HIRUKO (H)ITZA

Ahozkoaren eta idatziaren arteko zabuan

MAITE MUTUBERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Anjel Lertxundi -

2020ko abenduak 6

Ume txikien gelatik.

Euskaltzaindiak honela definitzen du literatura: «hitzaren bidezko adierazpenean, ahozkoan nahiz idatzian, oinarritzen den artea». Gaztelaniaren Akademiak, aldiz, ez du ahozkotasuna sartzen literaturaren definizioan. Hiztegi frantsesek ere literatura idatzia kontsideratzen dute hitzaren arte. Ingelesentzat ere hitz idatziekin (written works) egina da literatura. Antzera hiztegi italiarretan. Izenak izana omen du bere, eta, izatez, literatura hitzak soinean daraman latinezko littera-k akotatzen du kontzeptua: letretan emana baino ez.

Definizio zuzenagoa litzateke esatea, han eta hemen, alemanez bezala euskaraz ere: «literatura hitzaren artea da». Ez da nomenklatura kontu soila. Euskararen kasuan edo antzeko egoera bizi duten hizkuntzetan are gutxiago. Ume txikien gelak ditut, bereziki, gogoan. Gelok letrarik gabeak dira hasieran, letradunak pixkana-pixkana. Hitzaren gozoa eta poza hain modu bat-batekoan sentitzen eta adierazten den giza sasoirik emankorrenaren leku eta lekuko behar lukete izan gelek: umeak hitzarekin jolasean, hitzarekin kantuan, hitzarekin antzezten, hitzarekin dantzan…

Hitzak ez dira artean kontzeptuen ontzi, sentimenduen iturri eta jario baizik. Hitzek magia dute, hitzaren magia errespetatzea eta argiztatzea da irakaslearen egitekoa. Eta ez gaude material faltan: egundokoa da haurrentzako altxorra ahozko tradizioan, zeina uste dugun baino askoz ere zabal aberatsagoa baita; kontaezinak ditugu formula fonetikoak eta erritmikoak, estereotipo poetikoak, joko dialektikoak, alkimia berbalak… Umeen zernahi imitatzeko eta, imitatuz, asmatzeko sena dauka irakasleak eskura. Eta umeen memoria-zaku ia hondorik gabea.

Ereinotzetik lainezara.

Manuel Lekuonak literatura-maila eman zion ahozkotasunari (Literatura oral euskérica, 1935); Oteizak cromlechetako estetikaren ereinotzarekin saritu zuen ahozko euskara (Quosque tandem…!, 1963); Juan Mari Lekuonak, osaba Manuelen bidetik, maila akademikoa eman zion ahozko literaturaren azterketari (Ahozko euskal literatura, 1982). Besteak beste, hori guztia ere badago Euskaltzaindiak literaturaz emandako definizioaren atzean.

Praktikan, ordea, gurean ere idatzizkoa da literatura hitzarekin seinalatzen dugun artea: ahozkoa eta idatzia aparteko bi mundu dira, nahiz biak diren hitzez sortutako artearen gogaide eta gozaide. Definizioak dioena dio, baina bizitza paraleloa egiten dute ahozkotasunaren eta idatziaren errailek: elkarren ondoan egon arren, ez dira elkarrekin, eta bien arteko distantzia horretan, askotan sideral/abisala, nabarmena da idatziaren estamentutik ahozkotasunari zaion laineza. Ahozkotasunari izaera artistikoa ukatzeraino?

Umeen gelatik nerabeen mailara txango egin eta honatx zer pentsatua ematen duen paradoxa bat: irakaskuntza arautuan literatura irakasten omen dute; bertso-eskoletan, aldiz, bertsolaritza. Baina nago bertso-eskoletan ez ote duten hitzaren arte gehiago irakasten ikastetxe askotan baino: hitzarekin jolasten, konparaketak egiten, metaforak asmatzen, errimak osatzen, hizkien ozentasuna bilatzen, hitzaren plazera dastatzen, hizkuntzaren poza bizitzen… Hots: hitzaren artea gozatzen.

Efimeroa 'versus' iraunkorra.

Azken hamarkadetako bertsolariek harreman asko izan dute beste hainbat arterekin (komikia, arte plastikoa, argazkia…), eta literatura idatziko generoren bat gehienetan nobela landu dutenean, nekez ikusiko duzu bertan bertsolaria, idazlea baizik puri-purian. Bertsoaren eta poesiaren arteko berdintasun-aldeen auziaz, berriz, Andoni Egañak dio kanpoko inprobisatzaileek poetatzat dutela euren burua (Hogeita bina, 2004), baina Egañak aitortzen du berari oso urrutikoa egiten zaiola «horren ardura bera ere». Poesia eta inprobisazioa arteak dira biak, baina, Egañaren ustez, denboraren faktorea dute, besteak beste, desberdin. Inprobisazioaren bat-batekotasunak produktu gehienetan efimeroa sortzen du. Idatziak, aldiz, hausnarketa behar du, poetak denbora ematen du poema bat pentsatzen, idazten, zuzentzen. Poema argitaratu eta gero ere, poeta egon liteke, aldian-aldian, huraxe berridazten. Xabier Lete zen kasta horretakoa. Hurbil zuen bertsolaritza, euskal poeta gutxik bezala, eta haren kanta asko joan-etorrian dabil bertsoaren eta poesiaren zabuan. Ez da usua. Batzuetan ematen du ahozkotasuna asuna dela literatura idatziarentzat poesiarentzat bereziki, balirudike letren galgak urruti ibili behar lukeeela ahoaren jariotik. Larri ibili halako poesiak gutxi izatea erritmotik eta musikatik. Eta musikarik gabeko prosa ere tristea da, gora-goserik gabea: asmorik bikainena honda dezake.

Hala dio Ingeborg Bachmannek, haren Aldibereko ipuin liburuari Idoia Santamariak egin zion hitzaurrean jasotako aipu batean: «Gauza bakarra da idazterakoan zaindu beharrekoa: hizkuntza […]. Idazle batek darabilen hizkuntzak eusten ez badio, edukiak ere ez dio eusten».

Liburuaren fetitxea.

Ahozkotasunaren eta idatziaren arteko errail paraleloen artean liburua da harresi, liburuaren formatua hartzen duten testu artistikoei deitzen diegu, praktikan, literatura. Narrazioa eta poesia dira, nonbait, genero bakarrak. Saiakerak apenas duen literatura-sonik. Antzerkiak testu idatzien ahozko errepresentazio artistikoak toki berezia zuen literatura idatziaren manualetan, idazle handi frankok praktikatzen zuen komedia bezala drama eta tragedia ere. Antzerki-konpainietako aktoreen arteko konplizitateak testuak sortzeko mekanika irauli zuen, eta aktuazioa talde-lana den bezala, talde-lana hasi zen izaten testu teatralak sortzea ere.

Sasoi batean antzerkia argitaratu egiten zen, generoak literaturaren berme jasoa zuen. Autore-testuak ziren. Pixkana, antzerki-obra desagertzen hasi zen liburuen katalogoetatik. Arazo handi batekin: antzokira joan gabe (efimeroak dira antzezpen-birak), ezin hainbat emanaldi ederreko testuak ezagutu. Orain urtebete doi Susa argitaletxeak eta EHAZE elkarteak Ganbila saila argitaratzeari ekin zioten. Bederatzi ale kaleratu dituzte ordutik. Umeentzako antzerki-bilduma ondo pentsatu bat izan liteke hurrengo pausoa: hitzaren poza deskubritu eta sentitzeko eskubidea dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.