Xumai Murua. Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakaria

«Gazte andana heldu da entzule gisa»

40 urte bete ditu asteon Bertsularien Lagunak elkarteak. Urteotako ibilbidearen errepasoa egin du bere lehendakariak. Baita aurrera begirako erronken inguruko gogoeta ere.

GUILLAUME FAUVEAU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Hendaia
2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
1980ko abuztuaren 18an sortu zuten Bertsularien Lagunak elkartea, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako bertsolari eta bertsozaleak bilduz. Ernest Alkhat izen zen elkartearen lehen lehendakaria. Ondotik, Txomin Ezponda, Fermin Mihura, Jexux Arzallus, Aitor Sarasua eta Joana Itzaina aritu dira lan horietan; Xumai Murua (Urruña, Lapurdi, 1985) azkena. Hirugarren urtearen bila doa ardura horretan.

40 urte bete ditu asteartean Bertsularien Lagunak elkarteak. Zein nabarmenduko zenuke, bereziki, urteotako lorpen gisa?

Hastapenetik, saioak sustatzea eta ondorengoei bertsolaritza transmititzea izan dira elkartearen ardatzak. Hezkuntza arloan, bertso eskolak dira fruiturik ederrenak. Hegoaldetik errefuxiatu zirenei esker heldu ziren: Xanti Iparragirrek Eskoriatzatik [Gipuzkoa] ekarri zuen Almen bertso eskolaren esperientzia. Ikastoletan eta eskola elebidunetan ari gara lanean egun, hezkuntza arautuan, eta hortik bertso eskolara jauzi egiteko bidean, ikastoletan lortzen dutenez haurrek euskara gaitasun gehien, ikastolei esker elikatzen dira batez ere bertso eskolak. Garaipenik handiena da haurrei eta gazteei bertsotan aritzeko gogoa ematea. Eta plazerik handiena, ikasle izan ditugunak bertsolagun izango ditugula orain oholtzan, badatorren Xilaban. Hori beste garaipen handi bat da.

Sustapen arloari dagokio hori.

Sustapen arloko lorpen handi bat da Xilaba, bai, taldekakoa zein banakakoa. Nafarroakoekin kantatu genuen urte luzez, eta iritsi zen momentua gurea egin genezan. Ez dugu ezer asmatu, bagenuen nahikoa erreferentzia inguruan: Bardoak Nafarroan, Kuadrillak Araban, taldeak Gipuzkoan... Kopiatu eta kolatu, ez dugu besterik egin, eta hori zen egin beharrekoa. Erronka horri ongi erantzun diogu, eta entzuleak ere biziki ongi erantzuten du.

Zu jaiotzeko zinen elkartea sortu zutenean. Sortzaileen belaunaldiak argi zuen bertsolaritza galtzen ari zela.

Pentsa, haien artean baziren zenbait, ikusirik entzuleriaren beherakada, arrakasta mantentzearen behar horretan, bertsoak kantatzeari utzi eta txisteak frantsesez kantatzeari ekiten ziotenak. Tenore horretan sortu zen elkartea eta sortu ziren bertso eskolak. Hizkuntzaren galeraren kontzientzia bat bazen. Transmisioaren gaia ikastolen mugimenduak ekarria zuen ordurako, eta horren ondotik eta horri artikulatuta gara aldi berean. Ikastola non, bertso eskola han; hala izan da normalki.

Bertsolarien belaunaldi aldaketa ez zen berehalakoan etorri.

Bilakaera aipatzen dugularik, elkartea sortu zelarik, Txomin Ezponda, Manuel Sein Xanpun, Jean Louis Harinordoki Laka, Ernest Alkhat, Mixel Aire Xalbador, Fermin Mihura... ziren bertsolariak. 2000. urterako, Ametsek [Arzallus] eta Sustraik [Colina] beren bidea hasia zuten, eta Miren Artetxe, Eneritz Zabaleta, ni neu eta beste ere, hemengo plaza txikiagoetan bagenbiltzan, eta erreleboa orduan hartzen hasi ginela erran daiteke.

