Narrazioa

17etako kafea

Tolosan (Gipuzkoa) 1951n jaioa. Pott Bandaren sortzaileetako bat izan zen. 1983an argitaratu zuen lehen liburua: Dudular. Narrazioz osatua zegoen lan hura, eta hurrengo urtean eman zuen lehen nobela: Nafarroako artizarra. Harrezkero beste zazpi nobela argitaratu ditu. Hyde Park-eko hizlaria (2006), Ilargi horia (2012), Rasputin eta San Petersburgoko gauak (2013) eta Perlak, kolpeak, musuak, traizioak (2015) dira azkenak. Gazte literatura ere erruz jorratu du.

Joxemari Iturralde.
2015eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Kontua sinplea da. Halako batean zuk, irakurle, postal bat jasoko duzu etxean. Edo gutun bat. Edo agian, normalago izango da eta, e-mail bat. Postal (gutun edo email) horretan hiriko kale, etorbide, plaza bat azalduko zaizu eta bertan, hotel, kafetegi, taberna bat ikusiko da. Kontuan har ezazu hori izango dela lekua. Geroxeago argituko dizut zertarako.

Gure eguneroko bizimodua, dudarik ez, aski aspergarria eta monotonoa da, horrexegatik beti saiatzen gara zerbait berri, ezusteko, kitzikagarri aurkitzen. Ahaleginak egiten ditugu monotonia zital hori zapaldu eta ustekabekoari leihoa zabaltzeko. Baina nola lortu hori?

Egun batean, duela ez asko, etxean jaso nuen posta-txartel bat non ikusten zen Donostiako etorbide ezagun baten irudia. Neska batek sinatzen zuen, zailki deszifra zitekeen zirriborro batez izenpetua.

—Orduan —galdetuko dit irakurle ipurterre horrek—, nola dakizu neska bat zela?

—Zaude pixka batean, berehalaxe askatuko da eta zure ezinegon hori, ikusiko duzu.

Postala nire etxera ailega zedin idatzi zueneko helbidean, nire izenaren azpian, bokal batek marratxo bat zuela ohartu nintzen, eta gauza bera gertatzen zela nire abizenarekin ere, bokal bat azpimarratuta zegoen. Postal horretan idatzita zetorren testua ez zen luzeegia: ezagutzen omen ninduen, behin taberna batean bost minutuz hitz egin omen genuen. Nor ote da?, galdetzen nion ene buruari. Kafe bat elkarrekin hartzeko prest? «Proiektu» bat eskaini nahi nizuke, zioen besterik gabe. Hori zen botatzen zidan erronka. Postal hartan azaltzen zen etorbideko kafetegian bertan jartzen zidan hitzordua. 17etan, zer moduz?

Baina, noiz? Ba, hilaren azken asteazkenean.

Hilaren azken asteazkena 26 zen eta hala, kafetegi hartarantz zuzendu nituen ene pausoak 17etarako, puntuan, bertan egoteko. Kafetegiko atea zabaldu baino lehen ez nekien nor izan zitekeen postala bidali zidana eta ezta ere, zer-nolako «proiektua» eskaini nahi zidan.

Neska bat zen. Bere aurpegia ikusi eta ez nuen ezagutu. Eseri eta hizketan hasi ginen. Kafea hartu genuen, 17etako kafea. Ordu erdi pasa baino lehen banekien proiektu hura zertan gauzatzen zen. Ordubete joan baino lehen kafetegi hartako beste ate batetik igo ginen hirugarren pisura, harrera-gelatik pasatu ondoren, hotela baitzen. Logela ez zen oso handia, baina ohe erosoa zuen. Neskari deituko diot, oraingoz, B H (ez baita komeni arrasto gehiegi uzten hastea).

Bi hilabete bete gabe artean eta beste postal bat jaso nuen, BH-k idatzia, nor zen adierazi gabe, sinadura gisa aurreko zirriborro ulergaitz harekin. Aurrekoan bezalaxe, nire izen-abizenek bokal bana zuten azpian marratxo batekin, nahi gabe bezala egina, helbidea jartzerakoan boligrafoak ihes egin balio bezala. BH-k esaten zidan lagun bat zuela, Gasteizko neska bat, eta berak ere «proiektu» hura gauzatu nahiko lukeela nirekin bere hirian, guk Donostian burutzerik izan genuen modura. Baiezkoa ematen banion, postal bat jasoko nuen handik denbora gutxira, 17etako kafea hartzeko proposamena luzatuz.

Orain ere, nire bizimodua ohi bezalakoa eta beti bezain aspergarria, espero daitekeen moduan, izaten da egunero, urtean bi egun berezi samar alde batera uzten baditugu. Urtarrilaren azken asteazkenean BH-rekin elkartzen naiz Donostiako hotel batean, eta uztailaren azken asteazkenean beste neska batekin, BH-ren laguna den (oraingoz dei diezaiogun horrela) NZ-rekin Gasteizko hotel batean. 18ak aldera igotzen gara hoteleko logelara. Plana sinplea izaten da, batere konplikaziorik gabekoa. Musika ipini suabeki, xanpain kopa bat edan, hitz egin lasai, oheratu sexuaz disfrutatzearren, inolako istilurik gabe, inolako kontu txarrik gabe... Pare bat orduz elkarrekin gustura gozatuz, errutinaz zapaldutako eguneroko bizitzatik aldentzeko eta parentesi gozagarri bat sortzeko. 20:30 edo 21etan nor bere etxera joaten da, berriz ere murgiltzera familiaren egunerokotasun astun eta aspergarri horretan.

—Zergatik aukeratu zenuen asteazkena? —galdetu nion BH-ri.

—Gizonezko gehienak telebista aurrean daudelako, futbola ikusten. Horrek ematen digu emakumeoi askatasun gehiago nahi dugun modura aritzeko.

Buruhauste gehiegi ere ez da komeni izaten, uste dut urtean lau «proiektu» edukita nahiko eta gehiegi direla, niretzat behintzat. Orain, horregatik, beste bi neska aurkitu nahi nituzke eurekin harremanetan jartzeko, Bilbon eta Iruñean, apirilaren eta urriaren azken asteazkenetan.

Irakurle, badakizu, beraz, nola egin: postal bat bidali ezazu (gutunak edo emailak ere balio dezake), baina nire izena idazterakoan bokal batek azpimarratuta egon behar du, adibidez horrela: . Eta gauza bera nire abizena jartzerakoan, beste bokal batek marratxo bat izan behar du azpian.

Esan daiteke kode sekretu bat dela, horregatik postal horretan ez da aparteko testurik idatzi behar, aski da testu ziztrin eta kaltegabe bat jartzearekin, adibidez, Hara zer-nolako irudi polita!, edota, nahi izan ezkero nahikoa litzateke esaldi honekin: 17etako kafea, bai?

Erne, beraz, irakurle, zeuk ere halako batean postal (gutun edo email) bitxi samar bat jasoko baituzu. Errepara ezazu ondo zure izen eta abizenean bokalen bat datorren azpimarratuta; izan ere, horrela balitz seinale oso ona litzateke... Zergatik? Ba, horrek proiektu berri, guztiz interesgarri, baten aurrean zaudela adieraziko lukeelako, argi eta garbi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.