Euskal identitatea zabaltzen

Ipar Amerikan hainbat dira euskara eskolak ematen dabiltzan boluntarioak; batzuk, NABO euskal etxeen elkartearen barnean. Hizkuntza ez ezik, euskal kultura eta Euskal Herriko egoera soziala ere ikasleengana gerturatzea dute helburu. Euskararen aldeko militantziaz egiten dute lan.

BEÑAT URRUTIA. Irakaslea Quebecen. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Jakina da itsasoz bestaldean, Ozeano Atlantikoa zeharkatuta, badela euskal diasporako komunitate zabala Ipar Amerikan. Hainbat dira arbaso euskaldunak dituzten familiak, erroak barne-barnean daramatzatenak. Trukerako ere badituzte hainbat bide: esate baterako, NABO elkartea, AEBetan. Haren lehen harriak 1973. urtean jarri zituzten, euskal kultura eta identitatea bermatzeko helburuarekin lanean ziharduten zenbait talde batu zirenean. Egun, berrogei euskal etxe inguru batzen ditu elkarteak. Hainbat ekintza egiten dituzte, eta, horrez gain, bada euskara ikasteko aukera ere. Euskal identitatea zabaltzeko asmoz, hainbat boluntariok euskara eskolak ematen dituzte.

San Frantzisko, Boise (AEB) edota Quebec. Han eta hemen bada euskara ikasteko aukera; hain zuzen ere, egun, hamabi euskal etxetan hamazazpi irakasle dabiltza lanean. Aitor Iñarra NABO elkarteko euskara koordinatzailea da, eta hamar urte daramatza proiektuan murgildurik, euskara eskolak ematen, San Frantziskon. Hark azaldu du hainbat urtez eskaini izan dituztela euskara eskolak euskal etxeetan; 2000. urtean, ordea, HABE erakundeak hartu zuen horien gaineko ardura, eta, iaz, Etxepare institutuari pasa zion lekukoa. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak ere jasotzen dituzte.

Hasieran, euskal etxe bakoitzak bere metodologia erabiltzen zuen. «Euskara irakasleak autonomoki antolatzen ziren, eta, hasieran, zaila izan zen HABEk prestatutako materiala erabiltzea, beste metodologia batera egokitzea», esan du Iñarrak. 50 orduak izeneko material sortarekin ekin zioten euskara eskolak emateari, eta, hortik urte batzuetara, Euskara munduan programa erabiltzeari ekin zioten. Euskara koordinatzaileak nabarmendu duenez, azkenean lana aurreztu zuten, eta baliagarria suertatu zitzaien materiala.

Oihana Andion eta Beñat Urrutia ere euskara irakasleak dira: lehena Boiseko euskal etxean ari da eskolak ematen; bigarrena, berriz, Quebecen. «Egia esan, kasualitatez hasi nintzen euskara klaseak ematen», esan du Andionek. Dagoeneko sei urte daramatza proiektuan murgilduta. Urrutia, berriz, geroago sartu zen mundu horretan. «Duela bi urte ikusi nuelarik ez zela segidarik euskara klaseak emateko, izena eman nuen». Nahiz eta ofizioz irakaslea ez izan, euskara eskolei eutsi nahi izan ziela, alegia.


Boiseko euskal etxeko kideetako batzuk, Euskaraldia egitasmoan. Oihana Andion

Iñarra koordinatzailearen esanetan, bi helburu nagusi dituzte euskal etxeen sarean: «Egun ditugun euskara klaseak mantentzeaz gain, euskara eskolak euskal etxe gehiagotan ematea nahi dugu». Bide horretan, berebiziko garrantzia ematen diote irakasleen lan baldintzak hobetzeari; izan ere, musu truk egiten dute lan. «Eskolak boluntarioak dira; ez dugu diruarengatik egiten, irakasleok badugu-eta gure lana», esan du Andionek. Urrutiak gaineratu duenez, erakundeak bere gain hartzen ditu gastuetako batzuk; besteak beste, materiala erostea... eta kafea.

