Albistea entzun

Koronabirusa. Santos Indurain. Nafarroako Osasun kontseilaria

«Bidaltzen dizkiguten txertoen menpe gaude: hori da gure botila lepoa»

COVID-19aren izurriak «lezio ugari» irakatsi dizkiola dio Nafarroako Osasun Departamentuko buruak. Azken hilabeteetan hartutako neurriak «gogorrak eta inpopularrak» izan arren, gobernuaren bide orria «egokia» dela uste du.
IñIGO URIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2021eko urtarrilak 27

Medikuntzari emana dio bizitzaren parterik handiena. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean lizentziatu ostean, familiako mediku aritu zen hainbat urtez, Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean irakasle hasi zen arte. Iazko abuztutik, Osasun kontseilari da Maria Txibiteren gobernuan. Sektorea ezagun du, beraz, Santos Indurainek (Uztarroze, Nafarroa, 1959). Aitortu du, hala ere, bere bizitzako «erronka handiena» dela COVID-19aren izurria zabaldu osteko egoera gobernatzen saiatzea.

Astelehenean, txertoaren 5.850 dosi jaso zituen Osasunbideak. Onbideratu al da prozesua?

Ongi doa, abenduaren 27an hasi ginenetik. Nafarroan, 17.339 pertsonari jarri diegu Pfizerren txertoa orain arte, eta, horietatik, 811k egina dute txertaketa ziklo osoa: bi dosiak hartu dituzte, alegia. Duela bi aste, bestalde, Moderna enpresaren txertoa jartzen hasi ginen. 500 bat dosi jaso genituen hasieran, eta 800 jasoko ditugu aste honetan. Bide orri propioa ondu dugu, gainera: Nafarroako Txertaketa Estrategia. Horren ardura darama Osasun Publikoko Institutuak, erkidegoen arteko osasun batzordearekin koordinatuta, eta, orain arte, dena doa espero zen bezala. Lehen fasean, talde zaurgarriek hartu zuten lehen dosia: zahar etxeetako egoiliarrek, mendekotasun handia dutenek, komunitate terapeutikoek... Sektore horiei bigarren dosia jartzen ari zaizkie orain, eta, ia aldi berean, baita osasun sektoreko profesionalei eta langile soziosanitarioei ere. Urteko bigarren hiruhilekoan hasi nahi dugu prozesuaren bigarren fasea ere. Horretan, gainerako adinekoei eta arriskua duten beste sektore batzuei jarriko zaie txertoa, 80 urtetik gorako herritarrekin hasita.

Erritmo horretan, ordea, ez dirudi bide orrian ezarritako epeak beteko direnik. Talde immunitatea noizko?

Txertoaren auzian komeni da itxaropenak apur bat apaltzea. Gure helburua da bidaltzen dizkiguten dosi guztiak jartzea, ahalik eta jende gehien immunizatzea, alegia, baina iristen zaizkigun txertoen menpe gaude, hori da gure botila lepoa. Oraingoz, Pfizerren eta Modernaren txertoek lortu dute behin-behineko baimena, eta ikusteko dago noiz iritsiko den Oxford-AstraZenecarena. Aurki izanen dela dirudi, baina ez da erabat ziurra. Badira beste batzuk ere, baina, horiek hemen merkaturatu eta erabili ahal izateko, Europako Batasunaren baimena behar da, eta horrek baldintzatuko du, finean, erritmoa: zenbat txerto onartuko dira? Zenbat dosi bidaliko dizkigute? Noiz? Bidalketak jarraituak izanen dira, ala etenaldiak izanen ditugu? Tamalez, pandemia honek erantzun gutxi ekarri dizkigu, eta ziurgabetasun ugari.

Erakunde eta ordezkari politiko batzuk ausartu dira datak ematera. Esan izan da ekainerako lor daitekeela talde immunitatea...

Nik nahiago dut zuhur jokatu. Garrantzitsua iruditzen zait ilusioak gehiegi ez puztea, horrek frustraziora eraman gaitzake eta. Ezusteko oztopoak ager daitezke bidean, azken asteetan ikusi dugun bezala.

Horregatik erabaki zenuten txertoetako batzuk gordetzea, bigarren dosia bermatzeko?

Hain zuzen ere.

Espainiako Gobernuak, ordea, zigortu egin zuen jokabide hori: txertoen banaketa aldatu zuen, aurretik dosi gehiago jarri zituzten erkidegoen mesedetan. Nola hartu zenuten erabaki hori?

Ongi ez. Hasieran, ez gentozen bat banaketa berriarekin, baina, azkenerako, aldea oso txikia izan zen erkidego batzuen eta besteen artean. Aste honetan eta hurrengoan ere doikuntza txikiak eginen dituzte dosien bidalketetan, baina otsail bukaerarako orekatu eginen dira atzera ere.

