Affair kriminala

Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen, 1981ean. Umeek gezurra esaten dutenetik (Erein, 2005) ipuin liburua du bere lehenengo lan argitaratua. 2009an, Igartza saria irabazi zuen Hiltzaileak eleberri proiektuarekin, eta horren bidez argitaratu zuen Mea culpa nobela, 2011n (Elkar). Horren aurretik, Frantzisko Xabierkoa iheslaria biografia kaleratu zuen (Txertoa, 2008). Historiako lizentziaduna da, eta prentsa idatzian ere aritua; BERRIA egunkarian zutabegile jarduna.

UXUE APAOLAZA
2017ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Apalategiak lekualdatuta zeuden, horregatik ezin nuen modu automatikoan nahi nuena hartzera begiratu gabe joan, Madrileko Luna plazan, lanetik bueltan ia egunero bisitatzen nuen eta familia txinatar batek gobernatzen zuen ultramarimo kutsuko Coviran supermerkatuan barrena (nire ekonomiak eskertuko zukeen asteroko erosketa planifikatuak egitea, baina gatz asko-askoko aurrez prestatutako jakietan xahutzen nuen dirua). Horregatik, nire ostiral gauetako burritoak prestatzeko artoz eginiko tortilla bila eskua luzatu eta, haien lekuan, Hello Kityren irribarrea ikusi nuenean, koaderno arrosa sorta batean, erretxindurik jiratu nintzen inguruari kontu eske. Eta orduan, ikusi egin nuen: zazpi bat urteko erreboltaria, koadernoekin konbinatzeko bezala goitik behera arrosaz jantzita, tropen moralari eusteko misio hedonista betean.

Gona arrosako poltsikoan zerbait sartu nahian ari zen, zerrenda bati lotuta zegoen amak eskutik lotuta. Zerbait horrek handi samarra behar zuen, gordelekurako handiegia behintzat, kostatzen ari baitzitzaion poltsikoratzea. Begiradak gurutzatu genituenean biok genuen kopeta zimurtuta; behar nuena lehenengoan ez topatzeagatik nik (etxera iristeko beharra zuten nire zangoek); gaiztakeriak eskatzen duen kontzentrazioagatik berak (goma arrosez lotutako bi mototsek gaiztotasuna bihurrikeriara murrizten zuten, baina gaiztakeria zen, nirearen mailakoa). Irribarre erdi bat jaio zitzaidan, bere erdi elutxadunak osatu zuena. Pozik zegoen, bazuelako bere talentu subertsiboa norekin konpartitu.

Gauzak non dauden ez dakigunetan gertatzen den eran, espero ez nituen tentazioekin topo egin nuen artozko tortillen bila; makurturik nengoen normalean tomate latak egoten ziren apalaren aurrean, zopa txinatar koloretsuei begira, berriro errebeldearen begiradarekin topo egin nuenean. Bost bat segundo pasa zituen nire ondoan, besoa gorantz, bere eskutxoa amarenak estutzen zuela, bekoz beko begiratzen zidala; berak egin zidan irribarre lehenengo oraingoan, hatz erakuslea ahoan sartuta, txokolatina bat hartzen ikusi ninduenean —ei, azkarregi goaz beharbada, baby—, amatzat zuen erraldoiak tira, eta ia airean eraman zuen arte, zerrendan izango zuen hurrengo geltokira. Pauso txiki asko egin behar zuen amaren bakoitzeko, arazoa larriagotzen zuten sandalia arrosa deserosoak soinean. Eta eskuaz poltsikoari eusten zion, eta begirada esku horretantxe iltzaturik zeraman, muturrez aurrera erortzeko arriskua oharkabean onartuta, ohartuta ere egingo lukeen arren, lehentasunak itsututa: erresistentziaren moralari eusteko beharrak, hain zuzen.

Bi gauzaren bila baino joan ez banintzen ere, bospasei neramatzan artozko tortillak bandejatzat; gauzak lekuz aldatzeak nirekin funtzionatzen du, ez zaie bizio berriei atea itxi behar. Ama bueltak jasotzen ari zen kutxara iritsi nintzenerako. Umeak eskua poltsiko barruan zuen eta kezka aurpegian. Kalera bidean ama kartera ondo itxi eta poltsan sartzera gelditu zen eta haurrak eta biok agur irribarre oso bana egiteko aprobetxatu genuen tartea. Eskua apur bat atera zuen patrikatik, guztiz txokoleztatua. Tableta handia behar zuen poltsikoan Madrileko berotan urtzen ari zitzaiona. Amak erresistentziaren bat sumatu zuen umeari berriro ere besotik tira zionean eta niri begiratu ere egin gabe (harritu egin nintzen banengoenaz ohartua zelako, baina egia da, zenbaitetan, zure itxura gustatzen ez zaien pertsonek ikusi ez zaituztenaren itxurak egiten dituztela, eta nik ondo lantzen dut sujetadorerik gabeko nire ero itxura biboteduna), zakar oihu egin zion ezpainak estuturik errudun aurpegiz eskua ezkutatu zuen neskatoari.

— Berarekin gelditu nahi al duzu? Hemen utziko al zaitut tipa horrekin? Nirekin baino hobeto egongo zarela uste duzu?

Ezetz egin zion buruaz Disney irribarre gozoz, bere bizitzako ama bakarra zela aginduz bezala. Ez zuen atzera begiratu aterainoko bidean, profesionala zen. Baina libre zuen besoa atzerantz okertu zuen txokolatez betetako esku ahurra niri begira, eta agur-agur egin zidan.

Irten nintzenean, gehiegi urtu ez zedin kuleroetatik Twix txokolatina lapurtua atera, eta zigarroa piztu nuen, denda osoan barrena atzetik segika ibili zitzaidan zaindariari nik ere irabazi niolako pozik. Guztiok dugu zaintzen gaituen norbait.

Ez gara hain gutxi, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.