Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Caliban eta (Mundakako) sorgina

2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Nago, Shakespeareren arrakastaren gakoetako bat, egun ere indarrean dagoena hala literaturan zein zinean, nola antzerkian nahiz beste edozein artetan, exotismo garaikidea ez ote zen izan. Antza ez zen inoiz Ingalaterratik irten, eta hala ere munduko bazterretara egin zuen hegan, eta ikusle-irakurleak berarekin haietara eroan.

Ez nekien hori, ez, Genoara abiatu nintzenean. Nire xedea Christophorus Columbus jaio zen etxea ikustea zen. Joan eta, putz. «Tradizioak dioenez etxe honetan jaio zen zera», zioen argibidetzako kanpoan jarritako plakak.

Okerragoa izan zen, beste behin, gida-liburuak Romeo eta Julietaren artekoaren gertaleku nagusitzat saldu zidan etxea ikustera hurreratu nintzelarik. Ehunka lagun barruan zein inguruetan eta makina bat papertxo zein pegatina paretak eta enparauak betez, nori eta Lady Di hari zuzenduak. Etxeak, noski, ez zuen R&J haiekin zerikusirik. Ezin. Fikzioa zelako ez ezik, William Verona hirian inoiz izan ez zelako ere.

Bada, Nafarroako Erresuma askean ere ez zen izan. Hala ere gure artean ospetsu bihurtu den esaera utzi zuen, zera, «Navarre shall be the wonder of the world». Profeta behintzat ez zela, hurrengo ahapaldian dago berretsirik: «Our court shall be a little Academe, Still and contemplative in living art».

Zinean ikusi nuen aipuen iturria denLovers Labours Lost. Ingalaterran. Nire ondoan barre algaraka ingelesak. Barre erdirik ere ez nik, ez bainuen bertsotan emana zen ingeles hartatik ezer harrapatzen.

Ez joatearren, ezta Eskoziara ere ez zen joan Macbeth hipertxalotuaren sortzailea. Antzezlana zein den gogoratzeko, hartan hiru sorgin hiperrezagunak ageri dira, horra.

Macbeth estreinatzen denerako, 1606an hain zuzen, berrogei urte dira Eskozian errege James izeneko halako seigarrena dagoena; bost urte dira igaroak, aldiz, James izeneko Ingalaterrako lehentzat koroatu zutenetik. Horren azpian erresuma horietako emakumeen patua, ankerra baino ankerragoa izaten ari da.

Jamesek erresuma bietako emakumeetako ez gutxi sorginak direla sinesten du, halako fedez sinetsi ere, non sorginkeriari buruzko bere tratatua daukan idatzita: Daemonologie—In Forme of a Dialogue, Divided into three Books: By the High and Mighty Prince, James &c., 1597an argitaratua. Egilearen iturria, irakurri eta aditu dituen zerez gain, bere eskuetatik pasatu diren ustezko sorginekin hartu duen eskarmentua da. Esan nahi baita bere eskuekin eman diela oinazea, eta jabetu dela nola behin tormentuak hasita hala erabiliek ez dutela luzaz irauten egiazki nor diren eta zer egiten duten aitortu gabe. Halaxe, James errege eta haren emazte erreginari sorginek heriotza eman nahi izan omen zieten, ekaitza sortuz eta horretara haiek biak zihoazen ontzia hondora araziz. The Tempest ospetsuan Shakespearek antzeko zerbait sartu zuen. Errege lausengatzearren ez ote zuen egin.

Jamesen liburua ez omen da arlokogailenena. Gurera etorrita horra besteDaemonologie hori, Pierre de Lancreren Tableau de l'inconstance des mauvais anges et démons: Où il est amplement traité des sorciers et de la sorcellerie, 1612koa, gaztelaniaz Tratado de brujería vasca titulu engainagarriaz emana.

Haiek urteak, haiek, sorgintzat jotako emakumezkoei piztiak akabatzeko baino tratu basago, bihozgabeago, krudelagoa ematen zietenekoak. Silvia Federicik bikain azaldu digu hori, Caliban eta sorgina liburuan.

«Feministek ez bezala —dio—, historialari marxistek, kapitalismoaren trantsizioa aztertu dutenean ere, ahaztuta eduki izan dute sorgin-ehiza, klase borrokaren historian garrantzirik gabeko kontu bat balitz bezala (...). Sarraskiaren neurriak susmoren batzuk piztu beharko zituzkeen, ordea, bi mende eskasetan ehunka mila emakume erre, urkatu eta torturatu baitzituzten».

Mende horiek kontatzen, hasi Jamesek, Lancrek edota Shakespearek sorginenak idatzi zituzten urteetan! Azkenak hurrengoa idatzi zuen 1608ko King Lear delakoan:

«Gerritik behera Zentauroak dira, / nahiz eta gerritik gora emakumeak izan / gerritik gorakoa jainkoengandik hartu dute. // Handik beherakoa, ordea, dena dute deabruzko, / dena dute infernu, ilunpe, / sufre-leize, / sutan irakiten, kirastua, usteldua».

Erretzen zituzten ba sorginak, eta galdera da nork ordaintzen zituen suteak, haien kostua zertan zen. 1636ko prezioetan emanda, suterako behar zen ikatz karga, hiru liberatik gora zen; upel bat brea, hamalau txelin; borreroarentzat zortzitik gora; eta beste. Horiek biktimaren familiartekoen kontura, bestela herritarren edo jaunen diruekin.

Federici, liburuaren euskarazko ediziorako sarreran kexu agertu zaigu: «Sorgin-epaiketa ospetsuak izandako lekuetan aurkitu dugun sorginen irudikapena: akusatutako emakumeen patu ikaragarria turistak erakartzeko ikuskizun bihurtu da, eta sexismoz eta arrazakeriaz betetako inkisidoreen ikuspuntua irudikatzen duten irudi estereotipatuak sustatzen dira».

Ez dakit emakumea inoiz izan ote den Mundakan. Hemen Inkisizioak emakume jada hildakoekin egin ohi zuena egiten da, zera, sorgin irudi bat erre.

Tradizio zaharra dela diote.

1958an erre zuten halako lehen sorgina.

Eta horra mundakar neskatoak eta mutikoak, liluraturik, Donibane gauez historia ikasten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.