Erresuma Batuan, kontrako estrategia jarri dute indarrean: lehen dosia ahalik eta herritar gehienei jarri, eskura dituzten txerto guztiak erabiliz, eta bigarren dosia atzeratu. Planteatu duzue halakorik?

Hasieratik argi izan dugu bi dosiak jarri behar direla bere garaian: hau da, Pfizerren txertoaren kasuan, lehena txertatzen denetik 21 egunera jarri behar dela bigarrena. Baina irizpide hori ez dut nik ezarri. Ez da nire iritzia: Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean ari diren epidemiologo, birologo, mikrobiologo eta bestelako adituek eztabaidatu zuten auzi horren gainean Osasun Departamentuko batzorde tekniko aholku emailean, eta aho batez erabaki zuten bi dosien estrategiari eustea.

Txerto gehiago iritsi ahala, erritmoa bizkortu beharko da. Osasun sistemaren baliabideak nahikoak izanen dira horretarako?

Oxala! Gustatuko litzaidake egoera horretan egotea eta txertaketa prozesuaren erritmoa bizkortu behar izatea. Askoz dosi gehiago jaso ditugun seinale. Dena den, gure kontingentzia planean jasota dago hori ere: lehen fasean, adibidez, txertaketa unitate ibiltariak erabiltzen ari gara, eta, bigarrenean, Lehen Arretako sareko profesionalak jarriko ditugu horretara. Eskarmentu handiko langileak dira, gripearen aurkako txertaketa kanpainan frogatu denez. Gainera, abenduan eta urtarrilean dozenaka profesional prestatu ditugu txertoa jarri ahal izateko, eta, txerto gehiago jasoko bagenitu, prest egonen ginateke.

Polemika piztu du egunotan zenbait ordezkari publikok txertoa jarri izanak ez zegokienean. Halakorik gertatu al da Nafarroan?

Nik dakidala, ez, eta niri ez didate txertorik jarri. Hori argi utzi nahi dut. Ez da nire txanda.

Osasun langilea izanda ere ez?

Ez. Familia medikua naiz, baina ez nago jardunean; ez dut pazienteekin lan egiten. Argi dago zein den irizpidea eta zeintzuk lehentasunak...

Batzuek ez dute hain argi.

Protokoloak kontsentsuz onartu ziren, eta denontzako igualak dira.

Bigarren olatuan, esan zenuen neurriak zorroztu behar zirela, maiatz-ekainetan gaizki egindakoa errepika ez zedin. Gabonen ostean, hirugarren olatua iritsi da. Ez dirudi lezioa ikasia dagoenik...

Esanen nuke zerbait ikasi dugula, baina ikasketa prozesu etengabean murgilduta gaude. Martxoko eta apirileko lehen olatu hura tsunami izugarria izan zen, eta ez genekien horri nola aurre egin. Uda ere ez zen erraza izan, eta, Nafarroan, urri aldera pairatu genituen ondorioak. Orduan hartutako neurriei esker ikasi genuen zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, eta, batez ere, ikasi genuen birus honi aurrea hartu behar zaiola. Atzetik ibiltzeak ez du deustarako balio.

Baina ikasitakoa Gabonetan aplikatu zenuten?

Bai. Adibidez, arrisku apala zen garaian, neurriak malgutzea erabaki genuen Gabon gau eta Urtezaharreko ospakizunei begira. Gabon gaua pasatuta, ordea, zantzu kezkagarri batzuk atzeman genituen, eta neurriak gogortu genituen atzera ere, kasuak ugaritu zitezkeela ikusi genuelako. Neurri inpopularra izan zen, eta kritikak jaso genituen, baina ongi egin genuela uste dut.

Eta, hala ere, transmisio kurba goranzko joera betean da. Zer egin da gaizki?

Nik ez nuke horrela planteatuko. Arnas aparatuko beste gaitz asko ere ez dira era berean hedatzen udan edo neguan. Gripea bera ere urtero sufritzen dugu neguko hilabeteetan. Badakigu etorriko dela, eta, ahalegin guztiak eginda ere, jende asko kutsatu ohi da. Horrek esan nahi du gauzak gaizki egiten ditugula? Ez dut uste. COVID-19aren kasuan ere, aspaldi ohartarazi genuen neguko hilabeteak gogorrak izanen zirela, arnas aparatuko birusak errazago kutsatzen direlako.

Hortaz, zer egoeratan dago Nafarroa? Zein da diagnostikoa?

