Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Bilbo-Bergen-Bharraigh

2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun

Ipar itsasoa. 56º93'33'' N eta 7º46'67'' W koordenadetan. Eilean Bharraigh hango gaelikoz, Barra Island ingelesez. Harrizkoa, azaleraz urria, arriskuzko handikoa da ontzientzat. Hala ere Miguel Antonio Luzarraga kapitainak bertara hurreratu ahal izan du Aniceta kuttuna. Horretan ez dio meriturik emango bere buruari.

 

«Zorionez ekaitzak berak eroan gintuen, hain egokiro, ze, ezta herri hartako semeak izanda ere ez gintezkeen gai izan olatuek erabat urperaturik zeukaten gure ontzia portura hobeto zuzentzeko».

Aseguruari idatzitako txostentxoan jarriko du hori, gaztelaniaz. Labur eta zehatz, soberazko hitzik gabe. Hori bai, ez du aipaturik gabe pasatzen utzi nahi beste zera, bere burua «lehenago beste hirutan ikusi» duela antzekoetan, hots, «ontzia itsasoen artean erabat hondoraturik eta ni neu igerian».

Argitu beharrekoa, ez dezaten gero inon esan behingoan amore ematen dutenetakoa denik! Jakin bezate, bai, peril horien berri hala aseguru etxeak nola ontziaren sei jabeek ere. Horiei ontziaren irabazien erdia dagokie. Bik laurden bana daukate eta lauk zortzien bana. Azkenon artean Miguel Antonioren aita dago; Eugenio Nicolas. Polito daki semea zertaz ari den. Ontziaren lehenengo kapitaina izana, berak agindu zuen hura egiteko. Bermeon, 1830ean.

«Hala da ze, kostara jo genuen, gizon batzuk agertu ziren eta haien laguntzaz, neke eta lan handiekin, lehorreratzea erdietsi genuen arren, ontzia bera eta ontziko karga galduak ziren».

Karga, bakailaoa zen. Zenbat tona, ez dago zehazterik.

Aseguratzailearekin 1846ko irailean, hondoratzea izan eta urtebetera!, kontuak kitatzeko soberazko hitzik gabeko paperean azaldu zizkion Bilbo, Bergen eta, ustez, berriro Bilbo joan-etorriko itsasotearen aldez aurretiko kostuak, balizko irabaziak eta, menturaz, etor zitekeen halako sari berezia ere. Azken hori, izatekotan, bidaiaren guztizkoaren %12 zatekeen, hots, 28.000 erreal. Esan nahi du, bada, dena ondo joanez gero itsasaldi hura 230.000 errealeko bidaia izan zitekeela, horra! Ontziaren balioa 55.000 bat erreal zen eraiki zenean.

Delako aseguru poliza, norvegieraz idatzia, 1845eko abuztuaren 5ean sinatu zen. Halaxe, uste izatekoa da egun gutxiren buruan abiatu zela Aniceta Bergen aldera. Bakailaotan, badiot.

Ez zen hala egiten zuen lehen aldia. 1841eko udaberrian Aniceta-k Mundaka, Cristiansund, Tarragona itsasaldia burutu zuen. Hartan garraiatu zuten bakailaoaren guztizkoa 28.000 errealekoa izan zen. 1845eko hartan ostera askoz gehiagoko saria zeukaten gogoan.

Joanekoa hilabete baten buruan egin bide zuten, irailaren 12an ontzia zamaturik baitzen, Bergen txopan uzteko prest. Ez zuten berehala egin.

«Aniceta goletarekin Bergen eta hango ainguratokietatik irailaren 24an utzirik eguraldi aldakorrekin eutsi genion», diotso, soberazko hitzik gabeko izkribuan, aseguratzaileari, 1846ko irailean, hondoratzea izanda doi-doi urtebete igarota. Ordurako denboratxoa zen Aniceta goletako beste gizonak etxean zirela, baina, zenbat ziren?

Aniceta goletaren kontu eta arrazoiaren liburua duela zazpi urte eskuratu nuen. Ordutik hona hainbatetan begiratu, gizonen datu horren bila begiak lau eginda amaitu arte. Ontziaren epopeiaren tamaina hilabetean hautsi zituzten itsasoen neurriek ez ezik —1.222 itsas miliakoa izan zen— hura zenbat gizonek egin zutenak ere ematen baitigu.

Nire tamalerako Aniceta goletaren kontu eta arrazoiaren liburuan datu hori ez da zehazki ageri. Zuzen eta artez, esan nahi da. Badago eta zeharbidez bitan aipatua. Urriaren 22an aseguru etxeari Miguel Antoniok egin zion idatzian, haren sinadurarekin batera beste hiru gizonenak ageri dira.

Lau ote ziren eskifaiakoak? Ezin sinets nezakeen. Bigarren zeharbideak baietz, lau izan zirela konbentzitu ninduen.

Ontziko aparailu eta ondasunen enkantearen zerrendak hain zuzen.

Miguel Antonio izan zen haren testigu, eta halaxe aldatu zituen liburura saldutakoen xehetasunak.

Enkantea Bharraigh bertan egin zen. Azaroaren 22an. Ordurako kapitainaren gizonak etxera aspaldi joanak ziren. Zelan, ez dakigu. Esku hutsik joan zirena, ziur.

Eilean Bharraigh hartakoan eskaintzen lehena, umbrella ale bat; hurrengo, horra sei praka-pare salgai. Eta horien ostean bederatzi vest, uler bedi igeri-jaka. Beraz, praka eta jaken kontuak aterata, pentsa zitekeen gutxienez sei eta gehienez bederatzi gizon zirela Aniceta goletan. Ala ez? Zerrendako azken lerroetan lau drawer, kaxoi edo tiradera, saldu zirela dakar. Gizon bakoitzeko bat, tartean berea?

Enkante hartan Miguel Antonio Luzarragak, merezi izan ote zuen galde bide zion bere buruari. Bakailaotan 1941eko eta 1946ko ahalegin bien tarteko urteetan, Iberiar penintsula kostaz kosta Mundaka eta Tarragona artean egin zituzten joan-etorrietakoekin, miseriatik ihes egiteko modurik ez zegoela ondo ikasita zeukan.

Enkantearen ostean, kapitaina, urrezko bakailaoaren ametsetik itzarririk, Glasgowra joan zen, ontziaren beste kontuak argitzera. Bidaiarako oinetakoak erosi behar izan zituen, lehengoak itsasoan galduak baitziren. Soingainekoa ere erosi zuen. Ez zeukan. Ezta hondoratu aurretik ere. Umbrella, esan bezala, enkantean saldu zuen lehena izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.