Inbasorea

Berako (Nafarroa) Alkaiaga auzoan jaioa, 1957an. Mendearen ilunabarrean poema liburua argitaratu zuen 1996an, Ernestina de Champourcin saria irabazi eta gero. Geroztik, beste hiru liburu kaleratu ditu: Errege eguneko panpina (2000) eta Txokolatezko dinamita (2001) ipuin liburuak, eta Alkasoroko benta eleberria (2013).

Mikel Taberna Irazoki.
2015eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Inork ez zuen entenditzen nola gogoratu zitzaion Rokori gure karrikan estilo hartako ostatua plantatzea.Lehendik bagenituen bizpahiru edantoki, polliki ari zirenak lanean, orain dela hiruretan hogei bat urte irekiak eta orain ere orduan bezalaxe segitzen zutenak. Dekorazioa deus gutti aldatua zuten aspalditik, eta bezeroak ere ez pentsa, auzoko bizilagunak edo bertako denda eta tailerretako langileak gehienak, eta elkarren ezagunak. Kanpotar galduren bat sartzen bazen, segituan ematen genion begia kontrolpean edukitzeko.

Gure ziutateko Zabalgunean, jakin nahi baduzue, baina periferian, batzuek barrio Salamanca erraten dioten honetan ere ez baita oro pare. Dezente aldatzen da mutur batetik bertzera, nahiz eta hauteskundeetan orduan ez zen hainbertze nabari: eskuin gogorra gailen zen iatsu denean Roko agertu zen garaian. Luzea izaki frankistek gerrako euren hilei eraikitako porlan-masaren itzala!

Zurrutalekuez aparte, jende multzo batek bizitzeko behar dituen gainerakoetan funtsezkorik ez genuen falta: denda ttiki bat denetik zuena, mertzeria bat azpiko arropaz eta ohatzera sartzekoaz hornitzen gintuena, ile-apaindegi pare bat, gizasemeentzat eta emakumezkoentzat bereiz, farmazia bat, komertzio guzietan hobekien zebilena trakatsik handiena hantxe izaten baitzen… Inguruan, moja eta fraide ikastetxeak aukeran; eliza ere ez aparte. Dena neurrian zegoen, bertakooi zerbitzua emateko eta gure xoxak behar zen lekuan sartzeko.

Kalean gora kalean behera emakume talde bat ibiltzen zen noiznahi, etxean nork bere gizon aspergarria sofan zurrungaka utzirik nahiago zutenak euren xakurrarekin paseoan ibili. Alargun alairen bat ere bazen tartean. Mary bere Puxka-rekin, Raimunda eta bere Xarpa, Consuelo eta Tigre...

Nolanahi ere, gurean nagusi zen jende zuri (bietan zuri) adindu samarraren ordena sakratua, kalma eta sosegua, eta Rokok, beharrian bi uztai eta motots luzea kasko soilduaren gibeletik, urratu egin zuen gure bizimoduaren perfekzio hura. Gure ekosistema garatuaren oreka suntsituko zuen landare inbasorea sartu zela erran zuen profesoreak ezin isilduko bere lezioan. Ustez konprenitu genion.

Kuestioa da etorkinak aspaldi hutsa zegoen lokal koxkor bat hartu zuela gure karrikan, bere ametsa bide zena bertan muntatzeko. Kanpotik ez zen barrena ikusten, leiho ttikia belztu zuelakoz, eta horregatik txororen bat sinetsia zegoen artelanak erakusteko tokia izanen zela, izena paratu baitzion deus baino lehen: BarRocko. Bistan da, ez zen hain xuxen ere hori. Edo bai. Nondik begiratzen zaion. Zer da 60ko eta 70eko rock musika?

Ederki deskuidatu ginen bezerorik ez zuela izanen uste genuenok. Agudo hasi ziren agertzen auzora bertze estilo bateko pertsonaiak, haietako gehienak bai aldiri iraultzaileagoetatik (askorik ez zen behar) etorriak: Txantreatik, Burlatatik, Berriozartik… Ez jende tropa ikaragarria, baina harpe hura betetzeko adina bai. Rokoren lagunak ziren, nonbait, eta lagunen lagunak.

Bertze ilaje eta kolore batzuez jauntzi zen gure eguneroko ortzemuga. Ez hori aski; guttien espero genuelarik, gure atarietako etxebizitzetan ordura arte satortuak bizituak ziren batzuek ere bat egin zuten barrockeroekin. Arrazoia zuen profesoreak: arriskuan ginen.

