Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala
Erritmo handiena, erraietan

'El Gran Fellove'
Zuzendaria: Matt Dillon. Herrialdea: Mexiko-Kuba-AEB. Iraupena: 91 minutu.
Matt Dillon aktoreak, oraingoan pantailaren bestaldera pasatu, eta zuzendari lanak egin ditu aurkeztu duen dokumental musikal ezin interesgarriagoan. Bertan, Francisco Fellove Valdes musikari kubatarraren bizitzaz arituko zaigu.
Dokumentala hasi eta segituan entzungo ditugu baxua, kongak, klabeak, eta sarrera emango zaio bidaiari; hasiera bertatik jazz afrokubatarra entzungo dugu, istorioaren ezinbesteko medio bezala, erritmoa eta musika arnas ditzagun istorioan murgiltzeko.
Dillonek azaltzen duen bezala, aspaldi, Kuban zegoela, Felloveren disko bat entzuteko parada izan zuen. Entzutearekin batera, scat eta jazz kubatar estiloa ulertzeko abeslariak zuen modu bereziarekin liluratu zen. Nor da, baina, Fellove delakoa?
1990eko hamarkadaren buelta da, eta Dillonek New Yorkeko lagun musikari bati Felloveren disko entzun berria ezagutzera eman dio. Zuzendariaren lagunak, musikaria eta ekoizlea dena, kubatar musikariarekin batera disko bat grabatuko nahiko du, eta Dillonek prozesu guztia kamerarekin jaso. 30 urte geroago, zuzendariak diskoaren bueltan grabatutako irudiak erabiliko ditu, artxiboko irudiekin batera. Latin jazz kubatar eszenako musikari esanguratsuen hitzak jasoko ditu. Kubaren historia hurbila ere azalduko zaigu zeharka: pobrezia, arrazakeria eta artista kubatar askoren erbesteratzea Mexikora. Iraultza eta Kuba komunista, ondoren.
Fellovek zera berezia zuen, feeling-a, dioten bezala, irrika berezia; harribitxia zen. Musika ulertzeko modu aurrerakoia zuen. Kuban ez zen aintzakotzat hartu musikarekiko haren ikusmoldea, baina bereak dira Mango Mangue eta El Jamaiquino bezalako klasikoak.
Dokumentalak omenaldia egiten dio laudoriorik ia jaso ez eta ezagutzera gutxi eman den musikariaren lanari, baita musikari berari ere.
Matt Dillon eta Latin Jazza gustuko badituzu, filma ezin galtzekoa da, alaia, bizia, eta musikatzarraz betea dago. Azucar!
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.