Narrazioa

Algarak

Elgoibarren (Gipuzkoa) jaio zen, 1971n. Kazetaria da ikasketaz, gidoigile ere aritua da ETBn, eta 1998an plazaratu zuen lehen narrazio liburua, Tentazioak. 2001ean argitaratu zuen haur eta gazte literaturako lehen lana, Jara bildumari ekinez. Ezekiel eta Eskularru Beltzak sailak etorri dira ondoren. Nobela ere idatzi du: Greta (2003), Bi marra arrosa (2009) eta 12etan bermuta (2015). 2014tik joan den udaberrira arte, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria izan da.

Jasone Osoro
2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Erotzen hasia nintzen. Medikuek halaxe diagnostikatu zidaten. Tira, haiek beste hitz bat aipatu zuten, serioagoa, ponposoagoa, zientifikoagoa: Eskizofrenia arrunta. Edonola, hilabeteak iraun zuen azterketa sakonaren konklusioa argia zen: ni, Elena Basterretxea Sorazu, erotzen hasia nengoen. Egia esan, liberazioa izan zen hura niretzat. Sentitu nuena ez zen bertigoa izan, askatasuna baizik. Ni benetan nintzen bezalakoa izateko libre nintzen. Disimulurik gabe. Izan eta ekin. Naizena. Nintzena. Betikoa, baina, orain, erotan, garbiagoa. Zeren, urte luzez ibili bainintzen eusten. Sentitzen nuena kontrolatzen. Egin nahi nuena mugatzen. Berez nintzena katez lotzen. Eroa nago. Eromenak irentsi nau. Eta zer? Zer du txarrik horrek?

Psikiatraren kontsultatik irribarrez ateratzen nintzen estreinako aldia zen hura. Ironikoa. Bertaratu nintzen lehen aldian ahul sentitzen nintzen, ikaraz, zer esango ote zidan beldur, eta itxaropentsu, nire gabezia eta ahuleziak sendatzen lagunduko zidalakoan. Pilula arrosak eman zizkidan berehala. Eta hobeto sentitu nintzen. Irribarrerik gabe, halere.

Eromena estreinatu berritan, aldiz, ezpainen kurba gorantz zizelkatua sentitzen nuen. Eta, aspaldiko partez, bihotz-taupadak ez ziren kirioen tirania, barne barnean ezkutatzen zen poz arraro batek sortua, baizik. Hala, beti nahi izan nuena egiten hasi nintzen. Berriz diot, psikiatraren kontsultatik atera eta berehala. Eroek eskuratzen duten ziurtagiri horren jabe. Pozarren.

Eta zigarro bat eskatu nion ezezagun bati. Kalean. Eta kearekin kuboak egin nituen airean, ero batentzat posible baitzen hura, kuboak egitea zigarroaren kearekin. Eta kubo karratu hura pantaila bat balitz bezala, bertan ikusi nuen irudikatua nire etorkizuna. Bertan ikusi nuen nire burua, ispilu bat balitz bezala. Ni, Elena Basterretxea Sorazu, berriz ere jaio nintzen. Urte luzez hilda sentitu eta gero, iritsi zitzaidan bide berri bati ekiteko ordua.

Zigarroa zupatu nuen akabatu arte. Nikotina sentitu nuen birikak iluntzen baina berdin zitzaidan. Poltsan beti eramaten nuen baina sekula erabiltzen ez nuen pintalabiosa atera eta eskaparate bati begira pintatu nituen ezpainak, gorriz. Indartsu sentitu nintzen, eta ausardia faltagatik sekula egin gabekoak egiten hasteko gogoz. Inprobisatzeko, esaterako. Nire bizitza kalkulatua eta ordenatua zen. Hain neurtua ezen ez bainion tarterik uzten ezusteari. Eta horrek gogaitu egiten ninduen, ito. Baina halakoxea zen nik eraiki nuen bizitzaren markoa: lodia. Horregatik, inprobisazioa hitza nire buruan agertze hutsa garaipen bat bezala hartu nuen. Agindurik jaso gabe bizitzen hasteko modua. Helmugarik gabe ibiliz. Planik gabe ekinez. Kalkulurik gabe sentituz.

Hala, ileordeak saltzen zituzten denda baten parera iritsi nintzen eta baita barrura sartu ere. Alderik alde ilea. Alderik alde koloreak. Alderik alde beste norbait izateko aukera. Ni ez zen beste norbaiten azalean sartzeko modua. Edo ni benetan nintzena izaten hasteko aukera. Nire ile luzean gatibu sentitzen nintzen, mozteak indarra kenduko zidan ikaraz. Hantxe, artifizialtasunaren erreinu hartan, zeudenen artean laburrena aukeratu nuen. Eta hura jantzita, Elena berria atera zen dendatik. Benetako Elena. Indartsua. Indartua. Kalean, gizon batek begirada lizuna bota zidan, eta tentazioa izan nuen harengana joan eta mingainean koska egiteko. Emakume batek irribarre egin zidan, eta tentazioa izan nuen harengana joan eta ezpainak jateko.

Etxean Mikel zain izango nuen. Eskailerak gora indargabetzen hasi nintzen. Hankak kendu dizkioten manikia bezala, erortzear sentitu nintzen. Hori ohikoa zen nigan. Esan nahi dut, etxera itzultzea aspaldian traumatikoa zela niretzat. Mikelek ez zekien psikiatrarengana joaten nintzenik ere. Ez luke ulertuko. Ez luke onartuko. Burla egingo lidake. Oihuka hasiko litzateke. Zeinen ahula naizen aurpegiratuko zidan. Bere estiloan. Azken 10 urteotan egin duen bezala. Noizbait maitasunezkoak izan ziren geziak pozoiarekin igurtziz.

-Elena! Zu al zara?

Bainugelan zegoen. Baineran sartuta. Ur berotan. Ilea moztu berri, ia burusoil.

-Zer egin duzu buruan?

Ispiluan, kosta egin zitzaidan nire burua errekonozitzea.

-Erotu egin al zara? bota zuen.

-Bai.

Barre egin zuen. Algaraka hasi zen. Ni irainduz. Abilezia berezia zuen horretan. Barrez hasten zen bakoitzean nitaz barre egiten zuen. Banekien. Eta bere algara bakoitza azkon bat bezala ziztatzen zen nire zainetan. Txintxetaz zulatutako emakumea nintzen aspaldian.

Arrazoia zuen Mikelek. Barregarria nengoen ileorde harekin, ezpain gorriekin. Kendu egin nuen, eta nire adats desordenatuak nire neuronen kaosa gogorarazi zidan. Zepiloa hartu eta di-da hasi nintzen korapiloak askatzen, horrek barnean neukan egonezina baretuko balit bezala.

-Zatoz, polita. - esan zuen, zakila astintzen hasi zen bitartean.

Hurreratu eta burua makurtu nuen. Berak bere eskuaz bortizki sartu zuen nire aurpegia uretan. Bere plazera oinazea zen nire tripetan.

Tentetu nintzenean, ile bustia aurpegira erortzen zitzaidan, sorbaldak umelduz, alua lehortuz. Mikelek ilea mozteko zuen makinilla hartu eta, ispiluari begira, nire lokia seinalatuz jarri nuen. Hil edo bizi. Ni hil, edo ni bizi.

-Zer?- galdetu zidan Mikelek.-Ilea mozteko asmoa? Ez zara ausartuko!

Makinilla piztu eta bainera barrura bota nuen. Elektrizitatea urarekin larrutan hasi zen.

Barrez hasi nintzen. Algara batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.