Albistea entzun

Lapurretak

Azkoitian jaiotakoa 1963an, Euskal Filologia ikasketak egin zituen. 22 urte besterik ez zituenean, lehen nobela kaleratu zuen: Zigarrokin ziztrin baten azken keak (Elkar, 1985). Elkar eta Susarekin plazaratutako beste hiru eleberri dauzka —eta lau narrazio—, eta horietako batek, Galdu arte-k, euskarazko narratiba arloko Espainiako Kritikaren Saria irabazi zuen 1996an. Maltzeta trikitilariari buruzko biografia du bere azken lana, 2012koa. Kazetaritza du ofizio, eta BERRIAn lan egiten du 2003tik.

Juan Luis Zabala -

2014ko irailak 6

Nire lapurreten historia kontatzea, horixe iruditzen zait une honetan alabaren alde egin dezakedan onena.

Txikitan etxean egingo nituen lapurretatxoak alde batera utziko ditut, ez baitut haien oroitzapen zehatzik gorde. Nerabezarokoekin hasiko naiz.

Disko batzuen lapurreta da gogoan daukadan aurrenekoa, 1981 edo 1982an, neguko larunbat arratsalde batez egina.

Koadrilan bagenuen era guztietako lapurretetan —bizikletak, motozikletak, diskoak, askotariko pattar botilak…— maiz aritzen ziren pare bat lagun; trebeak, jakintsuak eta ikara gutxikoak zeregin horretan. Baina larunbat hartan hiriburuko disko denda batera sei lagun joatea erabaki genuen; haien artean, eskarmentu gutxiko hiruzpalau geunden, eskarmentudunek arduraz prestatutako estrategia jarraitzeko gertu.

Bakoitzak berean, ondo egin genuen lana denok. Nik zamarra azpian lau disko ezkutatzen asmatu nuen. Haietako bat Patti Smithen Horses mitikoa zen. Hurrengo egunetan, disko hura entzutean, Free Money kantura iritsitakoan lapurreta arrakastatsua oroitzen nuen poz handiz: «I know they're stolen, but I don't feel bad» («Badakit lapurtuak direla, baina ez naiz gaizki sentitzen»).

Aspaldi galdu nituen binilozko disko guztiak, baina Patti Smithen Horses CD formatuan erosita berreskuratua dut.

Urte batzuk aurrerago, 80ko hamarkadaren erdialdean, ordurako neure kabuz dirutxo bat irabazten hasia nintzela, koadrilako lapur eskarmentudunetako bat eta biok idazmakina elektroniko bat lapurtzera joan ginen herriko industrialdeko tailer bateko bulegoetara. Idazmakina niretzat izango zen, eta lagunari diru kopuru bat ordainduko nion emandako laguntzagatik. Hori zen tratua.

Ni ordurako idazten hasita nengoen, eta ipuin lehiaketa bat irabazi berria nuen. Urte batzuk lehenago erositako idazmakina klasikoa erabiltzen nuen, baina argi zegoen hura oso zaharkituta zegoela eta idazmakina elektroniko bat behar nuela, zuzenketak aiseago eta askatasun handiagoz egiteko, zuzenketa bakoitzean Tipp-Ex markako ezabatzailea eskuz aplikatu beharrik izan gabe.

Ilunpean eta presaka, elektronikotik ezer ere ez zuen idazmakina bat hartu genuen ordea. Hondatuta zegoen gainera: izorratuta zeukan e letra. Letra horretaz gabeturik, ezin zen ezertarako erabili, Georges Perec idazle frantsesaren La disparition nobela e batere gabe idatziaren kopia bat egiteko ez baldin bazen.

Hurrengo astean berriro bulego haietara itzultzea erabaki genuen konplizeak eta biok, nik hari ordain bikoitza emango niola agindu eta gero. Bigarren aldian idazmakina elektroniko dotorea eskuratu genuen. Horrez gain, ondorengo egunetan lehenengo lapurretako idazmakina ikaskide ohi bati saltzea lortu nuen, neuk ere ez dakit nola. Ez dut sekula jakin zergatik erosi zidan. Idazmakinaz aparteko zerbait nahi izango zuela pentsatzen dut, baina hala izan bazen ni ez nintzen horretaz ohartu ere egin, zorionez.

Urte batzuetan idazmakina elektroniko hura izan nuen lan tresna, harik eta edozein idazlerentzat ordenagailua izatea derrigorrezkoa bihurtu zen arte. Ez dut gogoan zer egin nuen gero idazmakina elektronikoarekin.

* * *

Nire lapurreten historia kontatuz, «ni ere, neure apalean, lapurra izana naun» esan nahiko nioke alabari, ulerbera agertuz, elkartasun keinu gisa. «Harro nagon gainera lapurreta haietaz. Nire bizitzako garai bizienari lotutako une gogoangarriak ditun, gizartean neure lekua aurkitu ezinik traba sentitzen nintzen garaiaren gomuta kutunak. Ez ninditenan gaizki sentiarazi orduan eta ez naiten gaizki sentiarazten egun».

Baina… ez dakit ba. Seguru asko irrigarrikeria ergel gutxiesgarriak baino ez litzaizkioke irudituko alabari nire lapurretatxoak. «Ez gara gauza berari buruz ari», ohartaraziko lidake, serio eta kopetilun. «Lapurretak eta lapurretak daude, aita».

Arrazoia eman beharko nioke. Alaba diru publikoa desbideratzen harrapatu izan ez balute, alde ederrean biziko nintzateke, bera eta bere umeak ez ezik, neu ere orain! Inori kalterik egin gabe gainera, ohartzeko modukorik behintzat. Nire binilozko disko zahar haiek eta idazmakina elektroniko aspaldidanik antzu hura, aldiz, berezko jabeei ageriko kaltea eginez eskuratuak, non daude orain?

Nire lapurreten historiak ez duela balioko uste dut. Beste zerbait kontatu beharko diot alabari, kartzelara bisitan joaten natzaionean, nire elkartasuna erakusteko. Edozer egiten duelarik ere, ororen gainetik eta beti-beti maiteko dudala adierazteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ez dakit hizkuntzak ez ote nauen ni menderatzen nik bera baino gehiago»

Itziar Ugarte Irizar

Mundu baten bukaera bizitzearen kontzientziaz eta pertsonala eta kolektiboa «harmonizatzeko» nekeaz aritu da 'Landura' lan berrian. Hamargarren poema liburua du, eta, bide horretan, komunitate bati idaztearen sentipena izan du lagun.

Bingen Zupiria sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, atzo, liburuaren egileekin. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Arbola sendoa musikaren ekosisteman

Naroa Torralba Rodriguez

'Musikaste 1973-2022. Euskal musikaren 50 urte' liburua eman du Eresbilek. Jaialdiak mende erdia bete duela-eta argitaratu dute

Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute

Miren Mujika Telleria

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek, Pamiela argitaletxeko Bagara sailean. Albumak Rosa Valverde artistaren lana ezagutaraztea du xede

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.