Kutsadura, autoen abiaduran

Urtarriletik, emisio gutxiko eremuek martxan egon beharko lukete 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan. Hego Euskal Herrian, oraingoz, Iruñeak baino ez du ezarri halako gune bat.

Auto pilaketak, Donostiako erdialdean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jone arruabarrena
2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun

Urtarrilaren 1az geroztik, 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek emisio gutxiko eremuak izan beharko lituzkete, Espainiako Gorteek 2021ean onartu zuten Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legearen arabera. Eremu horiek sortzean ezartzen den neurririk nabarmenenak autoei eragiten die: dagokien karbono dioxido kantitatea baino gehiago ez isurtzeko, emisio gehien dituzten autoak ezin izango dira sartu eremu horietan. Hala ere, udalerri gutxi batzuek baino ez dute bete agindu hori; Hego Euskal Herrian 50.000 biztanletik gorako zazpi hiri dauden arren (Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruñea, Irun, Getxo eta Barakaldo), Iruñeak soilik heldu dio legeari orain arte.

Ikusi gehiago:Marius Navazo: «Elektrikoak izanda ere, autoak ez datoz bat mugikortasun jasangarriarekin»

Emisio gutxiko eremuak, gehienetan, hirien erdialdean ezartzen dira, eta etiketa sistema baten bidez bereizten dituzte hara sartu ahal izango diren autoak eta kanpoan geratu beharko dutenak. Neurriak betetzen direla ziurtatzeko, zenbait inbertsio egin behar izango dituzte hiriotako udalek; besteak beste, matrikulak kontrolatzeko kamerak jarri. Espainiako Garraio Ministerioak 100 milioitik gorako aurrekontua jarri zuen otsailean, udalei eremu horiek ezartzen laguntzeko. Diru sail horiek 2023 amaierara arteko tartea ematen dute eremuok martxan jartzeko, eta, beraz, epe horren barruan daude udalak. Hala ere, 2022ko abenduaren 27an onartu zuen Espainiako Gobernuak emisio gutxiko eremuak arautzen zituen errege dekretua, eta, hartan ere zehaztu zuen 2023. urtea hasi orduko prest egon beharko luketela. Lege horren arabera, gainera, 20.000 biztanletik gorako udalerriek ere izan beharko dituzte emisio gutxiko eremuak, baina soilik gehienezko emisioak gaindituz gero.

Udalek, hala ere, aukera izango dute eremu horien eredua aukeratzeko: azalera handikoa baina neurri malguagoekin, edo txikiagoa baina murriztaileagoa. Iruñean, esaterako, autoek ez dute eraman beharko beren emisio kantitatea zehazten duen etiketarik. Izan ere, orain arte sarbide murriztuko eremua izan du hiri horrek, eta haren arabera, Alde Zaharreko eremu jakin batean bizilagunak eta banatzaileak soilik sar zitezkeen. Udalak azaldu duenez, neurri haren ondorioz eremu horretako trafikoa %40 jaitsi zen, eta, orain, inguru hori bera bihurtuko dute emisio gutxiko eremu. Hala ere, udalak nabarmendu du «araua sakonki aztertzen» dabilela, «hirian zer eragin izan dezakeen» zehazteko, eta eremu hori mugatzeko sentsoreak ezarriko dituela.

Gasteizek ere badu jada sarbide mugatuko eremu bat Alde Zaharrean, baina udalak azpimarratu du emisio gutxiko eremua, Alde Zaharrean ez ezik, Zabalgunearen zati batean ere ezarriko duela. Dena den, eremu hori ezartzeko «planaren garapenean murgilduta» dago oraindik: «Uda baino lehen, dokumentu bat aurkeztu genuen emisio gutxiko eremua definitzeko azterlan baten hausnarketa eta jarduera ildo nagusiekin. Orain, udalbatza osatzen duten talde politikoen eta kolektiboen ekarpenak sartzen ari gara dokumentu horretan».

Izan ere, Espainiako Gobernuak eremu horiek arautzen zituen errege dekretua «nahi baino beranduago» argitaratu zuela adierazi du udalak: «Hala ere, hiriok proposamenak garatzeko lanean aritu gara ordutik. Gainera, arazoei eta konponbide teknikoei buruzko informazioa trukatu dugu». Udalak ez du zehaztu oraindik eremua noiz sartuko den indarrean; azpimarratu du «zuhur» jokatu nahi duela.

Getxoko Udalak (Bizkaia), berriz, azaldu du «enpresa espezializatu bat» kontratatzeko lanetan dabilela hiriko isuriak zenbatekoak diren zehazteko: «Ordutik aurrera, ezarri beharreko helburu eta eremu zehatzak finkatuko dira. Aurtengo seihilekoan izatea espero da». Hala ere, azpimarratu du lehendik ere hartuak dituela neurri batzuk garraio iraunkorrari dagokionez: «Udalerri osoan orduko 30 kilometroko abiadura muga ezartzea, eta hiri mugikortasun jasangarriaren plana eguneratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.