Trumpen kanpaina eta Errusia salatu ditu auzitegietan Alderdi Demokratak

AEBetako 2016ko presidentetzarako bozetan konspiratu izana egozten die egungo presidentearen garaipena ahalbidetzeko. Wikileaksen aurka ere egin du. Milioika dolar nahi ditu kalte-ordainetan

Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Donald Trump AEBetakoa, iaz, Vietnamen. JORGE SILVA / EFE.
ander perez zala
2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Demokratak salaketa bat aurkeztu zuen atzo, 2016an egindako presidentetzarako bozekin zerikusia duena: egungo presidente Donald Trumpen kanpainako taldeari, Errusiako Gobernuari eta Wikileaksi egozten die hauteskunde horietan konspiratu izana, demokraten presidentegai Hillary Clintoni kalte egiteko eta Trumpen garaipena ahalbidetzeko. Alderdiaren batzordeko presidente Tom Perezen iritziz, Errusia AEBetako demokraziari «jazarri» zitzaion hauteskunde kanpainan, eta AEBetako presidentearen taldea «laguntzaile aktiboa» izan zuen ustezko zeregin horretan, «prest» agertu baitzen hori egiteko.

Salaketaren arabera, alderdiaren aurkako zibererasoek eragina izan zuten bere diru bilketan, boto emaileekin komunikatzeko gaitasunean eta bere funtzionamenduan —bere dokumentuak filtratu zituzten Wikileaksen bidez—; horrez gain, alderdiak ohartarazi du bere langileek jazarpena eta heriotza mehatxuak jasan behar izan zituztela. Horregatik, hiru salatuei eskatu dizkie milioika dolar kalte-ordain gisa eta publikoki onar dezatela konspiratu egin zutela. The Washington Post-en arabera, salatuen artean daude Trumpen semea, haren aholkulari Jared Kushner eta haren hauteskunde kanpainako arduradunak: Paul Manafort eta Rick Gates. Robert Mueller fiskal bereziak Manafort eta Gates inputatuak ditu Errusiaren ustezko esku sartzearen ikerketan, kapitalak zuritzeagatik, iruzurragatik eta zerga saihesteagatik. Moskuri dagokionez, Inteligentzia Militarraren Zerbitzua salatu du Alderdi Demokratak, zibererasoen egilea delakoan, eta Wikileaksen kasuan, Julian Assange webgunearen sortzailea jarri du jomugan. «Inor ez dago legearen gainetik», ohartarazi zuen atzo Perezek. Hiru salatuek hainbatetan ukatu dituzte Alderdi Demokrataren akusazioak.

Presidentearen egoera

Atzoko pausoa une erabakigarrian iritsi da, Mueller aztertzen ari baita Trump deklaratzera deituko ote duen. Gainera, hilabeteak dira AEBetako presidentea bere talde juridikoa berrantolatzen ari dela, etor litezkeen erronka judizialei begira.

Ikerketan, haren sei aholkulari inputatu ditu jada fiskal bereziak, gezurra esateagatik edo finantza delituengatik, eta horietako hiruk erabaki dute ikerketan laguntzea, tartean Trumpen Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohi Michael Flynn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.