Egiaz eta begiaz

'Xangai' eta biok

Bazen gudari bat, gaztea, soraluzearra, herriko batailoian boluntario izena eman, bateko eta besteko tiroketa eta borroketan ibili, eta, erretiradan, Asturiasen osaturiko euskal brigadako kide izan zena. Bazen gudari bat, gaztea, euskal brigada hartan Xangai ezizeneko txinatarra gudakide izan zuena.

Aking Txan Xangai, eskuinean Prisioneros de guerra filmeko fotograman. BEGO ARIZNABARRETA BILDUMA.
Miel Anjel Elustondo
Gasteiz
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Ez duzue zertan jakin, ez baitzineten han, ez baitzarete sasoi hartakoak. Hala eta ere, ez da Moiseren denborako kontua, Espainiako Gerra Zibilaren aldi ilaunekoa baizik. Neure herrian ninduzuen, Soraluzen.

Gazterik, Eibarko Armagintza eskolara joateko zoria izan nuen. Doitzaile tornulari ikasketak egin eta berehala ari ninduzuen lanean herrian. Ez zen lan eskasik, bateko kanoi eta besteko bala, nahi beste arma fabrikatzen zen orduko denboran Soraluzen. Hargatik ibili zuten, bada, Francoren aldekoek gure herri txikiaren kontrako gaitzerizko itsu eta gorroto beltz hura.

1936an, errebeldeak uztailean Afrikan matxinatu eta gerra aldarri egin zutenean, milizia osatu zen herrian. 20 urte nik, boluntario eman nuen izena. Irailean, Francoren armada gure etxeko ezkaratzera sartzeko zorian zela jakinik, Soraluzeko sarreraraino joan eta tarrapatan-tarrapatan!, bandoa jo nuen danbor-hots eta pregoi oihuan, geltokira trena heldu zela builan eta hoska, dioska, nahitaez haraxe joan behar zutela haur eta andreek, Soraluze ebakuatzeko garaia zela. Jaurlaritzak —hau zerutik jakina izango duzue—, Frantziara eta Belgikara eraman zituen haietarik guztiz gehienak. Hala herriko milizian nola gero gure Amuategi batailoian, nork bere jaiera politikoa zuen. Zinez eta minez diotsuet, denetarik zegoen han, debozio kolore guztietako jendea. Batzuk, sozialista ziren; bestetzuk, komunista; honakoak, nazionalistak; harakoak, anarkistak...

Etsaiak borrokatuagatik ere, modurik ez zen. Gu baino gehiago ziren, armaz eta soldaduz, eta Bilbo jautsiz gero, mendebalderantz erretiratu gintuzuen, guztiz sarraskitua Amuategi.

Rosa Luxemburg batailoira bidali gintuzten bizirik ginenok, Kantabrian borrokatzera, Santander jautsi arte. Ikustekoa zen, ez ikustekoa, beharbada, harako Santanderreko portua. Milaka eta milaka iheslari, zibil eta soldadu, gerra gorritik bakezko lurralderen batera eramango lituzkeen barkutzar handiren baten zain. Besterik ezean, nik, ezagutzen ez nituen dozena erdi gudarirekin bat egin eta, portuaren aldirietan, eta urrunago ere, abandonatua iduri zuen oihalontzi xahar bat begiz jo genuen. Itsasoratu, bai, baina ez luzaro. Kaiatik irten ordukoxe, hondar-bakua jo eta hondora gure ontzia!

Orduan, gaitz erdi, Santa Maria arrantzontziak jaso gintuen.

Orduan, gaitz guztiz, hegazkin bat azaldu zen gure gainean, bonbak garratz botaka.

Orduan, gaitz bada gaitz, gerrontzi bat, guri obusak jaurtika.

Latzikarak erraiak dardarazi zizkigun. Izu-izu ginen, beltz eta beldur ginen...