Urrian, adibidez, intzidentzia oso altua izan genuen, eta muturreko arrisku egoeran ginen. Guk orduan bizitakoa pairatzen ari dira beste erkidego batzuk orain. Udazkenean ikasitakoari eta hartutako neurriei esker, gaur dugun intzidentzia metatua ez da beste lurralde askotan bezain altua, baina horrek ezin gaitu autokonplazentziara eraman: datuak altuegiak dira oraindik, eta arriskua, handia. Kezka eragiten digute ospitaleen egoerak eta, batez ere, zaintza intentsiboetako unitateek. Esperientziak erakutsi digu kutsatze datu altuak atzeman eta bi astera nabaritzen dela igoera hori ospitaleetan eta ZIUetan. Zuhur jokatu behar dugu, eta gaitzari aurrea hartu.

Horrek esan nahi du neurri gogorragoak hartuko dituzuela?

Kezkarako zantzuak antzemanez gero, bai. Aurreko astean hartu genituen batzuk, baina gehiago hartuko ditugu horretarako beharrik ikusten badugu.

Kritikak eragin dituzte ostalaritzan ezarritako neurriek. Salatu dute, besteak beste, egoeraren errudun egin dituzuela. Justifikatuta al daude neurri horiek?

Ostalaritzaren egoera eta ezarri beharreko neurriak argi eta garbi azaldu ditugu sektoreko ordezkariekin eginiko bilera guztietan. Agerraldiak atzeman dira ostalaritzan. Hori argi dugu denok. Horrek ez du esan nahi ostalariak errudun direnik, baina sektore horrek ezaugarri bereziak ditu, eta, askotan, ezin dira segurtasun neurriak bermatu: bezeroen artean askotan ez dago gutxieneko distantziarik, ozenago hitz egiten dugu, maskara kentzen dugu une oro, denbora luzea ematen dugu elkarrengandik hurbil...

Hainbat adituk esana dute birusarekin bizitzen ikastea ez dela estrategia egokia, eta hobe dela izurria erabat suntsitzeko neurriak ezartzea: Zero-COVID estrategia deritzona. Aukera hori mahai gainean duzue?

Ez dugu halakorik planteatu, baina horrek ez du esan nahi erabat baztertzen dugunik. Izurriaren eboluzioaren araberakoa izanen da gure erantzuna ere. Badugu bide orri propio bat: Nafarroa izan zen itxiera perimetrala ezarri zuen lehen erkidegoa, bilkurak bizikidetza unitate bakarrera mugatzea proposatu zuen lehena, eta ostalaritzaren itxiera planteatu zuen bigarrena. Orain arte, ongi funtzionatu du estrategiak.

Debekuez gain, ordea, inbertsioa ere behar da...

Gure ildo estrategikoetako bat da. Ezinbestekoa da lehen arretako zerbitzua, osasun publikoa eta komunitarioa eta ospitale sarea indartzea, eta, horretarako, inbertsioa behar da. Izurri honek agerian utzi du osasun sistema publiko sendo baten beharra, gerora etor daitezkeen erronkei aurre egiteko. Eta, aintzat hartuta klima aldaketa betean gaudela, etorriko dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariaren artxiboko irudi bat. ©OLIVIER HOSLET / EFE

Txertoen patenteak kentzearen gainean eztabaidatzea onartu du Europak

Maria Ortega Zubiate

Herrialde ekoizleei dei egingo diete «esportazioa baimendu eta hornikuntza kateak oztopatzen dituzten neurriak deuseztatzeko». Europako Batasuna da «munduko txerto esportatzaile nagusia». AEBek babestu egin dute txertoei patentea kentzea.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gaur, Eusko Legebiltzarrean. ©David Aguilar / Efe

Jaurlaritzak ez dio helegiterik jarriko EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiari

Berria

Urkulluk esan du soilik auzitegiak onartutako neurri murriztaileak sartuko dituztela alarma egoeraren ondorenerako aterako duten dekretuan. «Bermeak» nahi ditu, eta errekurtsoa jartzeak «ziurgabetasun aldi bat» sortuko lukeela uste du.

PCRak egiteko eremua, Nafarroako Ospitale Gunean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Apaltzerik ez, hirugarren egunez: 809 positibo Hegoaldean

Ion Orzaiz

13.965 PCR eta antigeno test egin dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak, eta positibotasuna apur bat igo da, %5,8raino

Euskara azterketa, atzo, Barakaldoko BECen. ©BERRIA

Ia 17.000 ikasle ari dira atzoz geroztik HABEren euskara azterketa egiten

Gotzon Hermosilla

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako deialdiez gain, Madrilgo eta Bartzelonako Euskal Etxeetan ere egingo dute euskara azterketa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna