Koronabirusa

Nerabeen txertaketa onetsi dute

12 eta 15 urte arteko gaztetxoei Pfizer etxearen txertoa jartzeari atea ireki dio EMAk. Orain, Europako Batzordearen esku dago behin betiko onarpena

Juanma Gallego.
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Pfizer etxearen txertoa 12 eta 15 urte arteko nerabeei jartzearen alde azaldu zen atzo EMA Sendagaien Europako Agentzia. Erabaki esanguratsu horren ondoren, bidea ireki dakioke EB Europako Batasunean 16 urtetik beherako herritarrak txertatzeari. Izan ere, EBn orain adin horretatik gorakoei besterik ez zaie jartzen COVID-19aren aurkako txertoa. Orain, Europako Batzordearen esku egongo da adin horretako gaztetxoentzat ere txertaketaren gomendioa berrestea, eta estatu kideek aukera hori jaso ahal izango dute haien txertaketa plangintzetan.

Maiatzaren 3an, EMAk ekin zion aukera hori aztertzeari, eta atzo sendagaiak gizakietan erabiltzea arautzen duen batzordea bildu zen, Pfizer-BioNTech enpresak ekoitzitako Cominarty txertoa 12 eta 15 urte arteko gaztetxoekin erabiltzea komeni ote den argitzeko. Arratsaldean erabakitakoaren berri eman zuten. Adituen ustez, Pfizer etxearen txertoa segurua eta eraginkorra da, eta 12 eta 15 urteko gaztetxoekin erabiltzea merezi du. Adin tarte honetan ere «onurak arriskuak baino gehiago» direla ebatzi du EMAk, «batez ere, COVID-19 larri bat garatzeko arriskua indartzen duten gaitzak dituzten haurren kasuan».

Ondorio horretara iristeko, Pfizer-BioNTechek egindako entsegu kliniko baten emaitzak aztertu dituzte. 2.000 bat adingaberekin egin dute ikerketa. Txertoa jarrizieten 1.005 adingabeetatik bakar batek ez zuen COVID-19a garatu. 978 gaztetxori plazeboa eman zieten, eta, horietatik hamaseik gaitza garatu zuten. Ikerketan jasotako datuei erreparatuta, EMAk adierazi du txertoaren efikazia %100ekoa dela, baina aitortu du gero errealitatean benetako efizientzia tasa %100 eta %75 artean egon daitekeela.

Datuen argitara, emandako erantzun immunitarioa 16 eta 25 adin tartekoetan izan ohi denaren parekoa dela ziurtatu du EMAk. Erantzuna COVID-19aren aurka organismoak sortzen dituen antigorputzen arabera neurtzen da.

Antzeko albo ondorioak

Albo ondorio nabarmenenei dagokienez, gainerako adin tarteetan izaten direnen oso antzekoak dira, erakundearen esanetan: mina ziztatua izan den besoan, nekea, buruko mina, giharretako oinazea, hotzikarak eta sukarra. «Eragin hauek arinak edo erdi mailakoak izan ohi dira, eta zenbait egunen buruan hobera doaz».

Onartu dute nerabe gutxik parte hartu dutela ikerketan eta, horrenbestez, oraindik «ezohiko albo ondorioak» atzemateko erarik ez dela egon. Txerto horren erabilera gainerako adin tarteetakoaren antzekoa izango dela esan du erakundeak: bi dosiz osatutako pauta emango zaie txertatzen direnei, injekzioen artean hiru asteko tartea utzita.

Bestalde, EMAk iragarri du ikertzen hasiak direla Pfizer jarriondoren zenbait pertsonak garatu dituzten miokarditisak eta perikarditisak, txertoari lotutakoak ote diren argitzeko. Aurreratu dutenez, zenbait kasu atzeman dira, batez ere, 30 urtetik gorakoen artean, baina oraingoz ez dute txerto horrri lotzeko zantzurik aurkitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.