Lan kostua batez beste 36.584 eurokoa izan da langileko, 2018. urtean

xabier martin
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Enpresek langileak kontratatzean ordaintzen duten lan kostua ia %3 hazi zen 2018. urtean, aurreko urtearekin alderatua. INE Espainiako Estatistika Instituaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan langileko 36.584,26 eurokoa izan zen lan kostu garbi hori, batez beste. Nafarroan, batez beste betiere, 33.615,92 euroko gastu garbiari egin behar izan zieten aurre enpresek langile baten kontratazioa egitean, 2017. urtean baino %1,9 gehiago.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan, 1.033 euro garestitu da batez besteko lan kostua urte arteko tasan. Kostu gordin hori 36.837 eurokoa izan zen 2018. urtean. Kopuru horren zati handiena soldatak ordezkatzen du; batez beste, 27.127,33 euroko soldata gordina islatzen du INEren datuak; Gizarte Segurantzaren kotizazioa 8.664,42 eurokoa izan zen langileko. Horrez gain, batez besteko borondatezko kotizazioak 339,15 eurokoak izan ziren; prestazio sozialak, 285,27 eurokoak; eta beste hainbat gastu (trebakuntza, kaleratzeen kalte-ordainak, eta beste ordain batzuk) 420,83 eurokoak izan ziren langileko. Halaber, laguntzak eta hobariak, langileko, 252,74 eurokoak izan ziren.

Desglose hori guztia kontuan hartuta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen batez besteko soldata lan kostu osoaren %73,64 izan zen 2018. urtean, eta kotizazioak, kostu horien %23,52.

Nafarroako soldata

Nafarroari dagokionez, soldata gordina %1,7 igo zen, INEren arabera, eta lan kostuaren beste edukiak %2,7 egin zuen gora. 2017. urtean %4,2 igo zen batez besteko soldata gordina; beraz, datuak islatu du hazkunde hori moteldu egin dela. Gauzak horrela, Nafarroako langileen batez besteko soldata gordina 24.642,32 eurokoa izan zen 2018an. Bestalde, borondatezko kotizazioak, pentsio planak eta prestazio osagarriak aintzat hartzen dituen atalean, 393,8 euro eman ziren langileko, eta 126,12 beste gastutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.