Urko Atxotegi eta beste batzuk hasi ziren lehenago, Nagore Fernandezek eskolarteko txapelketa bat ere irabazi zuen, baina hor geratu ziren.Gu hasi ginenean bazetorren ikastoletan-eta suspertze bat, baina suspertze hori ez zen iritsia oraindik entzulegora.

Orain bai?

Orain beste fase batean garela senti daiteke, bai. Batez ere, azken bi urteetan antolatu ditugun taldekako txapelketak dira horren lekuko. Gazte andana heldu da entzule gisa.

Aldaketa soziologiko bat gertatu da?

Hori da. Gu kantuz ari ginelarik, pixka bat karikatura gisan errateko, nerabe batzuk ginen, eta aitatxi-amatxi batzuen aitzinean ari ginen. Gaur egun, gazteak ari dira kantuz eta beren adineko publikoa dute parean. Bilakaera hori lortzea garaipentxo bat badela uste dut, eta plazer egiten duen zerbait da.

Lorpen hori ez da soilik Bertsularien Lagunak elkarteak egin duen lanaren ondorioa, baizik eta lurralde honetan ikastoletan-eta Seaskak, Udalekuk, AEK-k eta Euskal Konfederazioan elkartutako denek egindako lanarena. Bertsozale guztiak euskaldun dira, izan ere, nahiz eta euskaldun guztiak ez diren bertsozale.

Horien ondoan, instituzioetatik, EKEk [Euskal Kultur Erakundea] eta EEPk [Euskararen Erakunde Publikoa] ekarritako laguntza dago, eta, orain, Hiriguneak ematen duen oinarria. Babes bat gehiago da hori, beti.

Asko aldatu al da erakunde publikoekiko harremana?

Hor ere eboluzio handi bat izan da 40 urte hauetan, onerako, eta gaur egungo egoeran horrek ere izan du eraginik. Guk beti gehiago eskatuko diegu, baina instituzioek aitortzen dute gurea bezalako herri mugimenduen ekarpena. Ulertzen gaituzten jendeak ditugu egun aurrean.

Elkartearen bilakaera, geografikoki, orekatua izan al da?

Zaila da neurtzea. Kantitate aldetik begiratuta, ikastola gehien Lapurdin dago, azkenean, eta Lapurdin dugu bertso eskola gehien ere —eta, ondorioz, haur gehien—. Horrek ez du erran nahi lanik egiten ez dugunik Baxenafarroan eta Zuberoan. Haietan ere bada dinamika bat, eta ari da fruitua ematen bi lurralde horietan ere.

Bitxia da: Euskal Herri mailan bertsolarien artean hitz egiten dugularik, gehienek diote otsaila dela bertso saiorik gutien den hilabetea, eta guretzat otsaila da aski bertsolaririk ez dugun urtaroa; kaskarotak, inauteriak, libertimenduak antolatzen direlako, dantzari, antzerkilari eta bertsolarien artean. Bakoitzak badu bere rola etxez etxe ibiltzeko garaian, eta, ondorioz, otsaileko asteburuak bete-beteak izaten ditugu. Paradoxa tipi bat badugu hor.

Kultur ekosistema txiki bat ere bai.

Bai. Eta azken urteotan, libertimenduekin hasirik, kabalkadak ere berpizten ari dira, eta bertsoak ere bere tokia du hor. Egia da lurralde honetan bertsolaritzak ez dituela 600 bat lagun bilduko, Gipuzkoan bezala, baina bada behar bat, pixka bat intimoagoa edo tipiagoa dena, eta bertzeri uztarturik toki bat egiten zaigu.

Nik zailtasunak ditut banatzeko Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoa. Egia da demografikoki jende gehiena kostan bizi dela eta, ondorioz, Lapurdik pisu bat hartzen duela, baina hori ez da fenomeno kulturala.