Iji eta aja ikusten genituen barrenera nola sartzen ziren, eta iji eta aja ateratzen gero. Hura tripako mina gurea, jendaje hura zer aritzen ote zen zulo hartan. Gu ez baikinen sartzen. Jakin nahi bai, baina urrundik begiratzen genien, disimulu handirik gabe. Eta haiek euren artean gozo, guretzat soraio.

Ostatuko atea irekitzen zen bakoitzean, airea harrotzen zuen musika kolpe bat ateratzen zen, gure kalparreko ile bakanak tentetzen zituena. Hatsa hartu beharrez hala eskapatzen zen soinu hura rock gogorra zela argitu zigun profesoreak, guk ez bageneki bezala.

Lehenbiziko asteetan ez, baina geroxeago hasi ziren arrotzak ondoko espaloi puska okupatzen, zerbeza botila esku batean eta ke-ziria bertzean.

Gisa hartan, xakur paseatzaileentzat traba ziren. Karrikaren bertze aldean ere espaloia izanagatik, hortik pasatu behar baitzuten haiek preziso. Emakumeak eta euren animaliak, zein baino zein urtetsuago, hankak herrestaka ailegatzen ziren etsai berriaren lubakira eta jende-arrokaren kontra gelditzen ziren, peste haiek noiz ohartuko bidea utzi behar zietela.

Rokori txalo jo zioten bere bezeroek zurezko banku xume bat paratu zielarik atearen ondoan, teilatu hegalaren azpian, euria egiten zuenerako ere espezial; bertan ipurdia pausatuz erausian aritzen ahalko ziren lasai ederrean kontsumitu bidenabar.

Maryk ez zuen gordetzen bere kolera. Akabo gure bakea, erran zien adiskideei, eta haiek arrazoia eman, gustura moztuko nioke koleta lotsagabe horri. Begitza beldurgarria botatzen zuen barrenalde beltzera paretik pasatzean. Ez zekien ostatuburuak begiradaren ordaina ematen ziola kristalen harateko aldetik, ezpain bazterretan irri murritxa agertzen zitzaiola.

Eguna luzatzen hasi zuen eta tenperatura goxatzen, eta xakurtzainek gustura gibelatzen zuten etxe zokora bueltatzeko tenorea arratsaldeetan. Zutik egoten ziren kantoian, euren aztal nekatuek protesta egin arte. Orduan, ttirriki-ttarraka erretiratzen ziren, bataila galdu zuten soldaduak balira bezala, euren posizioan tinko segitzen zuten aurkariei zeharka begira.

Ekain hasierako arratsalde batean, heldu ziren emakumeak betiko bidean, eta bankua nahiz espaloia hutsik harrapatu zituzten ustekabean. Taberna barrenean sartuak zeuden rockero guziak. Meza entzuten ariko zirela erran zuen Consuelok gaizto, asanblearen bat ez ote zuten Raimundak. Mary isilik gelditu zen banku abandonatuari so. Bero egiten zuen; negu luzearen ondotik udaberriko eguzkiak Iruñean tarteka jotzen duen zartako zakar horietako bat. Eseri egin zen bertan, eta dudakor ikusten zituen bere lagunei gauza bera egiteko agindu zien: jarri hemen. Xakurrak lurrean etzin ziren mingaina kanpoan.

Halako batean, ostatu barrenetik intsonorizazio sistema guziak xehaturik atera zen garrasi bat aditu zuten: goooooool!!!! Nork erran behar zuen rockero antisistema haiek futbolzaleak zirela. Osasunako jokalari batek gola sartu zuen hondarreko minutuan, eta taldea bertze infernu batera erortzetik libratu zen txiripaz (edo batek daki zergatik eta nola).

Kanporatu zirelarik latatik sardinak, ez zuten inolako espanturik egin emakumeak «haien» bankuan jarrita ikusirik. Roko bera agertu zen gero atera, barrenetik ikusia baitzuen jokada. Zerbeza fresko bana eskaini zien parrokiano berriei; haiek hartu ere bai. Topa egin zuten denek, botila botilaren kontra. BarRockoko atea zabalik zegoen, sekula ez bezala, eta hango gitarra eta bateria soinuak karrika osora hedatu ziren; «Proud Mary», erran zuen profesoreak.

Harrezkeroztik, gurean, ezer ez da berdin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.