Asturiasen Xangai

Guztiarekin ere, onik heldu ginen Asturiaseko Ribadesellara eta, handik, Ceceda herrira eraman gintuzten, non eratu baitzuten Euskal Brigada guztiz heterogeneo bat... Gogotik borrokatu gintuzuen batean eta bestean. 1937ko irailaren 6an, esaterako, itsasertzetik bertara den El Mazuco mendian ari gintuzuen tiroka. Neurriz gaineko borroka odoltsua izan zen hura. Errebeldeek guk baino zazpi ahal handiagoak zituzten. Euren armak ere ongi sofistikatuak ziren; gureen aldean, bederen. Eta, hala eta ere, ez zuten El Mazuco hartzerik lortu.

Hitlerren Kondor Legioa behar izan zuten gu azpian hartzeko.

Legio hiltzailearen bonbaketariak multzoka agertu ziren. Alfonbra-bonbaketa zertu zuten, hilabete batzuk lehenago Gernikan egin zuten moduan. Orduan bai, galdu genuen El Mazuco.

Ordurako, gurekin zen Xangai.

Txinatarra.

Euskal Brigadara ekarri ziguten intendentziaz arduratuak ziren gure eskuadrako bi euskaldunek, Xixondik, hornigai bila hara joanak zirenak.

Xangai.

Jakin genuenez Txinatik ihes egin behar izan zuen. Ageri denean, han ere bazuten gatazkarik franko, nazionalistak, alde batera, komunistak beti bestera. 24 urteko gaztea zelarik, Xangai sindikatua antolatzen esku hartua zen komunisten artean eta, gobernuak jazartzen baitzuen, herioan irten zen herrialdetik Gerta Moora britainiar merkantzia-ontzian. Europara bidean, Xangaik ontziko sukaldariaren laguntzaile jardun zuen eta, oroz gain, adiskide lagun egin zuen. Ezohiko kozineroa, Xangairen nagusi hura. Vietnamdarra jatorriz, aski asko ikasia, txineraren dialektoren batzuk hitz egiten zituen, eta frantsesez ere bazekien zerbaixka. Haren ondoan ikasi ei zuen Xangaik frantses bihiren bat. Sukaldariaren erudizioaren lilurak Xangai sorgindu zuen, eta dena belarri zen nagusia Vietnamgo politikaz nahiz independentziaren aldeko borrokaz hitz egiten aritzen zenean.

Itsasoan denbora lehorrean bezain arin igarotzen denez, 1937a zen Gerta Moora Europara hurreratzen ari zenean, vietnamdarrak Xangai jakinaren gainean jarri zuen denboran: «Gerra duk Espainian. Estatu kolpea izan zuan iaz. Europan Ez Interbentzioko Hitzarmena sinatu ditek, baina Alemaniako eta Italiako faxistek Francoren matxinatuak babesten ari dituk, erran delako hitzarmena gorabehera! Espainian faxismoak garaituz gero, segur duk laster Mundu Gerla!». Eta, berehala, Xangaik sukaldariari: «Bada, lotu gaitezen biok gerra horretara!». Vietnamdar misterio handikoak, ordea, bazuen bestelako lanik. Herrialdeko armadako kide zen, eta Moskura beharrean zen, prestakuntza burutzera...

Xangaik bost bide eta bidaia baino gehiago egin zituen Gerta Mooraren sukaldean, harik eta 1937ko agorrilean ontzia Xixongo portuan sartu eta txinatarra lehorrean gelditu zen arte.

Bada istorio franko...

Inoiz ez genuen zuzen jakin.

Batzuen esanetan, vietnamdar sukaldariak egina zion Xangairi errepublikarrekin lotzeko kontaktua. Zernahi dela ere, zierto da Xixona hornigai bila joandako gure bi kideek kamioian sartu eta ekarri zutela Cecedara, herri horretantxe baikinen sasoi hartan.

Bestetzuen esamesa zen merkantzia-ontzitik jaitsi eta, besterik gabe, edan eta brixbolindu zela Xangai. Gerta Moore berriz itsasoratu zen, Xangai lehorrean utzirik.

Xangai eta biok

Intendentziako kideek gure eskuadrara sartu zuten, eta, han, euskaraz zuzentzen gintzaizkion bata besteari, eta, orobat, Xangairi, ez Aitorren hizkuntzarik, ez Cervantesenik baitzekien hark. Gainerakoan, zeinu hizkuntza unibertsala baliatzen genuen elkar ulertzeko. Nortara edo hartara, Xangai hirian zuela jatorri ulertu uste izan genion, eta izen horixe jaso zuen: «Xangai». Burdina goriak joa bezala gera bedi: gurekin batera egin zuen borroka Xangaik, eta gurekin batera jaso zuen kartzela: gudariokin zazpi asteko borroka egindako Xangaik, sei urteko zigorra jaso zuen...

