Literatura

Zekale artean harrapatuta

Etzi beteko da mendea J.D. Salinger jaio zela. Nobela bakarra idatzi zuen: 'Zekale artean harrapaka' (1951). Nahikoa, miretsia izateko. Ordutik hil arte, bere bizitza pribatua ezkutatu zale izan zen.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Zera egingo nuen, Holland tuneleraino joan eta auto bat geldiarazi, eta gero beste bat, eta beste bat, eta egun batzuk barru mendebaldean nonbait egongo nintzen, paraje polit eta eguzkitsuan, inork ezagutzen ez ninduela, eta lana topatuko nuen. Gasolindegi batean edo topatuko nuen, autoetan gasolina eta olioa sartzen. Bost axola zer lan klase. Aski zen inork ni ez ezagutzea eta nik ere inor ez ezagutzea». Holden Caulfielden pentsamendua Zekale artean harrapaka (The Catcher in the Rye, 1951) liburuan, askoren ustez XX. mendeko lanik gogoangarrienetakoa denaren azken atalean.

J.D. Salingerrek (New York, 1919-Cornish, New Hampshire, 2010) idatzi zuen nobela hori, eta azken atal horretako pasarte zenbaitek premonitorio dirudite. Mendebaldera jo beharrean, ipar-ekialdera jo bazuen ere. «Zera bururatu zitzaidan, gormutu horietako bat bezala jokatzea. Honela ez nuen denborarik galduko elkarrizketa inozoetan. Inork ezer esan nahi izanez gero, paper puska batean idatzi eta erakutsi beharko zidan. Laster aspertuko ziren hori egiten, eta orduan akabo elkarrizketak bizi osorako. Gormutu gizarajo bat besterik ez nintzela pentsatuko zuen mundu guztiak, eta bakean utziko ninduten». Caulfield, berriro ere. EtaZekale artean harrapaka osteko bere bizitza nobelaren azken ataleko hitzen ildotik garatu zuen Salingerrek, azken muturreraino. Inork ez zezan ezagutu saiatu zen. Elkarrizketei bizkar emanez. Ez zion idazteari utzi, hala ere. Ezin utzi pasio zuena egiteari.

Asteartean beteko dira 100 urte jaio zela, eta 15 urterekin hasi zen Salinger fikzioa idazten, Pennsylvaniako eskola militar batean ikasle zegoela. Graduatu ostean, idazketa-sortzaile ikastaro batean eman zuen izena, Columbiako unibertsitatean. 1940an argitaratu zuen lehen narrazioa: The Young Folks (Lagun gazteak). 21 urte zituen. Aldizkari espezializatuetara bidaltzen zituen bere testuak; 1948an hasi zen bere gustukoenean argitaratzen, The New Yorker-en.

Gerra betean

1940 eta 1948 bitarte horretan, gerra betea bizi izan zuen, literalki, Normandiako lehorreratzean eta ondorengo borroketan parte hartu baitzuen 1944ko udan. Fronteko lehen lerroan sarritan aritu zen ordutik. Atsedenaldietan, idazten segitzen zuen. Fikzioa zein gutunak. Asko, Oona O'Neill neska lagunari. Frontean zela jakin zuen azken hori Charles Chaplinekin ezkondu zela. Salingerrek hondoa jo zuen. Idazten segitu zuen, hala ere. Zekale artean harrapaka-ko sei atal osorik idatziak zituen naziak errenditu zirenerako, 1945eko maiatzerako. Gerra bukatu berritan, atseden etxe batera bidali zuten, gudaldiko zauriak senda zitzan. Senda-agiria jaso zuenean, kontrainformazio lanetan aritu zen Alemanian. Han ezagutu zuen bere lehen emaztea izango zena: Sylvia Welter, maila baxuko ofizial nazi izana. Eta Salingerrek idazten segitu zuen.

Sekula ez zuen erabat itxi Bigarren Mundu Gerrako fronteetan bizi izandakoen orbana. 1950ean argitaratu zuen For Esmé - With Love and Squalor da (Esmeri, maitasunarekin eta miseriarekin) horren erakusle, besteak beste.Hurrengo urtean eman zuen Zekale artean harrapaka. Orduko literatur kritikariek goretsi egin zuten lana: Gerra Zibilak Mark Twain eta Walt Whitman utzi zizkion bezalaxe, Bigarren Mundu Gerrak J.D. Salinger utzi zion AEBetako literaturari. Gero etorri ziren Nine Stories (Bederatzi ipuin, 1953), Fanny and Zooey (Fanny eta Zooey, 1961) eta Raise High the Roof-Beam, Carpentersand Seymour, an introduction ('Altxa gatzaria, arotzak' eta 'Seymour, sarrera bat', 1963) narrazio labur zein luze bildumak. Glasstarren saga eratu zuen horietan. Gazteen arazoek garrantzia dute denetan. 1965eko ekainean argitaratu zuen azken testua, The New Yorker aldizkarian: Hapworth 16, 1924.

Eta kito. Gortu eta mututu zenidazlea, Holden Caulfielden pentsamenduetan bezala. Ingurukoak ere mutu eta gor nahi zituen, gainera. Ez zituen maite berari buruzko testuak, biografoei oldartu zitzaien. Zekale artean ezkutuka ibilirik ere, baina, idazten segitu zuen. Hala esan zuen 1974ko azaroan, bere lehen lanen berredizioen aurka zegoela adierazteko The New York Times egunkariari eman zion elkarrizketa batean: egunero eta ordu luzez ari zela idazten. Idazlearen alabak, Margaret Salingerrek, aitak idatziok erakutsi zizkiola jaso zuen Dream Catcher (Amets harraparia, 2000) memoria liburuan. Literatur munduan uso ageri zen J.D. Salinger etxean otso zela, hori ere idatzi zuen. Etxekoak gaizki tratatzea, matxista izatea leporatu zion idazleari bere alabak.

Mendeurrenaren harira

Salingerrek 1965etik aurrera idatzitako ia ezerk —ezta hainbat neska gazteri bidali omen zizkien gutun limurtzaileek ere— ez du argia ikusi, hala ere. Etzi da idazlearen jaiotza mendeurrena, eta bere lanen berrargitalpena besterik ez dute iragarri. Joan den hiletik daude kalean lanok. Testu berririk ez. Nahiz eta David Shieldsek eta Shane Salernok Salinger ikerlanean —liburua eta dokumentala egin zituzten— hala iragarri zuten 2013an. Ikerlari horien arabera, Salingerrek zehaztuta utzi zituen bere lan argitaragabeen argitaratze data eta modua. Bost liburu lirateke, 2020 urtea bukatu bitartean argitaratzekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.