BILBOKO ASTE NAGUSIA

Egunaz gozatzeko errezetaren bila

Tortilla txapelketak biltzen du jende gehien Aste Nagusian. Horregatik, irabaztea zaila ikusten dute parte hartzaile askok. Aurten, 420 arrautzopil aurkeztu dituzte. Abusu Ikastolako Zazpikale taldearena izan da txapelduna.

1. Ehunka tortilla. Aurten, 420 arrautzopil aurkeztu dira lehiaketara, eta Abusu ikastolako Zazpikale taldearenak irabazi du. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Patatak, arrautzak, gatza, tipula (akaso) eta oliba olioa heldu dira Bilbora. Karpek eta plastikozko mahai eta aulkiek okupatu dute Areatza pasealekua. Izkina oro sukalde bihurtu da 11:00etatik 13:00etara, bertaratutako sukaldariek beren dohainik hoberenak erakuts ditzaten. Tortilla lehiaketa da Aste Nagusian jende gehien biltzen duen txapelketa gastronomikoa beti, eta aurten ez da gutxiagorako izan, 420 tortilla aurkeztu baitira. Hain da ospetsua, non Marijaiak ez duen galdu nahi izan, eta izena ematera zetozen taldekideak agurtzera gerturatu den. Abusu Ikastolako Zazpikale taldeak irabazi du.

Lehiaketa gai da leku berean batzeko haien artean hain ezberdinak diren taldeak. Adin guztietakoek hartzen dute parte arrautzopilak egiteko orduan: gurasoak laguntzen saiatzen diren ume txikiak, gazteen eta ez hain gazteak direnen lagun taldeak ere bai, eta baita esperientziadun amonak ere. Talde batzuk bi pertsonak osatzen dituzte soilik, eta beste batzuk, hamabik; eta talde askotan lekua du hain topikoa den horrek: batek lan eta beste hamarrek begiratu esaldiak. Baina, dirudienez, horrek ez du garrantzirik. Izan ere, hara bildutako gehienek iritzi bera dute: «Garrantzitsuena ez da irabaztea, lagunekin eta giro ederrarekin gozatzea baizik».

Horren adibide da Jon Goitisolaren taldea: «Garrantzitsuena ondo pasatzea da; irabaziz gero, hobeto, baina hori ia ezinezkoa da». Irabaztea zaila ikusten duten arren, esperientzia dute aurreneko postuetan. Izan ere, 2017an hamalaugarren gelditu zen Goitisolaren taldea, eta beren mahaian harro erakusten dute egun hartan eman zieten saria. Eta ez da gutxiagorako ere, lehiaketan 400 talde inguruk hartzen baitute parte. Horregatik, Goitisola 08:00etan etorri da lekua hartzera: «Beste txapelketa gastronomikoetan ordu bat lehenago etorrita lekua topatzen duzu, baina tortillarenean, edo goiz zatoz, edo ez duzu lekurik izango».

Arrautzopil onenaren bila

Arrautzopila egiteak erraza eman dezakeen arren, hainbeste parte hartzaile egonda, zerbait berezia erakutsi behar dute sukaldariek epaimahaikideei atentzioa eman eta txapela eskuratzeko. Goitisolaren ustez, tortilla on bat egiteko sekretua «sukaldariaren eskuetan» dago.

Beste parte hartzaile batzuek, berriz, ez dute hain argi hori, eta lortu dezaketen laguntza gutxia eskertzen dute. Hori dela eta, ohikoak izan dira parte hartzaileen arteko solasaldiak errezeta onena lortu ahal izateko. Batak bestea laguntzea lehiaketaren parte da baita ere; horregatik, parte hartzaileek ez dute arazorik izan besteei azaltzeko nola egiten dituzten patatak, edota «zenbat arrautza bota behar zaizkio lau patataz osaturiko tortilla bati?» galderari erantzuteko.

Batzuentzat, gakoa da aurretik emaitza onak eman dizkien errezeta errepikatzea. Horregatik, lagunak karpetara gerturatu direnean, «Santutxun egin genuenaren berdina da» eta halakoak entzun dira. Mikel Gaztelu-Iturrirentzat ez dago sekreturik, bakarrik «maitasunez» egitea. Gazte horren taldea bigarren aldiz aurkeztu da, eta, aurrekoan emaitza paregaberik lortu ez zuten arren, hobetzeko gogoz daude.

Agian, errezeta hobetzeko erantzuna nazioartetik etorriko da. Izan ere, Gaztelu-Iturriren lagun taldean Manchesterretik (Erresuma Batua) etorritako bi neska daude. Baina horiek ez dira kanpotik etorritako bakarrak. Patatak mozten eta arrautzopilari buelta ematen aritu da Luis Blanco sevillarra (Espainia). Harekin etorri diren lagun bilbotarrentzat, «giroaz gozatzea» da tortilla txapelketan garrantzitsuena, baina Blancorentzat ez: «Nik txapela nahi dut. Nire bizitzan behin gutxienez benetako txapeldun izan nahi dut».

Baina, txapeldun izan ahal izateko, ez du soilik balio errezeta on bat ekartzeak: tortilla egitean ezin da akatsik egin. Blancoren lagun Ane Barojaren ustez, «puntu perfektua» topatzea zaila da oso, baina benetan zailtasun handiena sortzen diona buelta ematea da. Ez da hori uste duen bakarra. Izan ere, hainbatek arazoak izan dituzte tortilla epaimahaiari aurkezteko, buelta ematean erori egin zaielako. Baina, egunaren xedea gozatzea denez, ezbeharrak ez du gogor jo inor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.