urtzi urkizu
KURSAALEKO ZUBITIK

Nerabeen ahotsa

2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Zubian bi neska nerabe ikusi ditut, Alejandro Amenabarren La Fortuna telesaila promozionatzeko jarri dituzten ispilu borobil handiekin jolasean. «Uretan sartuta ikusten dena La Fortuna-ren izena da», irakur daiteke borobil laminatuan.

Ezin jakin bi neska nerabe horien patua zein izango den. Kontua da heldutasunera iritsi ez baina dagoeneko haurrak ez diren neskak direla protagonista Ines Barrionuevoren Camila saldrá esta noche eta Tea Lindeburgen Du som er i himlen film interesgarrietan. Heldutasunak berehalakoan ekar ditzakeen arazoak badatozkie gainera, oso testuinguru desberdinetan: gaur egungo Argentinan dago girotua Barrionuevoren istorioa, eta XIX. mendearen amaierako Danimarkako etxalde batean bigarrena.

Iraultzailea eta askea izan nahi du Camila saldrá esta noche-ko neskak, nahiz eta horrek bultzatzen duen zenbaitetan ama gaizki tratatzera. Erditze zail baten erdian dago Danimarkako filmeko protagonistaren ama, eta alabak sentimendu kontrajarriak ditu, pentsatzen baitu gaiztoa izan dela, eta ez duela ama behar den moduan obeditu.

Bada, halaber, neska nerabea protagonista duen beste lan aipagarri bat: Mikel Gurrearen Heltzear film laburra. Venezian lehiatu ostean, Kimuak-eko katalogoko proiekzioan eskaini dute, eta Zabaltegi sailean ere ari dira ematen. Kasu horretan, 15 urteko neska baten off-eko ahotsa entzuten da. Eskalatzen aritzen den neska bat anaiari gutun bat idazten ari zaio. Ikuspuntu iradokitzailea du lanak, eta funtsean, erakusten du ez direla hain desberdinak Euskal Herrian, Argentinan, Danimarkan edo beste edozein tokitan nerabe batek izan ditzakeen barne kezkak eta sentimenduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.