Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Erroak izan, eta erromes

2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Ezkortasuna nola kudeatzen da?

Ezkortasun ia sistemiko bat barreiatzen ari zen aspalditik, pandemiarekin indartu egin da eta gelditzeko etorri. Gizarte parte baten txertoaren-eta kontrako jarrerak baino lehenagotik dator, ez da sentipen berria: 2008ko krisia, aldaketa klimatikoak, globalizazioa, politikaren degradazioa, eta, azkenik, pandemia: ezkortasunak zain sendoak zituen pandemia agertu aurretik ere, fenomeno puntual bat baino zerbait gehiago da. Gogo-aldarte pesimista halako bat nagusitzen ari da, etorkizuna ilun ikusten du, ongizatean atzera egiteko beldurrez bizi da, errudun sentitzen da naturarekin egiten ari garenagatik. Eta konfiantza galdu du, mesfidati bihurtzen ari da ororekiko. Mundua okerrera doala dioen sentsazioak, agian lausoa baina erreala, gero eta segurtasun gutxiago eskaintzen digu.

Sustrai psikologiko, sozial eta politikoak ditu ezkortasunak, ondorio psikologiko, sozial eta politikoak eragiten ari da. Kolore, sustantzia, jatorri ideologiko desberdinetako magma batean sortua, fronte asko ditu —politika, zientzia, osasuna eta segurtasuna, globa-lizazioa eta sustraiak, kultura eta kulturak—, eta ez da eskuina-ezkerra parametroetan ez guztiz ulertzen ez kabitzen. Ezkorrak ez daki konfiantza falta nola kudeatu, norekin fidatu. Bakartzen ari da. Bakartzen ari gara.

Egiak libre egingo gaitu, esaten genuen garai batean. Nire egiak libre egiten nau eslogan egoista entzuten ari gara orain errealitatea ukatzen dutenen ahotik. Ezkortasunaren ondorioa ez da, ordea, egoismoa, egonezina baizik etorkizunaren aurrean.

Erroak ditugu eta erromes gara.

Ezkortasunaren motiboetako bat, globalizazioa. Twitter-zale bati irakurria euskaraz: «Gero eta gehiago sustrai gabeko landareak gara. Hori nahi dute eta hori lortzen ari dira». Debaterako ematen du bere xumean. Identitateaz pentsatzeko, noski, baina, aldi berean, parada ona ematen du globalizazioa eragiten ari den ezkortasunaz hausnartzeko ere.

«Gero eta gehiago sustrai gabeko landareak gara», dio txioaren lehen parteak. Agian, «gero eta gehiago gara sustrai gabeko landareak» esan nahi zuen. Ez dira gauza bera baina balekoak dira biak, zeren bai, sustraia ahultzen ari zaigu, eta gero eta gehiago gara sustrai ahuleko landare tradizioa mehetzen eta lurruntzen hasi zitzaigunetik. Orain berrehun urte Von Chamisok, Euskal Herrian jasotako legenda bat baliatuz, itzala deitu zion Twitterreko txiolariaren sustraiari:

«Zuk, laguna, gizartean nahi baduzu, ikasi estimatzen lehendabizi itzala, eta ondoren dirua». (Peter Schlemihl-en istorio miresgarria. Itz., Antton Garikano).

Tragedia pertsonal moduan sentitu izan dugu sustraien itzalaren galera, baita erantzukizun komunitario gisa ere («izan zirelako gara», eta abar), baina posible ote da horretaz orain arte bezala jardutea mundua bizitzen ari den transformaziotik isolatuta, posible al da gizaki egiten gaituen estrukturari erreparatu gabe? Landareak ez dira mugitzen; gizakiok, mugikorrak gara. Landareek sustraiak dituzte, lurrari lotuta daude. Lurtar gehienok ere lurrari lotuta gaude, baina hankak ditugu, mugitzen gara. Erroak ditugu, baina erromes gara.

Esan ohi da herri bakoitzaren, hiri bakoitzaren sorreran etorkin bat dagoela. Haran bat, ibai bat, lur emankor bat, egutera bat non, gizakiak han hartzen du atseden eta eraikitzen bere egoitza. Baina aske da edonora joateko. Belaunaldi askok iraun dezake behin arbaso batek eraiki zuen txokoan, baina historia bada, baita ere, munduan eman diren identitate-aldaketen, egokitzapenen, hausturen eta baturen lekuko. Gizabanakoaren erroak ez dira, ez osorik ez betirako, guztiz finkoak, aldaezinak, definitiboak. Hori da, besteak beste, globalizazioak, diruaren erresumak, ekarri duena: sustraien sentipena ahultzea.

Twitter-zalearen txioko bigarren parteak esaten digu: «[Gure sustraiak galtzea] hori nahi dute, hori lortzen ari dira». Nahi dute, lortzen ari dira. Zeintzuk, ordea? Boterea, sistema, oligarkia, neoliberalismoa? Konplot bat? Txaloa eragiten duten hitzak dira, agian, baina oso da formulazio etereoa, ez du errealitatea zehazten. Nahi dute, lortzen ari dira irakurrita, Jeff Bezos eta halako jendea etortzen zaigu burura, ederki, baina nekez Amazonen bezeria, kontsumismoaren esklabo garenon konplizitate erruduna.

Bazter guztietan eroso.

Orain bi mende eta laurden, ikusita gerrek aldiro-aldiro zer-nolako kalteak eragiten zituzten, Kantek identitatearen gaiari heldu zion Bake betierekoaz saiakeran. Liburuak ideia nagusi bat du oinarri: bizi garen tokia ez da gurea, guztiona baizik, eta ostatu bila dabilenari ezin diogu atea itxi, hospitalitateak egiten gaitu gizaki.

Juduen Toran esaten zaigu humanitatea familia bat dela, Yahvek munduko parte guztietan jasotako buztina baliatu zuela Adam sortzeko, horrela gizaki guztiok etxean bezain eroso sentitu gaitezen munduko bazter guztietan. Kantentzat ere hospitalitatea ez da hautazkoa, betebeharra baizik: gizakiaren unibertsal izaeratik dator munduko edozein tokitan ostatu hartzeko eskubidea. Hari horretatik tiraka eta Europako gerrak gogoan, Kantek Bake betierekoaz-en azpimarratzen du bake etenik gabe bat lortu nahi bada beharrezkoa dugula Zuzenbide Kosmopolita bat, zeinak arduratu beharko lukeen giza komunitate unibertsal bateko partaide desberdinen harremanez.

Kant ez zen, noski, guk ezagutzen dugun globalizazioaz ari, bai, ordea, estatuen kontrolik gabeko ekonomia baten arriskuaz, fisiokratek ekonomia guztiz libre batek zekartzan ondorioez. Laissez faire, laissez passer, le monde va de lui même. Utzi diruari libre, utzi nahi duena egiten, mundua —dirua— bikain moldatzen da-eta inoren interbentziorik gabe.

2008an, espekulatzaileek krisi ekonomikoa leherrarazi zutenean, Paul Auster justizia ekonomiko unibertsal baten premiaz jardun zitzaion gutun batean Coetzee adiskideari. Merkatu unibertsal baten aurrean, merkatua kontrolatuko duten lege unibertsalen premia daukagula esaten zion. Auster, ordea, eszeptikoa ageri da lagunari agertu berri zion ideiarekin:

«Baina proposatzen dudana egungo liderrek ezin dute eta, batez ere, ez dute abian jarri nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.