Kaoslandiatik albisteak

Tolosan (Gipuzkoa), 1951n jaioa. Pott Bandaren sortzaileetako bat izan zen. 1983an argitaratu zuen lehen liburua: Dudular. Narrazioz osatua zegoen lan hura, eta hurrengo urtean eman zuen lehen nobela: Nafarroako artizarra. Haur eta gazte literatura jorratu du batez ere, eta itzultzaile ere aritua da. Euskal PEN Klubaren sortzaileetako bat da. Nobelak dira argitara eman dituen azken bi lanak: Ilargi horia (2012) eta Rasputin eta San Petersburgoko gauak (2013).

Joxemari Iturralde.
2014ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Umombu eta Ulekete ibaien artean, Lurralde Ezberdinetan, bizi da zanbete edo azandete herria. Hango biztanleek abesti zaharrek diotena dute legetzat, kanten letrei egiten diete kasu eta hori da eurentzat lege. Esate baterako, antzinako beren abesti batek dio: «Bota dezagun ibaira tristezia eta etsipena…» eta horregatik zanbete edo azandete herrikoek galarazita dute tristezia, haien lurraldean debekatuta dago triste egotea. Beste kantu zanbetear batek dio: «Negar egin nahi nuke, baina hemen, tristezia galarazita dago».

Zanbetetar edo azandetetarrrek ez dute izenik, elkarri deitzeko ez dute horrelakorik behar, eta ez dute adinik ere, kontatzea ez baita beharrezkoa, eta horregatik, ezin jakin zenbat urte duen haietako batek, izan ditzake berrogei edo ehun eta hogei, eguzkiaren eraginez zimurtuta baitute larruazala.

Gure artean, hemen, Kaoslandian, Desastre III.a erregea bere azkenetan zegoen. Hori zela eta, urgentziazko espedizio bat antolatu zuten Lurralde Ezberdinetarantz, hilezkortasunaren sekretua bila zezaten. Espedizio buru Pipino Laburra printzea zihoan, Desastre III.aren semea.

Arin abiatu zen espedizioa, baina Umombu ibaian barrena zihoazela kanoa irauli egin zen. Espediziokideetatik batzuk ito egin ziren eta bertan galdu betiko, eta besteek ur mordoa irentsi zuten (tristeziaz kutsatutako ura). Azkenean, asko kostata, erdietsi zuten ibaiertzera iristea. Pipino printzearen lehen laguntzailea, Inutilis, ohartu zen iparrorratza galdua zuela eta, burua pittin bat nahastuta, bizirik atera zirenak Umombu ibaiertzetik eraman beharrean Ulekete ibaiertzerantz zuzendu zituen eta berriro galdu ziren junglaren sakontasunean. Han aurrera beste tribu bat bizi zen, tuwangle izenekoa. Hauek poztasuna dute debekaturik eta beren ohituretako bat da esaten dutenaren kontrakoa egitea. Baiezkoa adierazteko burua alde batetik bestera mugitzen dute, eta ezezkoa esateko burua goitik behera jaisten dute.

Pipino printzearen idazkariak ohitura hauek apuntatu zituen gero, etxera itzultzean, Kaoslandian, indarrean jartzeko lege baten bitartez. Tuwangletarrak oso gazte hiltzen dira; beraz, ohartu ziren lurralde hura ez zela egokiena hilezkortasunaren sekretua eskuratzeko.

Espedizioa Kaoslandiara itzuli zenean, Pipino Laburra printzeak jakin zuen bere aita, Desastre III.a erregea, ez zegoela jadanik agintean, eta ez zegoela agintean atentatu batean hil egin zutelako, eta egun batetik bestera Pipino Laburra printzea Desastre IV.a errege bilakatu zen. Inutilis bere laguntzailea gobernari orokor eta ejertzitoetako buru izendatu zuen agindu zehatz batekin: espedizioan ikusi eta ikasitako guztia agintean ezarri beharko zuen.

Segituan Inutilis gobernariak tristezia galarazi zuen. Baina jendea atsekabeturik bizi zen, langabezian, dirurik gabe, ilusiorik gabe… Lege horrek ez zuen eraginik izan hiritarrengan. Inutilis hausnarketan hasi zen: Lege honek ez du funtzionatzen, alderantziz egingo banu? Eta orduan, poztasuna debekatu zuen. Herritarrek ez zekiten zer egin, jendea apatiko zegoen, eserita egoten zen denbora pasatzen ikusten, inork ez zuen ezer egiten, jendea zalantzati zegoen… Inutilisek, Desastre IV.aren aginduei kasu eginez, duda egitea debekatu zuen, handik aurrera ezingo zen duda egin.

Orduan Desastre IV.ak erabaki zuen ezkontzeko garaia iritsi zitzaiola, enamoratu egin zela Aldameneko Erreinuko printzesarekin. Aldameneko Erreinukoek pentsatzea debekatua zuten, Aldameneko Erreinuan gauzak egin gabe gertatzen ziren, berez, eta ez baziren gertatzen ere berdin zen, ez zen ezer pasatzen. Desastre IV.ak luzatua zion galdera: Ezkonduko al zara nirekin? Erantzuna ez zen inoiz iristen.

Desastre IV.ak ez zekien zer egin, dudatan zegoen. Inutilisek gogorarazi zion Kaoslandian duda egitea galarazita dagoela, berak agintean ezarritako lege aldaezin bat zela medio.

—Lege bat beste lege batekin alda daiteke —erantzun zion Desastre IV.a erregeak Inutilis gobernariari, eta jarraian burua moztu ziezaiotela agindu zuen.

Desastre IV.a amodioz gaixorik zegoen, erabat maiteminduta; denbora aurrera zihoan eta orduan gogora etorri zitzaion hilezkortasunaren elixirra. Ziztu bizian antolatu zuen Lurralde Ezberdinetara beste espedizio bat, eta espedizioa abiatu zenean itxaroten geratu zen. Berehalaxe ohartu zen, ordea, itxarotea debekatuta zegoela. Zer egin? Zer ez egin? Dudatan hasi zen. Duda egitea ere debekatuta zegoen Kaoslandian. Pentsatzen jarraitu zuen. Baina pentsatzea ere debekatuta zegoen. Ekintzara pasa zen.

Desastre IV.ak gerra antolatu zuen Aldameneko Erreinua erasotu, Zimela printzesa bahitu eta berarekin ezkontzeko. Zubi Arriskutsua gurutzatzean zaldiak txirrista egin eta Desastre IV.a Ahanzturaren Ibaira jausi zen. Ez zen hil itota, baina ur mordoa irentsi zuen. Orain bere burua zuri zegoen, hutsik bezala, bat-batean ez zuen ezer gogoratzen. Berarekin zihoazen generalek ez zekiten zer egin, zein erabaki hartu, dudatan zeuden.

—Duda egitea debekatuta dago —gogorarazi zien kapitain batek.

Haietako general batek lepoa moztu zion hantxe bertan kapitainari.

Sakabanaketa hasi zen ejertzitoan. Batzuk Kaoslandiara itzuli ziren. Beste batzuek Aldameneko Erreinua nahi zuten erasotu Zimel printzesa erdiesteko.

—Nork agintzen du orain? —galdetu zuen batek.

—Zu, isilik —erantzun zioten—. Ez egin galderarik.

Egunsentia dagoeneko, irten da eguzkia. Lanera joango bailiran, itxurak eginez, hiritarrak etxetik atera dira. Ez dago lanik, baina berdin dio. Ilusioa ere debekatuta dago. Egun normal bat gehiago Kaoslandian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.