Ekosistema hori ondoen dagoen tokietan ere egoera hil ala bizikoa da, hala ere. Erabat gutxituta eta ofizial izan gabe segitzen du euskarak.

Hori da. Hemen badira oraindik saio tipi andana bat, bestetan-eta, non bertsoa entzuteko gai gutxi batzuk besterik ez diren. Ondorioz, hogei lagunen aitzinean kantatu beharra askotan gertatzen da, eta hogei horiek euskaraz baldin badakite, gutxi ez.

Nola bizi du hori zu bertsolariak?

Momentu batzuk delikatuak izaten dira, zailagoak kantatzeko. Azkenean, ulertzen zaituenaren aitzinean sortzen aritzea beste gozamen bat da; bakarrik ari bazara pareta baten aitzinean, gozamena eta interesa galtzen dira. Tokatu izan zait aurrean ditudanei begiratzea eta pentsatzea: «Bi horiek ulertzen naute, besteek ez».

Zorionez, bada entzule gisa hurbiltzen ari den belaunaldi berri bat, bada saio antolatzaile bilakatzen ari den belaunaldi berri bat, eta horrek beste hauspo bat ematen die hemen euskarari eta bertsolaritzari. Ea zer bilakaera duen hemendik goiti. Horretan ari gara.

Zein dira elkartearen erronka nagusiak oraintxe bertan?

Jendea elkartearen egitura ezberdinetara ekartzea, erreleboa pasa ahal izateko eta etorkizunean ere mugimendu honek indartsu segi dezan. Haize berriak ez digu kalterik eginen, dudarik gabe. Espero dugu bertso eskoletara eta saioetara hurbiltzen den jende andana ohartuko dela hau guztia posible izateko badela egitura baten beharra eta egitura hori denok osatzen dugula, denok garela bertsularien lagunak.

Bada bigarren erronka bat, harreman erregular bat eskatzen duena: egitura publikoekin egin beharreko lana. Ez doa bide txarretik, erran bezala. Jadanik bide anitz egina da azken hamar urteetan, eta badugu esperantza harreman hori finkatzen eta sendotzen joateko. Horretarako baldintzak badira.

Badatorren Xilaba txapelketako parte hartzaileen artean izen berriak ageri dira.

Xilabarekin hasi ginenean, oso ongi atera zen, baina hamasei ginen. Ondorio hau atera genuen: Zerbaitetan huts egiten ari gara, bertso eskoletan ari diren gazteek ez dutelako txapelketarako jauzia egiten, biziki ongi ari diren bertsolariak izanik ere.

Bi urtetik behin hasi ginen, eta, hain ongi atera da, bi aldiz segidan egin baitugu. Horrek ekarri du aurtengo Xilaba 28 bertsolarirekin hastea. Momentu onean hautu onak egin ditugun seinale bat da hori. Ea orain hau guztia egonkortzen asmatzen dugun.

Zeu ere 28 horien artean zara. Xilaba guztietan parte hartu duzu.

Bai. Eta egia da, urteekin, txapelketari lotzeko motibazioa eta denbora atzematea desberdintzen dela, baina aurtengoak zerbait berezia du, hala ere, betiko hamabost-hamasei horietatik 28 izatera pasatu garelako. Buru berri anitz dator, ikasle izandakoak ondoan izanen ditugu. Motibazioa horretan atzematen dut aurten.

Koronabirus garaiotan, txapelketari eustea erabakitzea harrigarri ere egiten da.

Zalantza askorekin ari gara, azken momentuan gauza anitz aldatzen baitituzte. Espero dugu, hala ere, formatu honek aukera emango digula hemendik azarora jokatu ahal izateko. Nahi baino jende eta diruztatzaile gutiagorekin, agian; dena bertan behera gelditzen ari den garai honetan hau aitzinerat ateratzeko gaitasuna erakustea, baina, bere txar guztian, bada zerbait. Gibelatu behar bada gibelatuko dugu, baina ahal izatea bera, porrot honetan guztian, satisfazioa litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.