Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Izarokoak

2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Udaberriro berpizten zait itxaropena, eta udaro zapuzten zait. Izaro osorik landare azalez jantzirik ikustearena alegia. Aurten ostera nire itxaropenak beste indar bat hartu du. Jantzia hedatuz baitoa. Etorriko da ostera agorrila, eta izenari men eginez harekin batera agorra. Ikusiko da zelako indarrez.

Irlak totemarena egiten du. Hartan lehorreratzea debekaturik delarik ontziek inguruan dantzatzen dute, ihes-tutuetatik kanpora keak askatuz. Keok, toxikoen legeei men eginez, ito egiten dute hango irla goiko landaretza ahula, hau da hau tamala. Halaxe, agorrila baino lehen, galdua izaten da udaberrian barna eguraldi epelek josi duten jantzi berdea. Kaioen laguntzaz ere, dena esan behar baita.

Aurten, badiot, jantziak sendoagoa ematen du. Pandemiaren ondorioz hain segur. Iaztik hona ontzitxoek ez dute totemaren inguruan dantzan ohi bezain maiz egin.

Segi bezate horrela!

Hori bai, aurten ere norbaitek hara gora egingo du uztailean, agorra baino lehen, hartan datzan uzta sinbolikoa biltzera. Hots, aspaldi batean harmailek estaltzen zuten bidean gora eginez banderak jartzera. Usadio zinez berria, zahartzat saldu gura digutena.

Harmaila haien zutoinak, gotor itxura zuenak, ez dakit han irauten duen, ez naiz aspaldi ibili totemaren inguruan dantzan, zer esan hartan lehorreraturik bertan lotan.

Askoren ametsa da hori. Irlan lo egitearena alegia.

Nire nobeletako pertsonaiek baino ekinkorrago agertzen zaidan Jose Manuel Etxeitak Josetxo nobelara ekarri zuen Izaro. Kontaerari dramatikotasuna ematearren ez ezik, fantasian behintzat gaztetako neska haren soina besarkatzearren ere. Emazte izango zuen Juana harena.

Etxeitak nobelan irlara eraman zituen neska-mutil gazteak, arraunez eta haize-oihalez, hartan egun pasa egin zezaten. Begiluzerik barik zirriren bat edo beste, eta auskalo zer besterik egitera.

Hartan zirelarik haizeak beste indar bat hartu zuen. Gazteak ontzietan zirenerako oihalak urratzeko adinakoa zen; olatuak, ordurako, ontziak gilaz gora jartzeko tamainakoak.

Hondoratu ziren ontziak, ito ziren gazteetako batzuk, besarkatu zuen Josetxok bere Eladi kuttuna, sartu zuen berau beste ontzi batean eta gero han galdu zen mutila. Betiko?

Eleberria 1909koa izanda, esan gabe doa Josetxo bizirik eta onik agertu zela.

Hori guzti hori fikzioan.

Idazleak ez zigun utzi Izaroko harmaila haien testigantzarik, ezta ere han goian artean nahikoa osorik bide ziren komentuko hormei buruzkorik. Haien artean badago patina, gazteluaren haitzean legez. Bi omen ziren. Patinak. Nik neuk bakarra baino ez dut ezagutu.

Laurogeiko hamarkadako lehenengo urteetako udetan joaten ginen hara. Komentuko hormetako goietan biluzik eguzkitan egotera. Erretzen, hizketan, beste ezertan nekerik hartu barik. Nire adiskideek behintzat. Zeren eta nik ezin bainion burua hausteari utzi, non ote ziren falta ziren horma zatiak, zein ote zen komentuaren perimetro osoa, non ote zen hango kanposantua eta halakoak. Halaxe, begiak lau eginda.

Ez nintzen harekin tematurik zebilen bakarra. Hugo Alberdi adiskideak komentuaren planoa osatzea erdietsi zuen. Argitaraturik dago. La isla de Izaro (1422-1996) liburuan hain zuzen. Ez ibili bila. Agortuta dago. Dena dela ez da uharteari buruz dagoen liburu bakarra. Eta azken batean hortxe dira liburutegi publikoak.

Amets egiteko lekua dira Izaroko gaina eta inguruak. Zinez. Halaxe, norbaitek, hartan zuhaitzak amestu zituen, eta landatzea erabaki. Ametsa egia bilaka zedin. Eta egia bilakatu zena lehenengo landaretzaren hondamena izan zen.

Haatik, agintea duen inori ez zaio otu komentuaren hondarretatik ahal denik eta gehiena berreskuratzeko egitasmorik.

Han ote dira 1596ko irailean komentuari eraso omen zieten Arroxelakoen arrastoak? Fraideen gorpuak? Orain gogoan ez dudan hango harmailetako zeinaren azpian gorderik omen zen altxorra? Gaztelako errege zein erreginen baten fardela? Balea hezurrik? Ziliziorik?

Zilizioak, horixe, herriko —zein herritako ez dago argiturik— neska lirain lerden zeraren bila gauez igerian egiten omen zuen fraidearenak hain zuzen. Hura, betiko sutara jaurtia ez izateko haragiaren aldarria halaxe itotzen ahaleginduko baitzen. Eta ezin.

Arrosariorik?

Eta funtsezkoena, irlaren azpian jauregirik ote da, lamiena? Eta jauregian hasita hango Matxitxakoko muturretik gordean zegoen Osin Ilunera iristen omen zen tunelaz, zer?

Tira! Osin Ilunaren lekuan gas-lantegia dagoenez, gaitz egiten zait hartan laminarik izan litekeenik irudikatzea. Nork daki baina.

Halaxe, gasolina hartzera geratzen naizenetan han aurrean Izaro ikusirik haren jantzi berdea aztertzen dut, erregaien prezioak baino arduratsuago. Agorrila madarikatuz eta pandemiaren alde ona bedeinkatuz, zera, totemaren intoxikazio sistemaren krisiaz pozik.

Hori alde batera, intoxikazio sistema zitala berpiztua ere, azkenean landarezko jantziak haren azal laztana osorik estalduko duen itxaropena ez dut galdu. Hara behintzat ez baitira jende aldrak iritsiko selfiak egitera. Ezta pandemia igarota ere. Ez baldin bada bitartean norbaitek hori ere saldu duelako. Beste filmaren bat, edo, bertan kokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.