Coriolis efektua

Katixa Agirre (Gasteiz, 1981) idazleak 2007an argitaratu zuen lehenengo liburua: Sua falta zaigu ipuin bilduma. Ordutik, beste hainbat lan argitaratu ditu: besteak beste, Habitat (2009) narrazioz osatutako liburua eta Atertu arte itxaron eleberria (2015). Habitat-en proiektuak Igartza saria lortu zuen; Atertu arte itxaron-ek, berriz, 111 Akademiarena. Hiru liburuak Elkarren argitaratu ditu.

Katixa Agirre.
2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Ainhoak gure dentistarekin larrua jo zuen, eta nik sei aste ilun eta alimalezko esfortzua behar izan nituen bera barkatzeko. Berak pedanteki interregno deitzen zuen aro horren ostean, mendi-puntan bizitzen hastea otu zitzaigun. Eremiten gisara, isolatu eta pekatuak garbitzeko tenorea genuen. Etxea erortzeko zorian zegoen baina burutu beharreko lanak geure eskuekin burutuko genituela deliberatu genuen. Hori ere bazen gure sakrifizioaren parte.

Sakrifizioa handiegia zela konprobatu genuenean, sarea zabaltzea erabaki nuen eta borondate oneko lagunak engainatzen hasi nintzen, hona etor zitezen, asteburuetan-eta, laguntzera-edo.

Laguntzera-edo diot, larregi lagundu ez zuen lagun bat buruan baitaukat.

Jon Ander. Hamaiketakoa egitera etortzen zela ematen zuen, lanaldiaren bukaeran Ainhoak eta biok prestatzen genuen patata tortilla dastatzera. Jateaz aparte, ezer gutxi egiten zuen gure Jon Anderrek.

Musikaz beterik zuen bere telefonoa musika-aparatura konektatu eta besteok teilatua konpontzen, leihoak isolatzen edo hormak margotzen genituen bitartean berak DJ lanetan jarduten zuen. «Orain entzun hau» esaten zuen, beti bere telefonora itsatsita, eta ez zen handik mugitzen gure jardunak irauten zuen denbora guztian.

Hasieran lagunaren kopeta handia trufa bihurtu genuen. Baina hirugarren edo laugarren astebururako guztiz gogaituta nengoen ni eta ez nuen disimulatzen. Bere aurretik alde egiten nuen bere aldarrikapen musikal horietako bat botatzen zuenean: «eta orain, adi Astrud Gilbertok bere bizitza osoan egindako maisulanik handienera!».

Dentistaren afera guztiz sekretupean mantentzen saiatu baginen ere —barkatzeko erabakian pisu berezia izan zuen zirkunstantzia— paranoia berri bat ari zitzaidan barruan ernaltzen: Jon Anderrek dena zekien, eta nitaz barre egiteko erabiltzen zuen modua huraxe zen, neure lepotik jatea, potro-joka ibiltzea denok izerdi-patsetan geunden bitartean, letra kriptikoen bitartez neure adarrez barre egiten zuten abestiak jotzea.

Garai hartan musika brasildarra deskubritu berri omen zuen Jon Anderrek, eta matraka ederra ematen zigun bossa-novaren harribitxi guztiak ezagutarazi nahian.

Abesti batekin bereziki tematu zen. Aguas de Março delako bossa nova bat. Tom Jobimena.

Ederra bossa hau, ezta? Aguas de Março…Adituen ustez, guztien artean bikainena. Eta zer esaten didazue bertsio honen inguruan? Ez al da harrigarria Elisen fraseoa? Entzun, entzun…

Nik, mailua eskuan, benetako ahaleginak egin behar nituen nire instintu homizidak baretzeko.

Jobimek bere etxean eraberritze lan bat egiten ari zenean konposatu zuen. Ba al zenekiten?

Inork ez zion ezer esan.

Ba bai, Rio de Janeiro inguruko bere lursailean horma bat ari zen zutitzen gure gizona, eta halako batean zaparrada ikaragarri bat hasi omen zen, Martxoko Urak, hortik dator izenburua, lagunok, dena arrastaka daraman martxoko ura!

