Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

HIRUKO (H)ITZA

Ipurtargi bat Osinagan

EIDER EIBAR Tamaina handiagoan ikusi

Anjel Lertxundi -

2021eko martxoak 7

Gauak bizi gaitu.

Ipurtargi bat ikusi nuen azkeneko aldia, joan zen udan, Osinaga auzoan Iruñetik gertu. Iazko konfinamenduak eragindako ilundurak eraman gintuen bertako landetxe batera mende batzuk lehenago Decameron-eko gazteak ere Fiammetta jauretxera nola: izurriak izua du bidaide.

Afaltzen ari ginen atariko zelaian. Argi txiki fosforeszente bat ikusirik mahaitik metro batzuetara, biloba txikiena eskutik hartu eta bertaraino eraman nuen. Belauniko jarri ginen belarretan. «Argia dauka ipurdian!», irten zitzaion lilura, nik ipurtargi bat zela esan aurretik eta, zutiturik, biloba mahaira itzuli zen korrikaldi baldarrean, albistea oihukatuz senideei. «Ipurtargi bat, ipurtargi bat, argia dauka ipurdian!». Laster nituen denak inguruan, ardaila alaian. Isiltzeko egin nien keinu: mirari txiki delikatuen ekosistemak isiltasuna du habitat naturala.

Ikusten ez bagenituen ere, ipurtargi arrak ez ziren urruti ibiliko, airean jira eta buelta behar zuten, hegoekin argi inarra eginez emea zegoen inguruan. Deigarria egin zitzaidan kontrastea pandemiaren erdian: emeak arrak erakartzeko pizten du argi fosforeszentea. Kopulatzeko, ernaltzeko, bizitza sortzeko, espezieak irauteko. Baina, ordurako, itzalita zegoen harraren ipurdiko argia; pentsatzekoa da gure presentziak ar hegalariak uxatu zituela, berez ederra zitekeen metafora ilunduz harraren argia itzaltzearekin batera. 'Itzaltzen ari den inperio hori argi bat da ala ipurtargi bat?', galdetzen du Borgesen haiku batek.

Ipurtargiak oso efimeroak dira izatez, eta are efimeroagoak hiri, herri, auzo eta errepideetako argi gero eta ugari eta indartsuen eraginez nonbait: gaua ia egun bihurtzerainoko gure obsesioak ez du azkenik. Ipurtargiak guk eragindako beren pandemia partikularra sufritzen ari dira aspalditik.

Efimeroak bizi gaitu.

Umeen lilura eragiten duen animalia txiki efimero askok izen ugari ditu euskal hitzen mapan. Halatsu tximeleta, kilker, matxinsalto, sator, amona mantangorri, triku, zapaburu bezalako hitzek… Hemen triku dena han kirikino da edo sagarroi, denak dira izen gogoangarriak, goizeko ihintz-ttanttak bezain finak. Ipurtargiak, aldiz, izen bakar batekin egiten du mundualdia, ez du bere inguruko beste zamorro askoren ugaritasunik. Gainera, deskriptiboa da bere izena, ez batere poetikoa, izena eta izana bat ditu, eta hitzaren bi osagaietan bigarrenak behar luke izan nagusi, zizare batek argia izatea baita harrigarri, eta ez ipurdi baten jabe izatea. Baina haurrei (guri) ipurdia egiten zaigu deigarri: ipurdia eta, gainera, argiarekin! Argia kopetan izan balu bederen…

Ipurtargia galtzen denean laster galduko da mundu industrializatuan izena geratuko zaigu, baina ez udako gau epeletako belardietan, testuetan eta hiztegietan baizik. Edo izaki fantastikoen ipuinetan, galtzagorrien edo adarbakarraren edo intxisuen konpainia fikziozkoan.

Zer garrantzi duen ipurtargia galtzeak? Has gaitezen galtzen ari garen landare eta animalia-izenak metatzen. Auskalo-mendi puntaraino iritsiko litzateke meta eta are gorago. Hala ere axola gutxi. Imajinatu Pirinioak hemendik hamar urtera. Denbora gutxi da, baina hamar urtetan 12.000 futbol-zelairen neurriko soilguneak geratuko dira gaur pagadiak dauden tokietan, hogei urte barru beste hainbeste alor lehor gehituko zaizkio triskantza horri, Amazonian gertatzen ari denaren antzo, eta horrela joango da soiltzen Pirinioetako basoa baldin ez badugu geldiarazten Florian izeneko italiar multinazionalaren pagadiak ipurditik ateratzeko proiektua. Ez da zientzia fikzioa, berripaper honek eta Argia astekariak emana dute asmo horren berri orain bizpahiru aste. Krimen ekologikoaren bezperan ez dugu eskandalu-hots handirik entzun.

Harroak bizi gaitu.

Goethek mehr licht!, mehr licht! (argi gehiago!) eskatzen omen zuen hilzorian zegoela. Baina haren oihua (laurogeita hiru urte zituen) heriotzaren hurbilak eragina zen, betirako ilunpearen beldurrak.

Mundua hondatzeko gure afanaren atzean, itsutasun berezi bat dago, argirik argienarekin ere ikusi ezin dena. Txikiari, efimeroari, balio krematistikorik ez duenari ez diogu begiratzen, ezta argi berde fosforeszentez jantzita baletorkigu ere. Txikiaren aurrean itsu, munduaren ustezko handitasunak itsu bihurtu gaitu, mundua betirako izango dugula pentsatzeraino itsutu ere. Bitartean, kutsatu dugu airea, kutsatu dugu ura; kutsatu ditugu zeruak eta lur-itsasoetako barrunbeak. Arriskuaz oihuka ari zaizkigu mundua eta ebidentzia, iragarpen gero eta apokaliptikoagoak egiten ari zaigu aditu jendea.

Alferrik, ordea: aski da begiratzea pandemiaren aurrean daukagun jarrera harro, inkontzienteari. Nirea da mundua, nor da inor zer egin behar dudan agintzeko! Harroak bizi gaitu. Ahaztezinak Felix Zubiak orain hiru bat igandeko artikuluan bota zizkigun errieta eta demanda, Xabier Lete gogorarazi zigun profeta-haserre eta guzti: «[…] ea nik zergatik egin behar ditudan ospitalean zaintza gehiago, bere burua zaintzeko gauza ez den gizarte baten kideak zaintzeko […]. Zergatik utzi behar dudan nire familia etxean, […] elkar zaintzeko ardurarik ez duen gizarte bat zaintzeko. Zaindu zaitzatela zuen aita edo ama santisimak».

Efimeroak gara gu, efimeroa da gure planeta ere, efimeroa da unibertsoan dagoen oro: giza erronka ez al da gure izaera efimeroaren argiari ahalik luzeen eustea, kandelaren argi-mihia eskuarekin babestea haizetetatik, ipurtargiak bere argi berdea behar duen bezala bizitzeko eta bizia sortzeko?

Ez izan, ordea, batere argiak, eta nahiago dugu hil artean bizi lokuzioak ondo laburbiltzen duen konformidade ustiatzailean bizi, harik eta heriotzaren hortzeria karkarka entzuten dugun arte, agian pandemiatik ihes gabiltzala, agian pandemiaren kontrako neurri guztiak popatik hartzera bidaliz solidaritate arrastorik gabe, ezer larririk gertatutakoan zorte onak edo gure guapoak, edo aita edo ama santisimak anparatuko gaituelakoan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.