urtzi urkizu
KURSAALEKO ZUBITIK

Detaileak

2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Aurrekoan aipatu nuen zubiko edozein tokitatik ikus daitekeela Netflix plataformaren Distancia de rescate filmaren kartel erraldoia. Aurkeztu du Claudia Llosak pelikula, eta han, mutiko baten ahotsak esaten dio andre bati: «Detaileak garrantzitsuak dira, arreta jarri detaileetan». Xehetasunak beti, beti dira aintzat hartzekoak.

Zubiaren ertzetan, RTVEk jarri dituen Maixabel filmeko karteletan, Eduardo Txillidaren Haizearen orrazia eskultura ageri da. Etorkizunean ikusiko da ea Zinemaldian halako karteletan Santa Klara uharteko itsasargian Cristina Iglesiasek jarri duen eskulturak lekurik izango duen. Obra hori amaituta ikusi arteko prozesua jaso du Asier Altunak Hondalea dokumentalean. Aparteko baliorik ez duen ikus-entzunezko lana begitandu zaigu Hondalea, eta ez ditugu ezagutzen zein diren itzalpeko detaileak dokumental hori aukeratua izateko Euskal Zinemaren Galan eskaintzeko. Enkarguzko lan bat da, promozio turistikotik du gehiago sormenetik baino, eta euskal zinemari ez dio inolako ekarpen artistikorik egiten. Gaztelania hutsean.

Zinemaren industrian badaude itzalpeko detaile gehiago, zinemazale gehienek ezagutzen ez dituztenak. Sortzaile batek aipatu dit, esaterako, bazela film bat Zabaltegin eman behar zutena, baina beste sail txikiago batera eraman duela jaialdiak, industriaren gorabeherak direla medio...

Ohiko sailez aparte, bestetik,É stata la mano di dio proiektatu dute, Paolo Sorrentinoren azkeneko pelikula. Eskola magistral bat emateko gonbidatu dute zinemagilea, eta ez dut oraindik zubian topatu. Baina pelikulan, Napoliko (Italia) pertsonaiek sorrarazten dituzten barre algarekin eta malkoekin, sekulako gozatua hartzen du ikusleak. Zazpigarren arteko jardunaren detaile txundigarriak uzten ditu Sorrentinok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.