HIRUKO (H)ITZA

Hizkera diferentean mundua ere diferente

MAITE MUTUBERRIA

Anjel Lertxundi -

2019ko ekainak 2
Ni naiz horko hori.

Iragan mende-hasiera Triesteko Berlitz hizkuntza eskolan. Ikasleen artean, Adan Ettore Smithek bakarrik daki ingelesa irakasten dien hesola tentea idazlea dela, Dublindarrak arrakastatsua idatzi duela. Ingelesa irakasteaz gainera, James Joycek italiar literatura garaikideari buruzko komentario zorrotz hotzak egiten ditu sarri samar. Aldian behin, Ettorek, lotsa gainditurik, bere iritziak ematen ditu. Beren arteko harremana xumetasun horretan geratuko zen, baldin, goiz batez, Joycek eleberri bat utzi izan ez balu Ettoreren mahai gainean. Senilitá (Zahardadea). «Italo Svevo izeneko batena da. Irakurri beharko zenuke. Italiako gaurko literaturan interesatu zaidan idazle bakarra da». Ettorek ez daki burua non sartu. Kabitu ezinaren bebarrutik atera zaizkio hitzak «Ni naiz horko Italo Svevo hori. Nire goitizena da». Laster, Berlitz eskolako kontratua bukatzen zaio Joyceri eta Parisera itzultzen da. Gutun bidez eutsiko diote harremanari.

Handik urte batzuetara, Paris-Milano-Trieste trenak pakete handi samar bat dakar Svevorentzat. Paketean, Joyceren Ulysses. Trieste-Milano-Paris trenak antzeko pakete bat darama Joycerentzat. Bertan, Svevoren La conscienza di Zeno.

Maite Lopetegik Bidaia sentimental laburraren itzulpenari erantsitako hitzaurreak Svevoren gutun baten zatia dakar:

«Nire argitaratzaileak Zenoren kontzientziaren ale guztiak bidali dizkit. Nik —megalomano honek— gehiegi eginarazi nituen. Ganbaran daude pilatuta eta halako pisua dutenez nire ohe gainean amil daitezke... liburu horiek hegalak izan ditzakete [...] besterik ez bada ere, nire ondoren alde egiteko».

Porrotaren aitorpen garbiak dira: Sve-vroren liburuak apenas diren saltzen. Halako batean, ordea, miraria gertatzen da, Joycek Zenoren kontzientzia atera du zulotik: Gallimard etxe entzutetsuak argitaratzen du frantsesez. Nobelak berehala izango ditu kritika onak eta arrakasta, oihartzunak laster iritsiko dira Italiara eta Svevok karanbola horiei esker lortuko du italiar irakurleen estimua. Etxean galtzaile, kanpoan errekonozitzen duten arte: eskema ezaguna da.

Marmorezko hilarriak.

Svevok Italian arrakastarik ez izanaren arrazoia ez zen, ordea, literarioa. Ez, behintzat, testu baten izaera literarioa komunzki ulertzen den moduan. Italiera batasunaren bidea egiten ari zen, ez modu akademiko batez programatuta, baizik toskanerak historia literarioan zehar lortutako itzalaren abaroan. Baina Triesteko dialektoa urruti dago toskaneratik, eta Svevok idatzi dituen nobelek kritika txarrak izan baditu, darabilen italiera kaskarrarengatik da batez ere. Kritikoek diotenez, Svevoren idazkuntzak akats gramatikal asko ditu, ez du toskanoa menderatzen, handia da dialekto triestinoaren itzala (aski ulergaitza Triestekoak ez diren irakurleentzat). Labur esanda: Svevoren prosa ez omen dotorea. Gainera, haren nobeletako gai nagusia, ia bakarra, zahardadeko ajeak deituko nukeena, ez da batere erakargarria irakurleentzat. Ai, baina! Zahardadeko ajeen gaia aitzakia da zibilizazio gero eta zaharrago batez aritzeko: Trieste larrutik ordaintzen ari da beti bizi izana inperio austro-hungariarraren mugan eta haizete historiko guztien zurrunbiloaren ahoan, gaur honen menpe eta bihar beste baten mende, identitate bila «nor naiz eta noiz arte» galdezka beti. Svevoren estilo hautsiak mundu gero eta hautsiagoa islatzen du.

