Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Bake betierekoa eta Mitxelenaren profezia

2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Burdinazko ekaitzak.

Pandemiarekin, esperantzarako bi helduleku genituen. Bat, historia: gure aurrekoen eskarmentua, esanez pesteak indarra galtzen duela. Bigarren heldulekua, zientzia: goiz zein berandu, bagenekien txertoa lortuko genuela eta dramaren teloia korritu.

Birusek ez dute borondaterik, kontrolik, gorrotorik. Etorri bezala (erdi) desagertzen dira. Gerrak, ordea, gizakiaren borondate libreak sortuak dira. Tribu batek, herri batek, estatu batek gerra probokatzen du beste tribu, herri, estatu baten kontra. Gerra hasi duenak irabaztea du asmo bakar, eta, horretarako, etsaien hilketa kolektiboak eragin behar ditu, sufrimendua zabaldu, dena erraustu. Eta irabazi. Hildako etsaien kopuruak eta bizirik gelditutakoen hondamendiak ziurtatzen du garaipena, gerrak indarra du bihotz eta errai. Armen, itsumenaren, gorrotoaren indarra behar ditu gerrak, etsai ditu zalantza eta epeltasuna, ez du duda-muda txikienaren arrakalarik onartzen.

Gerraren argazki robota osatzeko, horra gizonezkoak gerra guztietako odoletan enpo. Patriarkalak, misoginoak, fanfarroiak, mandarrak, testosteronaz blai. Fetitxe arrak dira armak ere, fusilak, tankeak, misilak, torpedoak. Arra da gerretako hizkera: potroak behar dira gerra egiteko, barrabilekin irabazten dira dominak eta batailak. Horren guztiaren esentziari «barne esperientzia epikoaren edertasuna» deitu zion Jüngerrek gerrari gorazarre egiten dion Burdinazko ekaitzak obra beliko ezagunean. Antzinako epopeietan zein gaurko film eta nobela belikoetan arrak dira protagonistak, maskulinoa da haien gaia eta trama, giroa, espiritua, emakumeak babesle eta ukendu rolera bazterturik dauden bitartean, Hemingwayren testuetako emakume erizainen estereotipoaren bidetik.

Gizadiak lortuko du inoiz gerrarik gabeko mundurik?

Betoak eta botoiak.

Kantek galdera horixe egin zuen orain berrehun urte pasatxo. Filosofoari buruz dakigun apurra ikasi genuenean, Prusiako Könisberg hirian jaio zela. Alemana zen bertako hizkuntza nagusia. Kantek laurogei urte hurbil zituela, Prusiak Basileako Bakea sinatu zuen Könisberg hirian, neutraltasun halako bat bilatu nahian Napoleonen espantsionismoaren aurrean. Gaurko mapetan ez da Könisberg agertzen. Hiriak orain Kaliningrado du izena, Errusiaren parte da eta óblast edo probintzia baten antzeko egitura du. Óblast guztietatik Kaliningrado da Errusiarekin lotura geografikorik ez duen lurralde bakarra. Berrehun urteren bueltan, errusiera da orain bertako hizkuntza bakarra.

Dadin Könisberg, bedi Kaliningrado: auskalo hiriak zenbat gerra ezagutu duen 1255ean sortu zenetik. Zer egin horren kontra?

Kantek 1795. urtean, Basileako Bakearen urte berean, saiakera politiko bakezale eta aurrerakoi bat idatzi zuen: Bake betierekoa (Zum ewigen Friewden). Bake iraunkor baten aldarria da. Izenburu anbiguoa du, agian baita ironikoa ere, zeren betiereko bakea hartu bailiteke gerrek eragindako heriotza-osteko sosegu eternalaren gisa (ewigen, eternala alemanez); edo izan daiteke bake betirakoa hemen, munduan mundu den bitartean iraungo lukeena. Kant bigarrenaz ari da, noski.

