Gorka Arrese.
LAU BEGI

Denboraren gurpilean

2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Beribila.

Hogeigarren mendeko traste zabalduenen artean zein den bereziena ez dago esaterik. Zein dauzkazue etxean?: irratia, telefonoa, telebista, disko jogailua, arropa garbigailua, ordenagailua, automobila. Zein da onena? Ez gara ados jarriko.

Eta zein ote da literarioena? Agian... kotxea. Noiz iritsi ote zen autoa gure literaturara? Auskalo.

Eskualduna kazetan 1905eko urtarrilean bertso hauek datoz: «Donapaleu hiritik, Lartzabalen barna / jitekotan omen da garaztarrengana / karrusa berritto bat ber-bera doana. / Ai, ai, ai mutila / hor, hor tomobila». Eta segitzen du: «Zerk darama holako karrusa bipila? / Berekin, diotenaz, tripan badabila / akelartar hetarik bizpahiru mila! / Ai, ai, ai mutila / hor, hor tomobila». Eta abar, denera hamabost ahapaldi baititu.

Kazeta berean, Jean Hiriart-Urrutik 1909ko apirilaren hondarrean, Beribil izenburua jarri zion artikulu bati. Elkarrizketa moldean, hau du hastapena:

—Nahi duzue hitz berri bat emogun euskarari?

—Zer hitz?

—Beribil.

—Zer da beribil?

—Deus ez oraino; bizkitartean, zuek nahi duzuelarik, izanen da zerbait.

—Baina zer?

—Erraiten dautzuet bada, hitz berri bat; izen bat, euskarak ez duena orain arte, eta guk eman diezaiokeguna.

Automobila.

Pedro Migel Urruzunok Euskal Esnalea aldizkarian 1912an idatzi zuen Automobil gauzak kontakizuna; hor ere solasean ari dira, Joxe eta Anton:

—Oraindik ere ez zara automobilean sartu?

—Ez diat uste, bizi naizen artean, sartuko naizenik.

—Hildakoan ere ez zara ba noski sartuko.

—Nerau ez; bestek sartuko nauen, ez zakiat.

Bi mila hitz inguruko Urruzunoren ipuinean kotxea da protagonista.

Batxik (Juan Bautista Bilbaok) kronika bitxiak bidaltzen zituen beti atzerritik. Rotterdametik idatzi zuen 1914ko urtarrilean, han skiting jolasean aritzen direla izotz gainean. «Mila lagun baino gehiago ibili dira Harta Straat kaleko ibaian larrapastaka». Eta hara non, zulo batean sartu ei da emakumezko bat. «Hau ikusirik, badatoz neskatila bi berari helduten, eta berehala honeek be sama-samaraino sartu dira. Han ibili dira hirurak zarataka eta negarrez». Etorri da polizia bat laguntzera, «eta bera be zaust! sartu da; putz nahikoa egiten izan du, baina ezin irten, eta gero sokatxo bategaz atera dabez laurak, sokatxoa automobil bati lotu atzetik eta tiratuta tatarrez. Gero automobil bertan sartuta joan dira laurak».

Toribio Altzagaren antzerki batean,Bernaiñoren larriak, 1915eko abenduan estreinatuan, hizketan dihardute bi andrek:

PILARTXO: Begira; niri, nire senargaiak ekarriko dit automobila.

IÑAXI: Nireak berriz niri, pastel kremazkoa.

PILARTXO: Baina...

IÑAXI: Nolakoa den ez dakien mutila senargaitzat hartu? Nik behintzat, ezagutu gabeko batekin automobilean baino, nahiago dut gustuko batekin oinez.

Modeloak.

Automobiletan bidaiatzen ikusi genituen idazleak 1929ko irail amaierako egun oskarbi batean: Xabier Lizardi, Orixe, Jautarkol, Antonio Maria Labaien, Bonifazio Etxegarai, Gillermo Rekondo, Jose Eizagirre eta Ixaka Lopez Mendizabal.

Donapaleura joan-etorria kronika honela hasi zuen Xabier Lizardik: «Goizeko nagi goxoak ohean nindukala —jaikiko al, ez al?—, telefono hotsa. Neskameak: ¿Quiéeen?... Neskamerik ez da Euskal Herrian telefonoz euskaraz dakienik. Harian barrena ibiltzeko ere lakatza eta baldarra dugu, noski, mintzoa! Baina, horratik, euskarari heldu behar izan dio quién-aren hurrengo. Agidanez deitzailea ez da nornahi».

Beraz, Lizardik telefonoa du Tolosako etxean. (Neskamea ere bai). Nork deitu ote dio? Lopez Mendizabalek. Honek, telefonoaz gainera, inprimategia dauka, eta automobila! Donapaleura abiatu da gizon taldea; «beribil bi daude gerturik», baina ez dakigu nolakoak ziren makina haiek.

Euskal Herrian gerra batzuk igaro eta gero arte, ez ditugu autoen markak irakurriko liburuetan.

Ikusgarria da Txillardegik zekarren mundua Elsa Scheelen nobelan (1967an idatzia, 1969an argitaratua). Dibortzioa, barbiturikoak, belaontzia, txaleta eta igerilekua... Belgikan girotua. Gure literaturako lehen DJ edo disko jartzailea ere nobela horretakoa da: Antwerpen hirian, Metro izeneko pub batean, «neska gazte bat, ilea gorri (...), disko pila bat du bere aurrean, bostehun bat disko, mila beharbada (...), neska horrek aukeratzen ditu entzuten diren ahaireak, bar guztiko altabozak eta tresneria guztia (ez urria) berak gobernatzen ditu».

Tira, goazen gaurko gure gaira: nolakoak dira Txillardegiren nobelako autoak? Simca Aronde urdina (Dubois auzokidearena), Volvo urdina eta Toyota zuria eta Porsche bat (Luc De Potter senarrarenak), Mercedes urdina (Jean Vanden Broeck), Jaguar gorria (Antoine Vanhamme), DS urdin zaharra (Lacoste), Volkswagen bigarren eskuko berdea (Romain). Denak gizonezkoen eskuetan.

* * *

Hurrengo baterako: Juan Luis Zabalaren Sakoneta ipuineko Dyane 6 urdina, Koldo Izagirreren Hiru gurutze ipuineko Renault 9 zuria, Mikel Antzaren Atzerri liburuko Simca 1200 laranja, Xabier Montoiaren Autoen maitalea, Itxaro Bordaren Amorezko pena baño eleberriko kotxe bonbardatua, Eider Rodriguezen Erle begiak ipuineko taxia, Katixa Agirreren Atertu arte itxaron nobelako BMW 1 bluewater, etc.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.