Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Aldamioari eusteko lau hanka (edo bost)

2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Salamancara nindoalarik, bidean nuen pentsatu.

«Euskaldunak gara» esaten dugunean, zer da zehazki markatu nahi duguna? Lurralde jakin bateko herritarrak garela ala euskaraz egiten dugula? Euskaraz egiten dugunok ez gara letren, testuaren herri izan: besteengandik bereizten gaituen odolari, edo ama lurrari, edo foruari egin diogu gorazarre. Mendeari mende eta salbuespenak kenduta, hizkuntzak baino guztiz gehiago lehenetsi dugu hainbat faktore biologiko edo folkloriko: euskara momia bihurtzeko bidean, haren zaharra laudatzen genuen, haren zaharrak eman digu euskara baztertzeko koartada: ez omen zuen (ez omen du) mundu modernorako balio.

Bada koartada gizentzeko argumenturik: diglosiak itota, arrisku-olde mutanteek inguratuta bizi da euskara. Elebitasun arrunt desorekatuaren jario etengabeak egunero areagotzen du euskararen ahuldadea. Lotsa eta konplexu suizidek gainezkatzen digute hiztun-kontzientzia...

Horren guztiaren kontrako erremintarik behinena, eskola omen. Eskolak behar luke. Baina Salamancako eskoletan gaztelania irakasten den gisa jardunda? Han, Salamancako lurretan, haizeek, usainek, ezkaiak eta galeperrek, traktoreek, Tormesek eta eliza erromanikoek, etxeek eta taberna-zuloek gaztelania dakarte airean, mokoan, hiztunen kontzientzia kolektibo asean. Eguzkia behin ere jartzen ez den eremu linguistiko baten babesa du bertako eskolak. Haien moduan lan egin behar du gureak? Hango ikasle batek ez du gaztelania galduko, ezta bizi akademiko osoan eskolatik piper eginda ere. Hemen, aldiz, eskola saiatuenak ere ezin du bermatu ikasle normal batek ez duenik euskara galduko bizitzaren errebueltetan.

Ebidentzia hori kaskezurrean sartuta ez duen eskola bat oso ari da oker. George Steinerrek zioen elkarrizketa batean: «[Hizkuntzaren] irakaskuntza txarra hilketa bat da ia literalki, eta bekatu bat metaforikoki».

Oxala soluziorik banu euskararen irakaskuntza hobetzeko. Debaterako apasta dakart, ordea, aukeran: hamalau (hamasei?) urte arteko formazio garaian, euskarazko ordu guztietan, euskarak izan beharko luke asignatura bakarra. Matematikako irakaslea izan dadila, oroz gain, euskararen irakasle, izan dezala beti gogoan hizkuntza darabilela matematika ematen ari denean ere: ikasleak hitzekin eramaten ditu abstrakziora. Gauza bera gizarte gaietan ere: hitzek deskribatzen dute geografiaren nolakoa, hitzek ematen iraganaren berri. Maisu-maistra guztiak euskara-irakasle zuzen, adierazkor, erakargarri. «Euskarazko irakaslea naiz natura gaietan». Kopetan egindako tatuaje bat baino ezabaezinagoa behar luke konbentzimenduak.

Aldamioaren hankak.

Umea entzuten eta entzuten ari da sabeletik, jaiotzen denean, inoren besotan, negarrez, jolasean. «Maitea, tori titia». Halako batean umeak titia! esan du, hitz solteak botatzen hasi da, irentsi egiten ditu koplak, aliterazioak, egitura estilizatuak... Hitz-txorro bat da, almazen bat da. Laster nahiko du irakurri... Eta idatzi...

Hizkuntza baten aldamioak lau hanka ditu: entzun, esan, irakurri eta idatzi. Bada bosgarren hanka bat ere; ez da ikusten baina oholtzaren bihotza kaltzatzen du: isiltasuna da. Hitzekin pentsatzen dugu, isiltasunaren sakoneran bizitzen ditugu gure zein hurkoaren oinazea, beldurra, abaildura komunikatu ezina.

