Albistea entzun

KRITIKA. Antzerkia

Betidanik

Tamaina handiagoan ikusi

Agus Perez -

2018ko uztailak 20

'Erlauntza'

Ekoizpen etxea: Vaiven. Zuzendaritza: Mireia Gabilondo. Egilea eta zuzendari laguntzailea: Kepa Errasti. Espazio eszenikoa: Fernando Bernues. Antzezleak: Itziar Atienza, Sara Cozar, Aitziber Garmendia, Getari Etxegarai, Leire Ruiz, Naiara Arnedo. Lekua: Viktoria Eugenia Club aretoa, Donostian. Eguna: Uztailak 18.

Betidanik omen dakizkigun gauza horiek arriskutsuak izaten dira, are gehiago lagun artean gaudela. Adibidez, jabetzen garenean haiek betidanik dakiten hori guretzat berri-berria dela. Are gehiago betidaniko kontu horretaz jabetzeak erabateko aldaketa ekartzen badio gure bizitzari, edo ordura arte izan dugun mundu-ikuskerari behintzat.

Erlauntzaren etsenplua ekarri du Kepa Errastik taulara, aspaldiko lagunak diren sei emakumeen kontuak irudikatzeko: erlauntzean bezala emango dute elkarrekin asteburu zoro bat, eta, erleen antzera, anabasa itxura hartuko du enkontruak. Baina, erleen antzera berriz ere, elkarrekin komunikatuz eta kolaboratuz seiak irtengo dira garaile betidanik jakin behar zituzten kontuetatik.

Errasti polifazetikoaren azken testua Mami Lebrun antzezlanaren ardatz izan zen —gogora dezagun Donostia Saria eskuratu duela lan horrek aurten—, eta antzezle bezala bai obra hartan bai Txarriboda-n ikusi genuen. Oraingo honetan, ordea, nik esango nuke nagusitasunez gainditu duela antzerki-gidoilari eta antzerkigile izatearen arteko marra fina, hizkuntzaren baliabide jatorrak menperatuta —hori aspalditik zeraman bere patrikan— eta, batez ere, gaurko jendartearen gai mamitsuei fin, umoretsu eta naturaltasun paregabez helduta. Horri guztiari gehitzen badizkiogu emakumeei emandako protagonismo eztabaidaezina eta argumentuaren garapenak ekarri dituen ezuste zaparrada, dialogoen bizitasuna eta emozioen dosifikazio bikaina, atoan ulertuko dugu behingoagatik aurkitu dugula Euskal Herriak behar zuen komedia inteligentearen eredua.

Fernando Bernuesen espazio eszenikoan —Edi Naudo izan da eszenografiaren eta gauzakien egilea— zurezko fruta-kaxak izan dira nagusi, eta eremuaren disposizio garbiak dramaturgiaren alde jokatu du. Era horretan, antzezlaneko sei lagunak sukaldean egon dira laranja zukua baino gehiago Cointreau litroka zeramaten koktelak prestatzen, erdiko mahaian kokaina-marrak kiloka esnifatzen, bazterreko sofaren alboko mahaitxotik diskurtsoak ematen eta atzeko geletatik batek daki zer egiten.

Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, erritmo bizia baina sanoa hartu du emankizunak, aspaldion garaikidea izan nahi duen antzerki komertzialean hain modan jarri den abiadura zentzugabe bezain hutsaletik urrun. Bazen garaia! Eta antzezleak, berriz, dena emanda ibili dira hasieratik amaitu arte, jakitun izanik esku artean zeukaten testua opari ederra zela bai beraientzat bai ikusleentzat. Zalantzarik gabe Aitziber Garmendiari egokitu zaio rol nagusia, testuak hala eskatuta eta bere aktore-dohain paregabeak baliatuta, baina argi dago oso lan korala dela, eta alde horretatik ikustekoa zen lagun bakoitzak uneoro hartzen zituen jarrerak, egiten zituen imintzioak eta elkarri botatzen zizkioten epelak. Ordainezina, benetan. Ez galdu, gero!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Eguzki Art Zinema

'Ombuaren itzala' filmerako castinga egingo dute apirilaren 1ean

Julen Otaegi Leonet

Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitza kontatuko du Patxi Bisquerten Eguzki Art Zinema ekoiztetxeak. Zizurkilen egingo dute aktoreen hautaproba. Maiatzean ekingo diote grabazioari; Euskal Herrian eta Argentinan grabatuko dute.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Inoiz ez dut amildegian jauzi egiteko gogorik izan»

Itziar Ugarte Irizar

Urte luzez eta egunero-egunero, estudioari emana aritu da Herrero. Eskultura, grabatua eta pintura landu ditu, eta paper gainean margotutako zenbait lanekin osatu du Donostiako Artekon ireki duen erakusketa.
Bere nobelak Irlandako landa eremuan girotu izan ditu, sarritan, Donal Ryan idazleak. ©ANTHONY WOODS

Sekretuak eta gezurrak

Mikel Lizarralde

Herri txiki batean dago girotua, 1970eko hamarkadan, 'Strange Flowers', Donal Ryanen bosgarren nobela. 2020ko eleberri onenaren saria jaso zuen Irlandan.

Rio de Janeiron jaio zen Arthur Verocai musikari, konpositore eta ekoizlea, 1946an. ©BERRIA

Verocai, bossaren eta soularen gailurra

Julen Azpitarte

Duela 50 urte kaleratu zuen Arthur Verocai brasildarrak izen bereko diskoa. Haren herrialdean porrota izan zena kultuzko lantzat hartu zuten gero kanpoan. Musikatik urrundu ostean, lehen lerroan dabil berriz egilea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...