Uda batez Galeuscan

Idazle bizitza

Lasarte-Orian (Gipuzkoa) jaio zen, 1975ean. 1994an, Kea behelainopean bezala poema liburua argitaratu zuen. Ordutik, Beluna Jazz, Pasaia Blues, Belarraren ahoa eta Twist nobelak; Neguko zirkua eta Beti oporretan ipuin liburuak; eta Norbait dabil sute-eskaileran poema bilduma kaleratu ditu, besteak beste. Saiakerak, artikuluak, gidoiak, liburu ilustratuak eta komikiak ere kaleratu ditu. Haren azken nobela, Fakirraren ahotsa (2018), Imanol Larzabal kantariaren bizitzan oinarrituta dago.

Harkaitz Cano.
2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Literatur kanon berria nola eraikitzen den, horri buruzko lezio nagusia Santanderreko udako ikastaroetan jasoko nuen, baina urte hasiera ere ez zen makala izan: Miamiko liburu azokan -hiletatan familia bezala- lehen lerroan eserarazi gintuzten idazle «hispano» guztiak. Leandra Vallejo poeta venezuelarrak parean zituen guztiekin oheratu zela aitortuz ekin zion saioari. Elkarri begiratu genion gonbidatuok, osotoro estonatuta. Leandra Vallejo isilik geratu zen suspensearen luzagarri. «Denen liburuak gau-mahaitxoan dauzkadala esan nahi nuen». Hiru suizidio, bi ume lapurtueta eurite unibertsal bat tarteko zituen testua irakurri zuen gero. Nire gelako bainuontzia hoteleko igerilekua baino handiagoa zenez, igerilekuan bainatu nintzen, kontzientzia ezkertiarra salbu mantentzeko.

Göteborgen harrera dotorea egin ziguten xanpain eta guzti: gaua Pays Basque eta Pays-Bas gauza bera ez zirela azaltzen pasa ondoren, ostra intoxikazio batek hobira bidali ninduen ia. Tamalez, ez nintzen Suedian hil. Bulgarian, Sofian 24 orduz zabalik zegoen liburu-denda bati buruz hitz egin zidaten. Mall antzeko baten barruan zen eta jende gehiago zegoen berogailuaren abaroan liburu aurkezpena entzuten baino. «Urtezahar gauean etorri beharko zenuke». Horixe, datorren urtean bertan. San Frantziskoko Mission auzoan Roque Daltonen omenezko saio batean izan ginen. Pollo Campero oilasko frankiziak babesten zuen. Inortxok Roque Daltonen poema alerik irakurri ez arren, ia lau orduz luzatu zen ekitaldia. Lantzean behin, aurkezleak mikroa hartu eta publikoa animatzen zuen: «Jan oilaskoa jaun-andreok, oilaskorik gabe ez dago poesiarik! Pollo Campero, El Salvadorreko harrotasuna!». Poeten emazteek ontziak garbitzen zituzten backstage-ean, publikoak ezin zenba ahala platerkada hustu bitartean. Umeek dantza egin zuten. Ondo elikatuak ziruditen.

Georgiako egonaldiaz bi gauza oroitzen ditut: aireportuko ekipaje-zinta kasinoko erruletaren gisan zenbakitua zegoela, koadrotxo gorri eta beltzekin, eta Vladimir Maiakovskik ostatu hartu ohi zuen egoitza batean egin genuela irakurraldia. Liluragarria lekua, norbaitek «suiziden apeadero» espresioa erabili zuen arte. Kontatu ziguten bigarren eskuko autoak erditik moztuta inportatzen zituztela, txatarra zirela itxuratu eta zergarik ez ordaintzeko; gero, Tbilisi inguruko faktorietan berriro ere ibilgailuak soldatu eta martxan jartzen ei zituzten birsaltzeko. Autoen joskurak topatu nahian igaro nuen egonaldia. Txekian galtzada-harriei «katu buru» deitzen dietela ikasi nuen. Polonian ez zen gure irakurraldira inor azaldu, baina vodka edan genuen eta jazz kontzertu on bat entzun. Varsovian, zakatek hitzak izkina esan nahi duela irakatsi ziguten kale ertzean zegoen izen bereko tabernan. Vodka gehiago eskatu genuen zerbait ikasi izana ospatu eta ezustean harrapatu gintuen ultraeskuindarren manifestazioa liseritzeko. «Guraso komunistak mendekatzeko, elizatik ezkontzen dira orain hogei urteko gazteak».

