Euskaraldia

Euskarak, maitale asko eta etsai gutxi

Nolako jarrera dute euskal herritarrek euskararen inguruan? EHUko NIK ikerketa taldearen esanetan, jarrerak onak dira orokorrean, baina badaude ahulguneak: zenbaitek mundu tradizionalarekin lotzen du oraindik ere euskara; ez, ordea, gai espezifikoekin edo lagunartean erabiltzearekin.

Txapa. 'Ahobizi' txapa andre baten paparrean (artxiboko irudia). J.U. / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Lau ezaugarri ageri dira oso maiz: polita dela, autentikoa, tradizionala eta maitatua». Irene Garciaren hitzek laburbiltzen dute oro har gizarteak zer irudi duen euskararen inguruan. Euskararen marka aztertu dute; alegia, herritarrei euskara hitza aipatzean zer datorkien burura, zerekin lotzen duten. Eta atera dituzte ondorioak: maitale asko ditu euskarak, eta aurkari gutxi, baina kezkagarria iruditzen zaie zenbaitek tradizioarekin lotzeko duen joera.

Euskal Herriaren luze-zabalean egindako 1.188 inkesta. Horiexek izan ditu lan tresna EHU Euskal Herriko Unibertsitateko NIK ikerketa taldeak Euskararen marka azterlana ontzeko. Horretan aritu denetako bat da Garcia, eta hark azaldu du ikerketaren funtsa: «Guk eredu bat diseinatu dugu, edozein hizkuntzaren irudia neurtzeko. Lehenengo pauso honetan, euskararen marka edo irudia aztertu dugu. Nahi dugu honek tresnak ematea, erabakiak hartu ahal izateko, jakiteko, euskararen irudia aldatu behar bada, zer gauza jakinetan saiatu behar dugun irudia aldatzen».

Argazki bat egin dute. Aztertu dute euskara hitza entzutean zein egoera, gai edo mintzakide etortzen zaizkion jendeari burura. Euskara, batez ere, etxearekin lotzen dute. Gutxiago dira unibertsitatearekin, aisialdiarekin, lagunekin edo lanarekin lotzen dutenak. Okerragoa da egoera beste sektore batzuetan: «Kezkatzekoa iruditu zitzaigun lotura oso ahula izatea euskararen eta hedabideen, sarearen eta kontsumo kulturalaren artean».

Gaia: oro har, gai pertsonalei atxikirik ageri da, «eguneroko gaiei»; ordea, ia ez da azaltzen gai espezializatuak aipatzean. Garciak hala esplikatu du: «Lotura ahula agertzen da gai espezializatuekin, zientziarekin edo ekonomiarekin, adibidez».

Hizketarako lagunak

Eta mintzakideak: txanponaren alde batean, seme-alabak daude. Galdetegia erantzun dutenek haiek dauzkate solaskide nagusitzat. Ona da hori, Garciaren irudiko: «Horrek iradokitzen du guztion gogoan dagoela euskara transmititzearen garrantzia». Baina txanponak badu beste aldea ere, ilunagoa: «Jendearen gogoan euskararen presentzia oso ahula da helduen arteko harremanetan, bikotekidearekin, lagunartean edo ezezagunen arteko elkarrekintzetan».

Euskara nolakoa da? ere galdetu diete. «Polita, autentikoa, tradizionala eta maitatua» da, oro har, herritarrentzat. Irudi hori berez «positiboa» dela uste du Garciak, baina badu arriskurik ere: «Hizkuntza bat funtzio estetikoarekin edo antzinako izaera mitikoarekin bakarrik lotzeak oztopa dezake hizkuntza batek eduki behar duen egunerokorako funtzio komunikatibo arrunta, praktikoa». Eta hori gertatzen dela ikusi dute: «Populazioaren ia erdiak balio praktikoa aitortzen dio euskarari, baina ia %40k pentsatzen dute euskarak ez duela balio praktikorik haientzat». Esana zehaztu du: «Orokorrean, jendeak esan du euskarak denerako balio duela: lagunartean informal aritzeko, gizartean integratzeko, arlo emozionalean komunikatzeko... Baina gauza zehatzagoei buruz galdetzen dugunean, hala nola egoera emozional jakinei buruz, apaldu egiten da ehunekoa». Adibidez: «Umeei errieta egitea, eztabaidatzea, txisteak egitea, haserrea adieraztea, iraintzea... Asko jaisten da euskarak gauza horietarako balio duela uste dutenen ehunekoa».

