Trikiti doinuen sehaska

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 'Trikitixaren ganbara' erakusketa zabaldu du Azpeitiko Basazabal jauregian. Trikitiaren historiaren puska handi bat jaso dute bertan

Azpeitian ireki berri duten Trikitixaren ganbara erakusketa. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Azpeitia
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Oso ohikoa da egun Euskal Herriko erromerietan trikiti eta pandero soinuak aditzea. Hain errotuta dago euskal kulturan, ezen batek baino gehiagok bertakotzat jo izan duen. Itxura guztien arabera, ordea, trikitia ez da hemengoa, edo ez da hemen sortua, behinik behin. Hipotesi batzuen arabera, Italiako iparraldetik trenbideak eraikitzera etorri ziren langileek ekarri zuten. Kontrara, bada trikitia Bizkaian sortu zela dioenik ere. Argiturik ez dagoen historia bat du gordea, beraz, musika tresna horrek. Edonola ere, XIX. mende erdialdera zabaldu zen euskal lurretara. Landa eremura iritsi zen lehendabizi, eta erreminta aurrerakoia izan zen bertan; aurre egin baitzien, nolabait, debeku sozial eta erlijiosoei. Gerora, gehiago zabaldu zen trikitiaren kultura, Euskal Herrian ondare bihurtzeraino.

Dokumentazio lan handia egin ostean eta hamaika lekutan arakatu ondotik, gordea du ondare horren puska handi bat Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, eta hain justu ere, Azpeitiko Basazabal jauregian egin dio txoko bat horri guztiari, Trikitixaren ganbara erakusketan.

32 urte dira elkartea sortu zenetik, eta lortu dute hasiera-hasieran desiratzen zuten helburuetako bat. Atzo egin zuten, jauregian bertan, inaugurazio ekitaldia, eta hala mintzatu zen elkarteko lehendakari Agurtzane Elustondo: «Bete da partaide guztion ametsa: trikitiari eskainitako museo edo interpretazio gune bat osatzea lortu dugu».

Zenbait garaitako eta askotariko emanaldietako irudiak ageri dira erakusketako paneletan:erromeriak, jaialdiak, kalejirak zein ostatuko bazkalondoak; den-denak zuri-beltzean. Une horien argazki gisara, gainera, irudiaren garaia eta bertan ageri direnen izenak deskribatzen dituen testu laburrak ere jarri dituzte panel horietan, Koldo Izagirrek idatzitakoak.

Irudiak eta testuak ez dira, baina, erakusketan jaso dituzten ondare bakarra. Izan ere, garai bateko hainbat trikiti ere jaso dituzte bertan; orduko trikitilarienak zirenak, hain zuzen. Panderoak ere ikusgai daude areto horretan, eta hainbat pandero jotzaile ohiek esandakoak ageri dira idatzita horien larruetan. Hala dio, esaterako, Kepa Arrizabalagarenak: «Hamaikatxu kopla kantauz neure pandero honen konture».

Erakusketa sortzeko, Azpeitiko Udala izan du lagun elkarteak, eta, beraz, inaugurazio ekitaldian izan zen Nagore Alkorta alkatea ere. Hala esan zuen: «Hasiera besterik ez da hau, denon artean idatz dezakegun historia baten hasiera».

Hunkituta agertu zen erakusketaren irekierarekin Eneritz Albizu Azpeitiko kultur zinegotzia, eta eskerrak eman zizkien dokumentazioan borondatezko lanean aritutakoei: «Trikitiaren eta euskararen zati handi bat galduko litzateke eurek egindako lanarengatik ez balitz». Trikitia eta euskara estuki lotuta daudela adierazi zuen. «Erakusketa honek erakusten du nolakoak garen eta zergatik garen. Urola Erdialdea trikitiaren sehaska da». Jaso duten «altxorra» babestu nahi dute aurrerantzean. «Trikitiaren iragana eta etorkizuna lotuko ditu honek».

Garai batekoak ere bertan

Erakusketan jasotako piezei so egon ziren bertan bildutako zenbait trikitilari eta pandero jotzaile ohi; beren musika tresnak eskuetan hartuta. Eurei mintzatu zitzaien Joseba Tapia musikaria eta elkarteko lehendakari izandakoa: «Ospakizun bat da Trikitixaren ganbara ireki izana, hau da gure herriko zutabeetako bat».

Trikitiaren kulturak Euskal Herrian egindako ibilbidea kontatu zuen segidan, eta bertaratu zirenekin batera eratu zuen kontakizuna. Joxe Mari Iriondo kazetariak, esaterako, Loiolako Herri Irratian egindako jardunean bildutako artxibo dokumentalaren gainean hitz egin zuen, eta Xabier Leturia musikariak, berriz, bere ibilbideari buruzko gogoetari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.