«Lan ainitz da, baina, aldi berean, esperientzia biziki aberasgarria; pozten nau euskara transmititzeak, nahiz eta Euskal Herritik urrun izan», adierazi du Urrutiak. Andionek esan duenez, «gutxinaka» hasi zen klaseari neurria hartzen eta ikasleen beharretara egokitzen. Hala eta guztiz ere, dagoeneko elkar ezagutzen dutela gaineratu du, eta klaseko edukiez ez ezik, haien bizitzei buruz ere hitz egiten dutela.

Hizkuntza ez ezik, egoera

Irakasleek esan dute euskara eskolak emateaz gain Euskal Herriko egoera sozialari buruz hitz egiten dutela, eta horri garrantzia ematen diotela. «Jolasak prestatzen ditugu ikasleen arteko harremanak sendotzeko eta euskara eta Euskal Herria hobeto ezagutzeko», azaldu du Andionek. «Euskara egunerokotasunean erabiltzeko edozein aukerari heltzen diogu».

Irakasleek lan bikoitza egin behar izaten dutela esan du Urrutiak: «Irakasleak euskal kultura ezagutzera emateko lana ere badu; ahal delarik, han [Euskal Herrian] gertatzen denari buruz sentsibilizatzekoa». Azaldu duenez, Quebecen euskara klaseak ematea ez da Euskal Herrian ematea bezalakoa.

Izan ere, hainbat faktore hartu behar dira kontuan eskolak emateko orduan: adibidez, ikasleen profila eta haietako bakoitzaren egoera. Iñarrak esan du ikasle gehienak berrogei urtetik gorakoak direla, baina badirela gazteagoak ere: «Euskal jatorria duten ikasleak dira gehienak, baina bada bestelako motibazio batek bultzatuta euskara eskoletan aritu denik ere; adibidez, euskara ikasi nahi duen hizkuntzalari bat».

Euskara ikasteko ez ezik, ikasleek «sinboloen eta folklorearen atzean zer dagoen ikusteko nahia» ere badutela esan du Andionek. Nahiz eta euskal diasporako komunitatean hizkuntza bazterrean egon, ikasleak «motibatuta» joaten dira klaseetara.

«Printzipioz, ez daukagu haurrentzako programarik, baina gure kabuz jarraitzen dugu haiekin lanean», esan du NABO elkarteko euskara koordinatzaileak. Esaterako, dantza klaseak eta euskara uztartzen saiatzen dira toki batzuetan.

Boluntariorik gabe, ezer ez

Irakasleek astean behin ematen dituzte euskara eskolak, bi edo hiru orduz. «Militantzia kontua da; ahal den bezala, euskara biziarazi nahi dugu, eta, horretarako aukera bada, goazen aitzina», esan du Urrutiak. Andionek ere militantzia izan du aipagai. Haren hitzetan, musu truk irakasten segitu behar badu ere, euskara eskolak ematen jarraituko du.

Andion Euskal Herriarekiko lotura ez galtzearren animatu zen eskolak ematera, eta, horri esker, bere euskara «bizirik» eta «osasuntsu» mantentzen du. Gainera, aipatu du ikasleak ere gustura joaten direla klasera, eta haien kezkak erantzutean berak ere asko hausnartzen duela. «Euskaraz eta euskaldun izateaz duten ikuspegia oso interesgarria iruditzen zait. Kanpoan 30 gradu zero azpitik izanik ere kurtsora huts egin nahi ez duen ikaslea: horrek motibatzen nau».

Hala, Ipar Ameriketako euskal diasporara joaten denak badu euskara irakasle zein ikasle izateko aukera, nahieran. Bitartean, boluntarioek euskara lau haizeetara zabaltzen jarraituko dute. Urrutiak esan duenez, ikasleek Euskal Herriaz eta euskaraz jakiteko gogoa dute, «eta gose hori asetzen saiatzen gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.