Ikasleen artean, baikorra

NIK ikerketa taldeak Euskal Herriko biztanleria aztertu du; horietako batzuetan zentratu da Beñat Garaio EHUko doktorea bere tesian. Hain zuzen ere, euskararen —edo haren faltaren— inguruan aritzean arretagune nagusi bihurtzen direnak izan ditu aztergai: haurrak, baita haien bueltako gurasoak eta irakasleak ere. Zehazki, aztertu du Gasteizko segregatutako D ereduko bi ikastetxe publikotako ikasleek, irakasleek eta gurasoek zer jarrera dituzten euskarari dagokionez.

«Oso jarrera ona dute ikasle guztiek», nabarmendu du. Ez dago alderik etxetik euskara jaso dutenen, Euskal Herrian jaiotakoak izanagatik etxean gaztelera jaso dutenen eta atzerritar jatorriko ikasleen artean.

Irakasleen artean ere, beste hainbeste: «Euskararen inguruko jarrerak oso-oso onak dira». Gainera, haien jokamoldean eragiten du: «Babesa emateaz gain, jarrera horiek ekinaldi jakinetara bideratzen zituzten, edo jarreretatik praktiketara pasatzeko hautua egiten zuten lanean».

Gurasoen artean, aldea dago batzuetatik besteetara; haien lehenengo hizkuntzak gehiago baldintzatzen du euskararen inguruan duten jarrera. Etxean euskaraz egiten dutenek «jarrera oso onak» dituzte. Areago: «Talde batek jarrera horiek aktibatzen ditu euskararen aldeko ekinaldiak martxan jartzeko edo, euskararen egoera ikusita, lehentasuna emateko». Jarrera ona sumatzen du jatorri atzerritarra dutenen artean ere: «Denetarik ikusten da, baina esan genezake euskararen inguruan dituzten jarrerak, orokorrean bloke gisa aztertuta, hobeak direla etxean gazteleraz egiten duten familia euskal herritarrenak baino». Azken horiek baitute jarrerarik txarrena: «Badaude etxetik erdaldunak diren eta euskararen harira jarrera oso onak dituzten gurasoak, baina baita jarrera uzkurragoak dituztenak ere, eta, neurri batean, ingelesari garrantzi handiagoa ematen diotenak euskarari baino».

Orokorrean herritarrak aztertzeko orduan, Garciak eta haren taldekideek ere sumatu dituzte batzuen eta besteen arteko desberdintasunak. «Jarrerak, orokorrean, hobeak dira euskaldunen artean». Eta gainerakoak? «Ezin dugu esan euskaldun hartzaileen edo ez-euskaldunen artean jarrera negatiboak daudenik. Esan dezakeguna da euskaldun hartzaileen eta ez-euskaldunen artean euskara ia desagertu egiten dela haien iruditeriatik.

Adinaren arabera, aldea

Generoari dagokionez, aldiz, ez dute topatu «desberdintasun adierazgarririk»; bai, ordea, adinaren arabera, euskal hiztun prototipikoari buruz aritzean: «Jendeak edozein adinetako euskalduna irudikatzen du, eta, adina jartzen diotenen artean, gehiago dira gazte irudikatzen dutenak zahar irudikatzen dutenak baino. Baina, gazteagoen artean, ikusi dugu joera handiagoa dagoela euskarari irudi zaharkitu hori emateko». Hau da: «Gazteagoek euskara gehiago lotzen dute baserritarrekin, tradiziozaleekin, zaharrekin edo hizkuntza tradizionala izatearekin».

Horrek ekar ditzake arazoak, Garciaren esanetan: «Baserriarena lotuta dago tradizioarekin, eta, nolabait, funtzio estetikoarekin. Hau da, gaur egungo gauza arrunt, hiritar edo espezializatuetarako balio ez duelako ideia dago jendearen gogoan. Horrek zer eragiten du? Bada, horrelako gaietara edo eremuetara hurbiltzen garenean, automatikoki erdarara pasatzea».

Funtzio baterako edo besterako, hizketakide gehiagorekin edo gutxiagorekin erabili, oro har, euskarak badu babesa. Baina ba al dauka aurkaririk? Ezezkoan dago Garcia: «Euskararen kontrako jarrera zalantzarik gabeak oso minoritarioak dira». Halere, jarrera hori zertxobait biziago ikusten du eremu batzuetan: «Jarrera negatiboagoak daude Araban edo Nafarroan, Bizkaian edo Gipuzkoan baino, hori argi da. Baina, hala eta guztiz ere, jarrera negatiboak eta asoziazio negatiboak oso-oso minoritarioak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.