Narrazioa 

Finito

Kazetaritza ikasketak hasi zituen Mikel Peruarenak (Ereñotzu, 1978), baina aplikazio informatikoen garapena ikasten amaitu zuen. Gerora, ordea, kazetaritza bihurtu du ofizio, eta BERRIAn ari da lanean 2008tik. Lau liburu ditu argitaratuak. Bi poesia lanak dira, Eguraldiaz hizketan (Elkar, 2003) eta Edan ase arte (Kutxa, 2006), eta beste biak nobelak, Ez obeditu inori (Susa, 2009) eta Su zelaiak (Susa, 2014). Azken horrekin Euskadi saria irabazi zuen, nahiz eta uko egin zion jasotzeari - Bukatu da.

mikel p ansa
2016ko irailaren 11
00:00
Entzun
Emazteak esan du, sukaldeko trapuarekin eskuak garbituz, langelako atetik.

— Nola bukatu?

Senarrak galdetu du, burua ordenagailuaren teklatutik altxatu ere ez eta antiojoak kendu gabe.

— Bukatu... bukatu! Kito. Finito.

— Dagoeneko?

— Zer pentsatzen zenuen ba?

— Oso ongi, Aitzi, baina orain lanpetuta nago.

— Aitor, kasu pixka bat egingo didazu?

— Itxoin dezakezu Columbiarako idazten ari naizen artikulua bukatu arte? Esan nizun inportantea zela, eta etzi entregatu behar dut.

— Ba ez, ezin dut itxoin. Bukatu egin dela esan dizut, esan nizun bukatzeko zorian zegoela, eta ez didazu kasurik egin. Beti bezala.

— Aitzi, ez jarri trapu zikin hori ohearen gainean, mesedez. Zenbat aldiz esan behar dizut sukaldeko kiratsarekin ezin dudala kontzentratu? Ez duzu ikusten idazten ari naizela?

— Trapu zikin hau nahi dudan tokian utziko dut, eta sukaldeko kiratsak nazka ematen badizu, joan zaitezke bazkaltzera tabernara, potrohandi hori.

Orain bai, tekleatzeari utzi dio senarrak; emaztea ohean etzan da; senarrak antiojoak kendu ditu.

— Nire artikulua izorratu nahi didazu, ezta?

— Aspaldi esan nizun bukatu egingo zela. Ea konturatzen zaren behingoz, Aitor, gauzak bukatu egiten dira: bu-ka-tu!

— Zer, Aitzi, bronka bila etorri zara? Nola esan dezakezu gauzak bukatu egiten direla?

— Berriz hasiko zara txotxolokeria horrekin?

— Txotxolokeriak? Ez, ez, ez. Itxoin pixka bat. Nola esan dezakezu gauzak bukatu egiten direla halako arinkeriarekin? Nire artikuluaren funtsa da!

— Artikulua, artikulua... Beti badaukazu aitzakiaren bat. Bukatuko zela esan nizunean ez zenuen aditu ere egin, ezta?

— Ez dira aitzakiak, fisikaren legeak dira. Gauzak, aditu ongi e, gauzak ez dira bukatzen. Aldatu egiten dira. Zenbat aldiz esan behar dizut?

— Eta nik zenbat aldiz esan behar nizun bukatzear zegoela?

— Lehenago ere esplikatu izan dizut... Egia da, materia guztia ez da kontserbatzen, transformazio bakoitzean zerbait gal liteke, edo energia bihurtu. Baina masa gehienak iraun egiten du. Gauzak ez dira bukatzen bere horretan!

— Berriro hasi behar duzu horrekin?

— Bai, berriro, eta behar den guztietan. Ez zara konturatzen?

— Zu bai ez zarela konturatzen ezertaz. Kuleroak zikinduta ibiltzea nahi duzu?

— Aitzi, hau basiko-basikoa da, fisikaren funtsetako bat...

— Ba etxean komuneko papera bukatzen denean erostera joatea ere basiko-basikoa da, Aitor.

— E, nora zoaz? Utzidazu gauza bat esplikatzen.

— Bai, noski, Don Listok azalpen burutsu bat eman behar dio emazte tuntunari... Zer uste duzu, zure ikasle txolin horietako bat naizela?

— Aitzi, tonu hori ez zait gustatu.

— Niri ere ez zaizkit gustatzen komuneko papera erostea ahaztu zaizula justifikatzeko asmatzen dituzun tentelkeriak.

— Ez dira tentelkeriak!

— Okurritu ere ez zapatila horiekin sukaldean sartzea, aditu?

— Mendeetan eta mendeetan garatu diren pentsamenduak, eztabaidak eta ahaleginak daude esaldi horren atzean, ezin da esan...

— Ez sartzeko zapatila horiekin!

— Dios! Ezin da esan gauzak bukatu egiten direla, eta punto. Ezin da horren txolina izan! Gauzak hobeto pentsatu behar dira esan aurretik!

— Txolina... ni? Zoaz komunera eta begiratu, ea gauzak bukatzen diren edo ez diren bukatzen.

— Aitzi, ez probokatu...

Espazioa eta denbora dentsoago bihurtu dira, senar-emazteak zulo beltz baten atarira sartu balira bezala.

— Esango didazu zer grazia egingo dizun eskuarekin ipurtzuloa garbitu behar duzunean.

— Aitzi... Nahikoa da.

— Eskerrak neskamea daukazun atzetik ipurdia garbitzen ibiltzeko!

— Eta neskameoi, buruan sartzen al zaizue telebistako famosoen txorradak ez diren beste zerbait?

— Pasatu egin zara, Aitor... Tonta deitu didazu?

— Mendeetako eta mendeetako lanak eta teoriak komuneko zulotik behera botatzen ari zara!

— Komuneko zulotik behera papera joan da, eta zuri ahaztu egin zaizu erostea! Inutila!

Unibertso paralelo batean beharbada elkarrekin larrutan ari direla imajinatu du senarrak, baina ez, ez da teoria kuantikoetarako momentu onena.

— Inutila... ni?

— Zu, bai! Pentsalari burutsuok ez duzue kaka-mokordorik egiten... edo ze hostia!?

— Bai! Eta etxekoandre txolinen diarrea mentalak baino interesgarriagoak izango dira beti!

— A, bai?

— Bai!

— Ba... Badakizu zer?

Senarrak keinu, buruarekin.

— Orain bai,

Arnasa hartu du emazteak:

— bukatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.