Mexikon txoferra jarri ziguten, lutxa libre konbate batera eraman gintuena. Ring-ean arerioak maskara erauztea da, nonbait, umiliaziorik handiena borrokalari batentzat; zigor bezala, tximak mozten dizkiete publikoaren bistan. Perlazko idunekoa zeraman emakume irtirinak irainka hartu zituen borrokalariak: «¡Encúlele, pendejo!».Emakumeak arraia alde batera orraztutako sei urteko mutikoa zekarren pintxo-txintxo; ohitua zegoen amaren ujuetara. Sarrera-txartelak, honelaxe zioen atzealdean: «Debekatua zazpi urtetik beherakoei...». Eta letra ttipiagoz, segidan: «...lehen lau ilaratan esertzea». Edonora iristeko auto iIarak luzeak dira DFn eta txoferrak autotik jaitsi eta zinera joateko aholkatu zigun. «Zuek lasai: hurrengo semaforoan jasoko zaituztet». Buenos Airesen, gabardinako patrikak liburuz beteta zeuzkaten ikasleek jakinarazi ziguten Boeing 767 bat pilotatzen ikasteko baino ordu gehiago behar direla tangoa txukun dantzatzeko. Txileko Santiagon jarri ziguten gidaria pinochetista zen: «Ez dakit delegaziokoek zer kontatuko zizueten, baina egia osoa hauxe da…».

Portugaleten Kirmen Uriberekin nahastu ninduten eta Bartzelonan Unai Elorriagarekin. Milanen ohartarazi zidaten Woody Allenen antza ote nuen, «gazteagoa zenean, jakina». Jakina. Madrilen nire aurreko ipuin bilduma nobela ederra zela esan zidan liburu-saltzaile hipsterrak.

Indian tren bidaia luzea egin nuen gauez. Geltokien izena ikusteko modurik ez zegoenez, trena geratzen zenero nire helmugako hiriaren izena oihukatzen nuen gainerako bidaiariek buruaz bai ala ez adieraz ziezadaten. Indiarrek ez dakite buruaz bai edo ez egiten, ordea: zalantza adierazten dute beti. Mirakuluz, zegokidan estazioan jaitsi nintzen.

Izandako hiri guztietan irakurri nuen poema berbera, tigrearena. Beti puntu berberean egiten zuen barre audientziak. Beldurgarria zen. Eta izugarri ederra. Kontsolatzen ez dena da ez duelako tigre bati buruzko poemarik sekula idatzi.

Pasatako guztiekin alderatuta, Santanderreko udako ikastaroak oporraldi bat izan zitezkeen, ia. Bainuetxe baten pareko baltsamua. Lo-lekua konpartitua izatea zatekeen eragozpen bakarra. Poeta katalan oso atsegin eta berritsu bat egokitu zitzaidan gelakide, hurrengo goizean gure mahaingurua arteztu behar zuena. Jardunaldiko lehen egunean zerbait hartzen geratu ziren parte-hartzaileak afalostean, baina nekatuegi nengoenez garaiz erretiratu nintzen hotelera. Goizeko lauak aldera, norbaitek esnatu ninduen, sorbalda samurki astinduz.

«Aizak, gela utziko? Neska bat diat korridorean zain!».

Bezperan ezagututako poeta katalana zen, nola ez. Arrapaladan zerbait soineratu eta gelatik irten nintzen, erdi lo eta beste erdi sonanbulu. Esna egon izan banintz esango niekeen: «On egin».

Uztaila zen eta goizaldea epel. Hondartzari begira entretenitu nintzen tarte batez, lehen kafetegia zabaldu zuten arte. Gosaldu bitartean egunkariak irakurri nituen, logurak akabatzen. Ez zen katastrofe kitzikagarririk egun hartan. Hoteletik pasatu gabe, zuzenean jo nuen mahaingurura.

Poeta katalana dutxaturik eta lurrindegi zegoen ordurako nire ondoan. Mendebaldeko kanona aldatzera zetorren idazlea bezala aurkeztu ninduen kasik, gure belaunaldiko itsasargia. Virginia Woolf aipatu zuen: Gela bat norberarena. Gaizki esan zituen nire liburuen izenburu guztiak. Bi kazetarik, oso kontzentratuta, apunteak hartzea itxuratu eta mahai gainean utzitako grabagailuen pilak agor ez zitezen erregutzen zuten.

Bazkari-bonoak bageneuzkan, bederen. Oilaskoa atera ziguten. Gauza jakina da hori: ez dago poesiarik oilaskorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.