Gerran, gurekin zen mendebalderantz jo genuenean, Peñas Blancaseko malkarretaraino.

Errebeldeak tai gabe ari ziren. Aire bonbardaketak bizi izan genituen, lehenik, eta artileria eta infanteria erasoak, ondoren. El Fitoraino erretiratu behar izan geuen, nahiz borrokatzeari den gutiena ere ez utzi. Adore eta kemen handiko brigada izan zen gurea. Jaurlaritzak ere omen berezia egin zion, eta Askatasunaren domina eman: Errepublikaren dominarik gorena!

Brigada ospe handiko hartako kide genuen Xangai.

Azkenaz beste, gerran beti Asturiasen, txangurroen gisara beti, La Berrugaraino egin genuen. Hantxe jakinarazi ziguten zain genuela Xixongo portuan Jose Luis Diaz gerrontzia, gu Kataluniako frontera eramateko. Itsasoratu bezperako zaintzaldia neuri egokitu zitzaidan. Argi eta garbi aditzen nituen errebeldeen asantz eta asotsak. Bertatik bertara zen etsaia. Bizian ez dut halako beldurrik sentitu. Kezka ere ibili nuen, eskuadrako kideek zaintza-postuan utziko ote ninduten, neure bakardadean. Baina ez, hantxe etorri zitzaizkidan bila goizeko seietan. Lubakietatik irten eta portura gabe, ordea, Trubiarantz zuzendu behar izan genuen. Hantxe jakin genuen Francoren soldaduek Asturiaseko itsasertza puntatik puntara okupatua zigutela. Ez genuen amore emateko asmorik, ihes egiten saiatu ginen, zazpi ahalak egin genituen, baina, 1937ko urriaren 21ean, legionario eta tropa marokoarrek preso hartu gintuzten Mieresen.

Orduan ere, ondoan izan genuen Xangai.

Nik, hasteko, ondo-ondoan izan nuen.

Gero, Leongo espetxe batera eraman gintuzten, eta banatu gintuzten Xangai eta biok. Ez genuen harrezkero batak bestea bizian ikusiko...

Orduantxe hasi zen gure oinazea ibiltari, gure sufrimendu, neke eta padezimendu handia. Kalbario mendira igotze penagarria.

Xangaiz den bezainbatean, hainbat espetxe eta kontzentrazio esparrutan ibilarazi zuten, nazioarteko brigadeetako ehunka presorekin batera. Santanderren, Burgosen eta Palentzian eduki zuten. Azkenaz beste, Miranda Ebroko esparruan izan zen preso, nire modura, ni ere Miranda Ebron eduki baininduten. Zorigaitzez, ez ginen elkarrekin gertatu...

Xangai 1941eko abenduaren 10ean eraman zuten Miranda Ebrora.

Ni, hilabete lehenago atera ninduten esparru hartatik eta itzuli nintzen etxera.

1938an, Xangai San Pedro de Cardeñako (Burgos, Espainia) esparruan zela, dokumentala egin zuen Francoren propaganda makineriak: «Prisioneros de guerra» (Gerlako presoak). Haiek jasotzen zuten tratu ona nazioartean erakutsi nahiz, nonbait ere. Irudietan hantxe ageri da Xangai, idazkortz bat tintatan busti eta bere izena idazten, txineraz eta ingelesez: «Aking Chan Shangai», «Chan a King cha GE China». Eta hortxe gure Xangairen izena ageri: Aking Txan!

Aking Txan zuen izena Xangaik.

Aking Txan!

Nire izena? Ni nor naizen? «Asmatu!», zarauztar-tolosartuak esan zuen erara. Ni naiz Luis Ariznabarreta Zubiaurre Espilla, 1915ean Soraluzen mundu honetara etorria, 2003an Gasteizen haizeaz bestaldeko itzalera joana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.