Susmoa nuen Wikipediatik ateratzen zuela bere jakinduria guztia. Eta imajinatzen nuen bezperan, iTunesa eguneratzen eta ordenagailu aurrean informazio itxurosoa bilatzen.

Susmoa nuen, halaber, etxeko abentura bukatutakoan, ezer ez zela berdin izango Jon Ander eta bion artean, eta bossa novarekiko garatzen ari nintzen gorrotoa nekez apalduko zitzaidala.

Egia esanda, eraberritze lanak amaitutakoan ezer ez zela berdina izango uste nuen. Dena okerragoa izango zela. Eta hala ere ezin nion lixatzeari, zerratzeari, mailukatzeari, iltzatzeari, mozteari, pintatzeari utzi. Ainhoa ere berdin zebilen. Frenesi berak hartuta.

Halako batean, izerdi eta ezuste mordoaren ostean, lanak bukatutzat eman genituen, prest genuen etxea, prest geure bizimodu berria eta prest gure etorkizun guztia. Bertan bakarrik eta esku-hutsik geratu nahi ez genuenez,askari eder batekin ospatu genuen balentria, lagun boluntario guztiak gonbidatuta. Otordua laguntzeko berriro jarri zuen Jon Anderrek Jobimen diskoa. Topa egin genuen. Etxe berriagatik. Eta baita bossa nova eta martxoko urengatik ere, Jon Anderrek gure brindisak zuen ironia harrapatu ez bazuen ere.

Bapo gelditu ginen. Lagunak, banan-banan, agurtu eta alde egiten hasi ziren, etxe berrian zoriontasuna opatuz-edo. Jon Ander alde egiten azkenetakoa izan zen. Aitzur ederra zeramala iruditu zitzaidan baina ez nuen bera atxikitzeko inongo asmorik. Bere kotxea errepidearen albo batean buruz behera imajinatzeak ez zidan gupidarik pizten.

Hau bukaera duk! esan zidan autora lagundu nuenean, eta bostekoa luzatu zidan.

Tira, Jon Ander, eskerrik asko guztiagatik esan nion nik, nire hitzei sinesgarritasuna eman nahi gabe.

Joan egin zen. Bera eta bere playlist zoragarria.

Bakarrik geratu ginen Ainhoa eta biok. Portxe berrian zerbeza bat edateko aprobetxatu genuen, berokia sorbalden gainean, gaua gure inguruan zabaltzen zen bitartean. Bat-batean, haize zirimola baten ostean, euria hasi zuen, nahiko bortizki. Martxoaren bukaera genuela konturatu nintzen.

Begira esan nion Ainhoari, euria seinalatuz, martxoko ur ospetsuak hemen ditugu.

Hala da esan zidan berak, harritu ninduen ziurtasunez, baina hauek ez dute Jobimen martxoko urekin zerikusirik.

Nola?

Brasil hegoaldeko hemisferioan dago, eta bertan martxoko urek udaren bukaera markatzen dute. Horregatik kantaren melankonia hori.

Ni baino bidaiatuagoa izaki, zinez disfrutatzen zuen horrelako detaileak neure aurrean aletzen. Trago luze bat eman zion Ainhoak garagardoari jarraitu aurretik:

Guretzako udaberria hasi berria da. Kontuz zabaldu behar dugun oparia.

Berokiaren kremailera goraino igo nuen, dardarka bainengoen bat-batean. Hegoaldeko hemisferioa etorri zitzaidan burura. Han, antipodetan, bazegoelako ni bezalako morroi bat, ni bezain mozoloa eta ni bezain krudela, baina Lurraren errotazio eta translazio-higiduraren eraginez, neska-lagunak dentistarekin larrua jo zuenean ez barkatzea erabaki zuena. Urak ere ez du ibilbide bera egiten hustubidean behera doanean hemisferio batean edo bestean. Coriolis efektua deitzen zaio horri.

Garagardoa bukatu orduko, azken pentsamendu bat dedikatu nion Hegoaldeko neure dobleari. Lastima eragiten zidan. Gizajo harentzat udazkena hastera zihoan.

Barrura noa esan nion Ainhoari.

Bera atzetik etorri zitzaidan, ezer esan gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.