Aljeria. Legebiltzarrerako hauteskundeak

Itxaropen gutxi aldaketarako

Parlamenturako bozak egingo dituzte gaur Aljerian. Oposizioko alderdi gehienek boikoterako deia egin dute. Erregimenak gazteen hautagaitzak babestu ditu, protestak isilarazteko itxaropenarekin

Manifestazio bat Aljerren, 2019ko presidentetzarako bozen atarian. AHMED GAID SALAH / EFE.
Ricard Gonzalez.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Itxuraz, Abdelaziz Buteflika presidentearen osteko lehen hauteskundeek ez dute piztu interes handirik Aljeriako gizartean. Martxa jendetsuek 70 urtetik gorako presidentea erorarazi zuten asaldura politiko handiko egun haietatik bi urtera, Aljerko kaleetan apatia eta eszeptizismoa dira nagusi. Oposizioaren zati handi batek boikoterako deia egin du, bozak iruzurra direla uste duelako; eta Hirak izenez ezaguna den indarkeriarik gabeko protesta mugimendua lozorroan dago, errepresioaren gorakadaren ostean; beraz, itxaropen gutxi dago aldaketa politikorako.

Abdelmajid Tebbune presidenteak erabaki zuen parlamentua desegin eta hauteskundeak aurreratzea erregimena berritzen ahalegintzeko. Itxura guztien arabera, Buteflika agintean zegoen garaian —2019an kargugabetu zuten nagusi ziren bi alderdiek, FLN askatasunaren alderdi historikoak eta RNDk, murriztu egingo dute euren ordezkaritza parlamentuan. Erregimenak petzero gisa baliatu ditu Buteflikaren gertuko politikari eta enpresaburuak —gehienak espetxean daude, tartean presidente izandakoaren anaia—, Hiraken ustelkeria salaketei aurre egiteko.

2019ko presidentetzarako hauteskundeetan gertatu moduan, non Tebbune aukeratu zuten presidente, oposizioko alderdi tradizionalak banatu egin dira. Batzuek bozetan parte hartuko dute, Ali Benflis lehen ministroaren Talaie al-hurriyatek esaterako. Berdin egingo dute eremu islamistako alderdi gehienek ere. Aldiz, ibilbide luzeko alderdi laikoekboikoterako deia egin dute, PST Langileen Alderdi Sozialistak, FFSk eta RCDk kasu —azken horiek oso indartsuak dira, Kabilian batez ere. Hiraken ordezkaritza politikoa bereganatzeko ahaleginean egin dute hori, eta hauteskunde prozesuan askorik sinesten ez dutelako.

Analisten arabera, hauteskundeen arrakasta neurtzeko oinarrizko datuetako bat izango da parte hartzea; txikia izan zen presidentetzakoetan —%40 baino gutxiagokoa—, eta are txikiagoa joan den azaroko Konstituzioari buruzko erreferendumean —%23,6koa—. Irudi berritzailea emateko ahaleginean, erregimenak gazte independenteen hautagaitzak bultzatu ditu, eta kanpainako gastuen zati handi bat ordaindu die: 460 milioi dinarreraino (3,5 milioi euro) bideratu ditu estatuak helburu horretara. Mezu hau helarazi nahi die, batez ere gazteei: hainbeste bilatutako aldaketa politikoa gertatu dela, eta, beraz, ez dela beharrezkoa manifestatzen jarraitzea.

Hala ere, ez dirudi ideia errotu denik. «Hauteskundeak ez zaizkit interesatzen, eta ez dut bozkatzeko asmorik. Hautagaiek ez dituzte erreforma berriak aurkeztu. Betiko emaitzetara eraman gaituzten betiko ideiak dira. Begizta batean gaude», dio mezu elektroniko batean Azizak, hogei urteko unibertsitateko ikasle batek. Jaiotze tasa altuaren ondorioz —hiru seme-alaba inguru emakumeko—, Aljeriak oso biztanleria gaztea du, eta horrek ere azaltzen du talde hori erakartzeko gobernuaren interesa; izan ere, Hirakeko, hau da, Buteflikaren bosgarren agintaldia eragozteko sortutako mugimenduko kide gehienak gazteak dira, eta erreforma sakonagoak eskatzen dituzte.

Errepresioa

Joan den asteko ostiralean, bi urtean lehenengoz —pandemiako hilabeteak kenduta—, ez zen egin manifestaziorik poliziaz betetako Aljerren. Izan ere, aurreko asteetan, nabarmen handitu da Hiraken aurkako errepresioa. Normalean Poliziak dozenaka lagun atxilotzen zituen ostiraletan, eta, ordu batzuetara. aske utzi; baina, maiatzeko lehen bi asteetan, atxilotuak 2.000 baino gehiago izan ziren. Horietatik 144k preso jarraitzen dute; ondorioz, Hiraken 216 jarraitzaile daude espetxean, CNLD Atxilotuak Askatzeko Nazio Batzordearen arabera. Ez zegoen oposizioko horrenbeste kide preso 2019tik. Hain zuzen ere, Hirakeko hiru kide atxilotu zituzten ostegun gauean, tartean bi kazetari.

Argi geratu da gobernuak gogortuegin duela jarrera udaberritik, orain ez baititu onartzen asteroko protestak. Tebbune presidenteak, zeinak hautatua izan ostean «Hirak bedeinkatua» aipatzen zuen eta eskua luzatzen zion, tonua aldatu du. «Ez dut erabiltzen, [Hirak] aldatu egin delako... haren aztarnak edonon aurki daitezke. Batzuek 'Estatu Islamikoa!' oihukatzen dute, besteek 'Islamari ez!'. Manifestariek euren haserrea adierazten dute agian, baina hori ez da hasierako Hirak hura», azaldu du Frantziako Le Point aldizkariari eskainitako elkarrizketan. Apirilean, agintariek terroristatzat jo zituzten Hiraken barruko bi talde, Ratxad, joera islamiko moderatukoa, eta MAK, Kabiliako mugimendu independentista.

Baina, krisi politikoaz gain, ekonomikoa eta soziala ere badu herrialdeak. Azken asteetan, grebak eta protestak egin dituzte hainbat sektoretako langileek. Zor publikoa BPG barne produktu gordinaren %50 baino handiagoa da; 2015ean, berriz, %10ekoa baino txikiagoa zen. Gazteak dira kalte gehien jasan dutenak, %30 baino gehiagoko langabezia tasarekin. «Langabeziak maila guztiei eragiten die: gazte diplomadunei, enpresa bat sortu nahi dutenei... Horregatik, askok ezkutuan migratzeko asmoa dute», kexatzen da Aziza. Ez dirudi diputatu berrien lana erraza izango denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.