Coetzeek dio Svevok gutxietsi egiten zuela triestera: dialettaccio deitzen zion Svevok, dialektotxoa; linguetta ere deitzen zion, azpi-hizkera. Baina, Coetzeeren ustez, dialektoak Svevori eragiten zion erdeinua ez omen zen sentitua. Uste hori indartzeko idazle hegoafrikarrak Zenoren kontzientzia nobelako pasarte bat aipatzen du. Bertan, Zenonek dio:

«[Arrotzek] ez dakite dialektoan mintzatzen garenontzat zer den italieraz idaztea [...] Toskanoan esandako gure hitz bakoitzarekin gezurretan ari gara!».

Svevo ari da Zenonen ahotik. Arrotz urruna egiten zaio toskanoa; burura borborka etorritakoa bridatu behar du, itzuli, bereak ez diren hitzekin esan, bat-batekotasuna sakrifikatu. Eta operazio horien ondoren, idatzi duenari ez dio esan nahi zuena entzuten.

Hirurogei urte geroago Primo Leviren Sistema periodikoa nobelako narratzaileak dio piamonteraz mintzo den bezero batez: «Piamontera hizkuntza mintzatua [da] funtsean, eta gure italiera marmolezko hau, berriz, hilarriak idazteko egokia». Zeinen edo zeren hilarriak idazteko, ordea, ez bada dialektoenak?

Munduaren esklerosia.

Svevok toskanoa dioen tokian zilegi da italiera irakurtzea: euskara batua eta gipuzkera berdintzea bezala da gutxi-asko. Hari horretatik tiraka, aukera franko dago euskararen egoeraz aritzeko, batuaren eta euskalkien arteko harremanez jarduteko —linguistikoez, literarioez eta baita sentimentalez ere—. Halaber, badago aukera franko hausnarrerako: komeni da auzia parametro estetikoetatik ere aztertzea, euskalkia gihartsuki landu izan dutenek, iparraldekoek bereziki, batuarekin sentitzen duten arroztasunaz hausnartzea: Orpustanek Proust itzultzen eginiko lan erraldoia dut gogoan.

Halaber, gaiak ematen du jarduteko Coetzeek seinalatzen duen beste auzi interesgarri batez ere. Idazle hegoafrikarrak dio Svevoren italieraren ezagutzari buruzko polemika ez dela italiarrena soilik, planteatzen omen du itzulpengintzaren printzipioen funtsezko auzi bat ere: «[Svevoren] akatsak, zeintzuek hizkuntzaren espektro guztia hartzen baitute [...], erreproduzitu egin beharko lirateke itzulpenean edo isilpean zuzendu? Edo, galdera kontrara formulatuz, itzultzaile batek zein modutan transmititu dezake, ez bada prosa-hizkera propio lodi baldar batez, Montalek 'Svevoren munduaren esklerosia' deitzen duena, zeina, hain zuzen ere, bere hizkeratik beretik jaiotzen baita».

Nahita zein nahi gabe, aurkikuntza berri baten aurrean jarri gintuen Svevok: prosaren anabasatik kontatu zigun munduaren anabasa. Edo, galdera baten moduan planteatuta: ondo antolatutako hizkera aratz batek, barne-borrokarik gabeak, bihurritzen ez denak kanona ez birrintzeko, halako hizkera ondo lotu batek zenbateraino ez du de facto ematen mundu ondo egin baten berri?

Ez omen dago aldaketa literariorik ez denik hizkera diferente baten eskutik etorri.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna