«Eskatzen dut gutxieneko toki bat duen etxe bat»

Josu Cifuentes apenas atera den etxetik azken hamabost urteotan. Gaixotasun degeneratibo batengatik aulki gurpildun batean dago, eta igogailurik gabeko eraikin bateko hirugarren solairuan bizi da. Berak eta bere familiak instituzioen haiekiko «sentikortasun gabezia» salatu dute.

Igor Susaeta.
Bergara
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun

Iaz, behin atera zen etxetik Josu Cifuentes (Bergara, Gipuzkoa, 1990). «Nagusiarekin egoteko izan zen». Diseinatzaile grafikoa da. Gaixotasun degeneratibo bat du, eta, horren ondorioz, gurpil aulkian dago 15 urte zituenetik. Igogailurik ez duen Bergarako eraikin zahar batean bizi da, hirugarren solairuan. Ofizialki, «baztertze sozialeko» egoeran dago. Haren gurasoak ahalegindu izan dira eraikinean igogailua jartzen. Hitz egin izan dute bizilagunekin, eta, gainera, horretarako eskubidea ematen die joan den martxoan berritutako Espainiako Jabetza Horizontalaren Legeak. Cifuentesek gordeta dauka igogailua jartzeko aurrekontuaren dokumentua: «90.000 euro inguruko kostua edukiko luke obrak». Baina horri beste 90.000 euro inguru gehitu beharko litzaizkioke, igogailua jartzeagatik beheko solairuko etxebizitzaren jabeak bere etxebizitzan obra bat gauzatzeko egindako eskakizun batengatik. 180.000 euro inguru, hortaz, eraikineko bost etxejabeen artean ordaintzeko. «Guk jada ez dugu nahi. Ezin dugu. Senarrak bakarrik lan egiten du », argitu du Marisa Mirandak, Cifuentesen amak. Etxebizitza saltzeko ahaleginean ari dira orain. «Josu nazka-nazka eginda dago, kokoteraino». Instituzioen «sentikortasun falta» salatu du Mirandak, eta Bergarako Udaleko gizarte zerbitzuen saila jarri du jopuntuan, iruditzen baitzaio ez dietela «kasurik» egiten. «Toki gutxieneko bat duen etxe bat eskatzen dut». Hori nahi du Cifuentesek.

 

Etxebizitza bat ikustera joateko deitu zieten udalekoek, urrian. Joan ziren, baina Cifuentesi eta haren senideei iruditu zitzaien ez zela egokitzen haren beharretara. Bera, ama eta aita bertan bizitzeko 50 metro koadroko «hilkutxa bat da», Cifuentesen esanetan. «Ezin zaio etxebizitza ere deitu», Mirandaren irudiko. Badu igogailua, baina «txikiegia» da. Argudiatu du Cifuentesek espazioa behar duela egunero, apur batez bada ere, «oin puntetan» ibiltzeko. «Ultzeraz beteta dauzka oinak, eta, ezin baldin bada apur bat ibili, azkenean hankak moztu beharko dizkiote».

Udaleko gizarte zerbitzuentzat, «ez da egia» kasurik egiten ez dietela. «Haien eskaerak bideratu ditugu. Beste gauza bat da erantzunak haien gustukoak izan diren ala ez». Eusko Jaurlaritzaren bidez eskaini zieten etxeari dagokionez, «erraz iristeko arazoa» konpontzeko «irtenbide bat» eman zietelakoan daude. Udalak zehaztu du 60-65 metro koadro dituela etxebizitza horrek. «Ez dute onartu irtenbidea. Familiak lehentasunak zehaztu beharko lituzke».

Bi lehentasun

Mirandaren hitzetan, semea ezin da bizi «etxe txiki batean». Lehentasun nagusia, «%80», eraikinean igogailu bat edukitzea dela nabarmendu du. «Baina beste %20 ere, etxean mugitu ahal izatea, oso inportantea da. Mugitzeko modurik ez badu, zer egingo du?».

110 bat metro koadroko etxe batean bizi dira. «Hasieran», semeari gaixotasuna diagnostikatu ziotenean, Miranda eta senarra ez ziren «askorik» saiatu arazoari irtenbide bat ematen. «Medikuek esaten ziguten Josu, agian, ez zela 20 urte betetzera ere iritsiko...». Azken hamalau urteotan, 80 bat aldiz baino ez da atera etxetik. Egurrezko 48 eskailera ditu etxeko atetik atarira, eta gehien-gehienetan aitak jaitsi izan du, besoetan. Dena den, eskailerak jaisteak ere min egiten dionez Cifuentesi, medikuaren kontsultara ere ez da joaten, eta «telefonoz» egiten ditu alde horretatik egin beharrekoak. «Bestalde, senarrak oso izorratuta dauzka belaunak, eta Josuk ez du estutu nahi». Ia inor ez zaio joaten bisitan, eta soilik «ordenagailu bidezko harremanak» ditu. «Oso-oso bakarrik gaude, ezin bakarrikago», hasperen egin du Mirandak.

Cifuentes ordenagailuaren aurrean egoten da, eta etxebizitzen iragarkiak-eta ikusten ditu. «Asko ikusi ditut, baina, noski, 800 euroko alokairu bat ordaindu behar baduzu... Etxe hau salduko bagenu...». Oraindik ere etxebizitzaren hipoteka ordaintzen ari dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak 228 euroko diru laguntza ematen dio familiari, hilero, semea zaintzeagatik; eta Gizarte Segurantzak 553 euroko pentsio bat ordaintzen dio aitari, elbarritasun handiko pertsona bat duelako bere ardurapean.

«Ez dut hainbeste eskatzen, ezta? Esango nuke denok dugun eskubide bat dela», kexatu da Cifuentes. Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko Etxebide babes ofizialeko etxebizitzen programan aspaldi eman zuen izena, eta etxe bat tokatu zitzaion. «Ukatu egin zidaten, ordea. Ni ezin naizenez bakarrik bizi, eta nire gurasoak etxe baten jabeak direnez, kendu egin zidaten».

Mirandak ez lioke muzin egingo beste herri batean bizitzeari. «Guri berdin zaigu zer herritan. Semea etxetik atera baldin badaiteke, edonon». Beste aldagai batzuk ere hartzen ditu kontuan, ordea: «Alokairu pribatu batean egonez gero, bota egin zaitzakete. Publiko batean, ez. Horregatik nahi dugu egin Jaurlaritzaren bidez. Halere, besterik ez badugu, edozer egingo dugu». Oraingo etxebizitza salduz gero beste bat bilatzeko «askatasuna» edukiko luketela esan du. Cifuentesek beste konponbide bat jarri du mahai gainean: «Laster Jaurlaritzakoari deituko diot berriro».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.