Egiaz eta begiaz

Galegoaren liburu beltza: 500 urte eta metafora

Inperialismo linguistikoa ez da gauza berria. Espainiar estatuan, esaterako, bost mende ere irauten duen errepresioa da: euskara, galegoa, katalana, tokian tokiko hizkuntza, hizkerak eta hiztunak zapaldu ditu gaztelaniak. Oraindik orain, galegoaren bostehun urteko historia beltza bildu eta argitaratu du Carlos Callonek (Ribeira, Galizia, 1978) O libro negro da lingua galega lanean, Francesc Ferrer i Gironesek katalanaren kasuan eta Joan Mari Torrealdaik euskararenean egin bide bertsuan.

BERRIA.
Miel Anjel Elustondo
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
765 orrialde ere baditu Carlos Callonen O libro negro da lingua galega (Xerais, 2021) liburuak. Bistan dena, ez ditu beltz guztiak lan horretara ekarri. Entziklopedia osoa beharko luke joan deneko bostehun urtean espainiar erregimenek gauzatu duten inperialismo linguistikoaren berri xehe ematekotan. Geografia eta Historia irakasle da Callon Lisboako Espainiar Institutuan, Galegoaren Hizkuntza Normalizazioaren Aldeko Mahaiko presidente izan zen hamabi urtez, eta galegoaren aldeko hainbat kanpaina gidatua da. Liburu honetan, berriz, galegoaren errepresioaren ale ederrik bildu du, eta haietarik batzuk aldatu ditugu hona, ikasgai eta erakusgarri.

Ongi galarazia

2008koa da gutuna, Santa Baia de Vedrako abadeak eliztarrei sukarrez eta beroz igorria. Esaten zuenez, galegoa bere herrialdeko hizkuntza zen, berea izana zuen, eta, artean, partez, bederen, halaxe zuela zioen, ohi denez: bere-berea. Armindo Iglesiasek, horixe baitzuen grazia abade hark, maitasun aitortza egiten zuen gutun hartan: «Maitasuna diot gurasoek hitz egin zuten hizkuntzari, nik neuk hitz egin nuenari eta oraindik ere erabiltzen dudanari, baina, era berean, gurasoek erromatarraren area eta idi-orga baliatu zituzten». Hein bateko amodioa, alegia. Eta gehiago ere bazioen: «1940 inguru hartan, apaizgaitegian galegoz hitz egitea galarazten ziguten. Oraingo egunean esaten dute astakeria handia egin zutela, baina nik esaten dut ongi egin zutela, asmatu egin zutela».

Gisa bereko hamaika lekukotasun jaso ditu Callonek liburu beltz honetan. Nahi beste dira testimonioak, 1480an hasi eta oraingo garaira artekoak. Gorago aipatu dugun Armindo Iglesiasen sasoi bertsuko abadeen perlak ez dira eskas: «Galegoa erabiltzearen kontra nago. Ohar zaitez, galegoa dialektoa duzu, eta hura erabiltzeak eragozpenak sortuko lituzke, misiolariek Afrikako tribu horietara joaten direnean izaten dituztenean bezala». Eta abade gehiagoren iritzi-miritziak: «Galegoz elizan? Jakina, bada. Nik neuk, adibidez, homiliaren garaian galegoz esaten ditut txisteak»; «Galegoak ez du liturgiarako balio, hitz zikin lohi asko baititu»; «Arbuio dut galegozko meza».

Apaizgaitegiko errepresioak ez zuen izan mugarik geroagoan ere. Bieito Santos Gonzalez, 1939an jaioa, Camposancoseko (A Guarda, Pontevedra) apaizgaitegian izan zuten: «Gaztelaniaz hitz egiten ez nekiela heldu nintzen. Han, jakina, gaztelaniaz hitz egiten zen, eta galegoz hitz egitea erreprimitzen zuten, lanean oztopo zela esaten ziguten… Galegoz hitz egitea irri-egingarri zen, galegoz hitz egiten ez zutenentzat; guretzat, berriz, burukomin galanta! Oso zail gertatu zitzaidan, nekezia handian onartu nuen prozesu hura».