Esanak esan: ikusita gerrek zer-nolako kalteak eragiten dituzten urrun bezala hurbil, Kantek proposamen politiko-morala egiten du bere obran: bake etenik gabe bat lortu nahi badugu munduan, ezinbestekoa dugu giza komunitate unibertsal bateko partaide desberdinen harremanez arduratuko den Zuzenbide Kosmopolita bat, nazio guztiek onartua eta justizia egingo duena mundu zabalean. Guk ezagutzen dugun NBE (Nazio Batuen Erakundea) liburu haren espiritutik omen dator, baina mundu globalizatuari ez dio justizia globalik ekarri, bere ibilbidea oso urruti dago Kantek markatutako helburutik. Errealitatea: estatu indartsuenek ez dute justizia unibertsalik nahi, ez zaie komeni. Aski da estatu boteretsu baten betoa iniziatibarik eraginkor justuena atzera botatzeko, ez dago justizia unibertsal bat esango duenik, «aizak, Putin, ez zaik debalde aterako». Estatu boteretsuenek betorako eskubidea daukate NBEn eta botoi nuklear bana nork bere bunkerrean. Putinek betoa eta botoia, biak baliatu zituen gerra hasieran: betatu egin zuen inbasioaren kondena, eta botoi nuklearrari sakatzeko mehatxua egin zuen ia aldi berean. Ar alfa bat mundua desafiatzen.

Charlot eta Mitxelenaren profezia.

Putinen imajinak ikusten ditudan aldiro, haren erraiak imajinatzen ditut zornatuta, irabiaka, irentsi ezinik nola komiko bat adarra jotzen ari zaion Ukrainatik. Nola ez gogoratu Charlotekin? Zein izan zen Bigarren Mundu Gerran Hitlerri behazun-min, ozpin eta ostia txar gehien eragin zion pertsona? Charles Chaplin. Haren The Great Dictator filmak kalte handiagoa eragin zion Hitlerren autoestimuari porrot beliko handienak baino. Charlot, Hitler jantzian, mundu-bolari bueltak eta bueltak ematen, tragediaren erruduna barregarri utziz mundu guztiko zinemetan (orduko Alemaniakoetan salbu) jendea tripak lehertu beharrean.

Harkaitz CanorenBelarraren ahoanobela distopikoa konpainia ona da bizitzen ari garen garairako... Bertan, Hitlerrek ez du gerra galdu, aitzitik, Estatu Batuetara doa hura ere konkistatzera, itsasontziko sotoan, Charles Chaplin komediantea daramalarik preso. Ez dut espoilerrarena egingo, nobelaren ironiak gerraren kezka eramaten lagunduko dio irakurleari.

Tamalez, Koldo Mitxelenak ez zuen Chaplinen filmaren iruzkinik egin, baina Stanley Kramerren In the beachfilm belikoari egindakoan botoi nuklearra aipatzen du, seguru asko euskaraz lehen aldiz egiten den aipamena. «[...] garaiz ohar gaitezen gure azken orduaz, aski izango omen da, diotenez, norbaitek —ez dakigu nork— botoi kaskar bat estutzea», idatzi zuen Gerra Hotza-ren garaian, Egan-en, 1960 urtean. Filmari eta gerren ondorioei buruzko hainbat kontsiderazio egin ostean, profezia batekin ixten du artikulua: «Bospasei Aita Santu gelditzen omen zaizkigu oraindik, esaten didatenez, azken juizio aurretik. Luzaroan bizi daitezela!».

Hirurogeita sei urte pasatu dira ordutik, eta justu sei Aita Santu: Joan XXIII.a, Paulo VI.a, Joan Paulo I.a (efimeroa ere deitua), Joan Paulo II.a, Benedikto XVI.a eta Frantzisko. Frantziskori zenbat urte faltatuko zaizkio ba… Putinen gerrari Mitxelenak entzundako profezia (esaten didatenez) erantsiz gero: horretan, behintzat, gure maisuak ez ahal zuen asmatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.