzu sekula emaitzarik lortzen, burua lanean hasten da:ea zer falta zaizun, ea zer aldatu behar duzun irabazteko. Behin emaitzak iristen direnean ikusten duzu zure jokamoldearekin, zure dohainekin, zure lan egiteko erarekin, azken finean, zure jokoan sinetsita, emaitzak lor ditzakezula, posible dela eta bidea hori dela. Hori sentitu dut Mastersa irabazita. Beñatekin aritzeak, gainera, asko errazten du lana.

Igandean txapelduna izango duzu aurkari: Joseba Ezkurdia. Binakako txapela irabazita erakutsi du garai ezin gozoagoan dagoela. Zein sentitzen duzu halako erronka handi baten aurrean?

Tokatu daitekeen kontrariorik zailenetakoa da, zailena ez bada. Baina inoiz baino motibatuago nago aurrerapauso bat emateko. Nire helburua baldin bada egunen batean txapel bat irabaztea edo lehian egotea, ez dago begira ibiltzerik nor tokatu zaizun. Orain Ezkurdia ez bazitzaidan egokitu, hurrengoan izango zen, edo hurrengoan. Txapeldun izan nahi duenak ondoen dagoenari irabazi behar dio berandu baino lehen.

Non ahal diozu min egin?

Baldin badakizu, esadazu [barrez]. Finalean asko jokatu zuen, eta bikain ari da, baina egunetik egunera aldatzen dira gauzak. Ez dakigu nola ariko den igandean. Oso konpletoa da. Horregatik, nik nireari erreparatu behar diot. Nire jokoa egiten badut, lanak emango dizkiot. Oso motibatuta nago.

Behin eta berriz diozu oso motibatuta zaudela.

Hala baita. Gaitzak ere badu alde onik, eta koronabirusa izan ostean, pilota gosez nago, sekulako motibazioarekin. Pasatu izan zait denbora luzez geldirik egon eta itzultzean inoiz baino hobeto jokatzea. Ez duzu halako saturazioa.

Antzeko zerbait esan zuen Jakak buruz burukoa aurkeztu zuten egunean. Ez da aurrekari txarra, ezta?

Sinatuko nuke! Argi geratu da pilotan ere funtsezkoa dela buruko faktorea. Oso garrantzitsua da frontoira alai eta gosez irtetea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.