Ongi hitz egin

Xaquin Campo Freirek hamar urte zituen 1947an. Guitirizekoa (Lugo) zen, San Xiao de Rocako parrokiakoa, eta, behin, etxekoek Lugoko hiriburura joateko agindu zioten, enkarguren bat egitera. «Ardurako mandaturen bat zen, nire adineko mutikoari batere ez zegokiona». Autobusera igo eta otoi, eta galegoz, O Alto de Rocarako txartela eskatu zuen: «Halako lekurik ez zagok, mutiko! Eta balia ezak egokiera ongi hitz egiteko, hau hiria duk!», esan zion gidariak, Campo Freire oraingo egunean oroitzen denez. «Xofer hark ez zuen gaiztakeriaz egin, bera ere sistemaren biktima zen, baina nik mina eta ezina sentitu nituen. Nire hizkerak ez zuen balio, ez zen hitz egiteko manera zuzena. Hiru urte lehenago amarik gabe gelditu ginen. Baina Roca bazen toki bat, ni han jaioa nintzen, eta gure guraso eta auzoak inoiz ez ziren ahozikinak izan. Egun hartan neure identitateaz jabetu nintzen: mutiko galegoa nintzen, herri txikikoa, galego hiztuna. Horrexen araberako duintasuna nuen». Eta Campo Freire duintasun horrixe atxiki zitzaion helduaroan ere: « 'Hitz egin ezak kristianoz [gaztelaniaz]!', esan zidan behin gizon batek. Ez naiz oroitzen guardia zibila zen, epaitegiko langilea edo aguazila. Gure aitak eta auzoek kontzejura joan behar izan zuten desakordio batzuen berri ematera, eta ni haiekin joan nintzen. Orduan ere egonarriz eraman behar izan genuen egoera hura. Herriko abadea gurekin zen, gure alde, eta defenditu gintuen. Merezi izan zuen. Arima pertsonal eta kolektiboan betiko gelditzen diren markak dituzu». Campo Freireren lekukotza.

Gaztelaniaz eta kitto

Espainiako Karlos III. erregearen zedula, kontabilitate-liburuak gaztelania ez besteko hizkuntzan eramatea galarazten duena: 1772ko abenduaren 24ko Errege Zedula, handizkako eta txikiko merkatari eta salerosle guztiek, bertakoek eta atzerritarrek, Erresumako Legea bete dezaten agintzen duena, liburuak gaztelaniaz eraman behar dituztela jakinarazten duena, «mila dukateko zigorpean». Carlos Callonek dioenez, araua are gehiago zegoen pentsaturik katalanaren erabilera eragozteko Mediterraneo aldean, baina bere horretan iturburuko ura bezain garbi erakusten du galego idatziaren erabilera mugatu zuela, baita ekonomia gaietan ere.

Eta ekonomian ez ezik, administrazioan…

XV. mendearen amaierakoa edo XVI. mendeko hastapenekoa da, nonbait, Altamirako kondesaren kasua, idazki bat sinatzera ukatzen den emakumearena. Antonio Lopez Ferreiroren nobela baten zatia da, artxiboetan barna igeri ibilirik bildu eta, gero, eleberrira eramana: «Dena kanpotik etorri behar zaigu; epaileak, eskribauak, errejidoreak, baita artista eta artisauak ere, hemen gizonik ez balego bezala, kanpotarrak izan behar dute denek. Gure artisauek beren dendetan eskuak hutsik jarri, eta ikusi behar izaten dute kanpotik etorriberriek nola lan egiten duten, eta dirua irabazten. Gure hizkerak ere atzera egin behar izaten du, zerbitzari zintzo eta zahar hark bezala, nagusiek kalera bota zutena eta, haren ordez, beste bat hartu, lotsagabea eta herrialdearen mugakoa. Ezagutu nuen emakume noble bat, Maria Alvarez de Soutomaior andrea, zeinak, eskribauak diligentzia bat helarazi ziolarik, ez zuen sinatu, esanez ez zuela gaztelaniaz entenditzen. Gure osaba, Alvaro Isorna artzapezpikua (Jainkoaz goza beza) gure hizkuntza berrezartzen saiatu zen, eta, ongi dakizunez,galegoz ezarri zituen bere xedapen guztiak, baina, bera hil eta gero, gure belarriak hizkera arrotz baten kirrinkak aditzera kondenatu zituzten». Handik laster, galegoa ez ezik, «galego hertsia» izango zen argudio, bertako hiztunaren kaltetan beti edo gehienean.

Galegoa, «galego hertsia», gaztelaniaren dialekto baldar eta arrunta. Omen.

Metafora

Santiago Compostelako Santa Maria de Belviseko komentukoa zen erretaula, Pontevedrako museoan da ikusgai gaur egun. Belviseko erretaula, gutxi gorabehera 1390ekoa da. Inskripzioa zuen galegoz, Santo Acacio e os dez mil martires do monte Ararat, baina gainetik margotu zuten idazkun hori, eta gaztelaniaz berridatzi. 2005ean bistaratu zen lehen inskripzioa, erretaula zaharberritzeko lanari ekin ziotenean. Ez dago jakiterik nork agindu zuen jatorriz galegokoa gaztelaniara aldatzea, nork agindu zuen jatorrizko hizkuntza isilaraztea. Carlos Callonen hipotesiaren arabera, Elizako ordenaren batek aginduko zuen, inondik ere, «herriaren hizkuntzaren arrastorik eduki nahi ez zuen kultuaren zerbitzura jartzeko asmotan». Callonen azken hitza, erretaula honen kasua paradigmatzat harturik, eta galegoaren ibili historikoa gogora ekarriz: «Galegoz idatzi zuten, gaztelaniaz margotu zuten gainetik eta galegoa ezkutatu, baina berriz ezarri dute galegoz. Metafora egokia izan liteke»...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.