Nire debaterako proposamenaren haritik, umeak, txorro eta almazen, ez luke besterik egingo matematikako edo geografiako eskola-garaian ere: hitzak metatu bata bestearen atzetik; testuingurua baliatu esaten zaiona ulertzeko; hizkuntzaren maliziak endredatu trufarako; ahotsa baxatu konfidentzietarako... Hamalau (hamasei?) urte arte aritu bedi almazena betetzen, deklamazioa eta oratoria praktikatzen, bertso eta poemak buruz ikasten... Hamalau (hamasei?) urte arte txisteak, albisteak, gutunak, guasapak, ipuinak, musiken letrak, antzerki laburrak, esloganak, bandoak idazten...

Eta gramatika? Utikan? Bo, ongi etorri gramatikari, baina aldamioa kaltzatzeko baino ez. Utikan interjekzio bat dela jakiteko. Bihotzaren bat-bateko sentimenduak adierazteko. Ostia, txo! Ba, bai, ostia! eta txo! ere interjekzioak dira. Eskarmentu linguistikoaren bidez ikasten dugu esandakoa noiz eta non den zuzena, noiz eta zeinentzat mingarri...

Maisu-maistren ereduaz.

Irakurtzea oso da inportantea! Kulturarik gabe, zer? Tururu! Zergatik errepikatzen ditugu behin eta berriro sinisten eta praktikatzen ez ditugun totemak? Botereak, gizarteak, eskolak berak gehien loratzen eta gutxien praktikatzen duten ekimena da irakurketa. Sinesten ez duten apaizak dira sermoi egiten. Ikasleak zenbat irakurle ezagutzen du helduen artean? Noiz ikusten du irakaslea lanetik kanpoko irakurketa librean? Eta gurasoak?

Irakurketa diziplina zaila da. Ohitura behar du, jardunaren jarduna, denbora. Futbolariek edo pilotariek bezala, gutxi-asko. Hori gabe ezin irakurketa sendotu, esfortzurik gabe ez dago miraririk. Horregatik, irakurketa sustatu nahi (omen) dugunez (bitamina omen da adimenarentzat, gustuarentzat, formazioarentzat), zergatik ikasleei ez eman fundamentuzko jakiak hortzak zorroztu eta gustua hezteko, eta ez pure puruak, gustu beti berdintsukoak, bizipozik gabeak?

Ikasleek gaztelania irakurtzen/entzuten dute kalean eta trepeta elektronikoetan. Euskara baino askoz gehiago. Etengabe. Euskarak haien aho-borondateetan iraungo badu, ohiturak eta hizkuntza propioaren gozoa transmititu behar. Ez dago besterik. Eta lasai bitez arduradun akademikoak: hizkuntzaren aldamioko bost hanka sendotzeak ikasleen hurrengo ibilbide akademikoa (unibertsitatea zein formazio profesionala) erraztuko luke.

Jakintzan aurrera egin duen baten atzean askotan dago irakasle bat, hizkuntzaren pasioa eta ikasteko grina transmititu zizkiona. Gure alaben andereñoak koaderno lodi samar bat zeukan pieza literario laburrez betea betea. Alabek koadernoko pieza guztiak dakizkite buruz. Alaben bidez ikasi ditut ezagutzen ez nituenak. Gogoan dugu andereño hura.

Camusek Nobel saria irabazi zuenean gutun bat idatzi zion txikitako maisuari: «Germain estimatua: Zu gabe, ni orduan nintzen ume pobreari luzatu zenion eskuagatik ez balitz, ez nintzateke gaur nagoen tokian egongo [...] Zure ahaleginek [...] eta bihotz-zabaltasunak bizirik segitzen dute zure ikasle ohi honen bihotzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.