Ivan Santamaria.
ANALISIA

Burujabetza, zertarako?

2018ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Orain dela hamar urte Jose Luis Cimiano Arabako Ogasun ahaldunari egindako elkarrizketa batean atera zen gaia. Buelta asko eman ondoren, Zapateroren gobernuak Espainiarako indarrean jarri zuen 400 euroko kenkaria bere horretan kopiatzea erabaki zuten foru aldundiek. «Herritarrek barneratua zuten dirua itzuliko zitzaiela, zaila zen gelditzea», zioen, justifikazio gisa. Legediak ez ote die zerga burujabetza aitortzen Hegoaldeko ogasunei, orduan? «Gizartean ahalmen hori ulertzeko defizita ikusten dut oraindik».

Elkarrizketaren oroitzapena asteon entzundako beste argudio batek piztu du. Carmen Azpillagaren esaldi bat da, Nafarroan amatasun ordainen atxikipena itzultzeko manifestaziora deitu duen ama taldeko ordezkariarena. «Gorenak esan du amatasun ordainak ez direla zergapetu behar, eta hemen ere ez, legea egonda ere. Legeak beharrezkoa denean aldatzen dira». Itzulita: Espainiako epaileek diote dirua bueltatu behar didazuela, eta niri bost axola ustezko burujabetza fiskala, Nafarroako ituna eta enparauak.

Sakoneko eztabaidan sartu gabe —ordain horiek zergak ordaindu behar dituzten edo ez—, berriro ere estatua homogeneizatzeko indarraren adibide ona izan da gertatutakoa. Deigarria da, gutxienez, inork ez duela zalantzan jarri Hegoaldean egondako araudia eta interpretazioa, orain arte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Espainiakoaren antzekoa zen formulazioa, baina ñabardura batzuk badaude, eta auskalo zer esango zuten Goreneko epaileek horri buruz. Nafarroan legeak propio aipatzen du amatasun ordain horiek lansariak direla.

Arazo berari ezberdin erantzun zaio. Nafarroan, gobernua saiatu da pedagogia apur bat egiten, eta, oraingoz, eutsi dio legea heldu den urterako aldatzeko asmoari. EAEn, aldiz, Espainiatik esandakoa betetzeko, aldundiak korrika eta presaka ibili dira. Baietz, burujabeak direla, baina dirua itzuliko dutela. Zaila da hauteskundeen itzala ez ikustea erabaki azkar horren atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.