Lan gatazkak. Gipuzkoako papergintza

Papergintzako grebak %90eko jarraipena izan du, LABen arabera

Sektoreko klusterrak dio Gipuzkoako grebak eragina duela «enpresen iraunkortasunean»

xabier martin
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Papergintzako klusterra «oso kezkaturik» dago Gipuzkoako zazpi enpresari eragiten dien greba hori dela eta. Herengungo eta atzoko lanuzteek lehiakortasunari eragiten diotela ohartarazi zuen atzo, eta horrek «luzera begira enpresen iraunkortasuna murriztuko duela». Patronalak adierazi zuen KPItik gorako igoerak adostu direla, eta lanaldiak eta lan baldintzak, oro har, Espainiako lehiakideenak baino hobeak direla. Paperaren Klusterrak «gatazka lehenbailehen» bukatzea nahi du, «normal» jarduten has daitezen enpresak.

Atzoko grebaren jarraipena %90ekoa izan zela helarazi zuen LABek, eta ekoizpena erabat gelditu zela. Bi eguneko lanuzteen ondoren, langileek argi utzi dute «itun duin bat» nahi dutela, sindikatuaren ustez; «sektoreak sortzen duen aberastasuna banatzea nahi dute». Adegiri eskatu zion «langileen borondatea kontuan hartzeko, eta immobilismoari etena jartzeko». Langileei esan zien borrokan «sendo» jarraitzeko.

Sektorearen aurtengo egoera aurreko urtekoa baino gogorragoa dela esan zuen, ordea, Paperaren Klusterrak, atzo. Eskaerak gutxitzen ari direla dio, eta «inbertsio zikloa» bukatu egin dela. Ez dago batere garbi 2018. urteko emaitza onak berritzeko gai izango ote diren. Iaz, 1.182 milioi euroren salmentak egin zituzten, %5,9 gehiago. Horietatik 612 milioi (+%1,6) esportazioen bidez fakturatu ziren. Horrez gain, 41 milioi euroren inbertsioak egin zituzten, eta 2.338 enplegu zuzen eman zituzten (+%8,4). Paperaren eta paper pastaren ekoizpena 1.329.000 tonakoa izan zen(-%2,6).

Batzar Nagusia

Datu horiek guztiak helarazi zituzten Batzar Nagusian, Senen Amunarrizek eta Iñaki Ugartek, klusterreko presidenteak eta kudeatzaile nagusiak. Arduradunek esplikatu zuten eskaerak gainbehera doazela. Azken urteetan, packaging esparruko negozioa asko hazi da, baina, azken hilabeteetan, eta inbertsio handiak egin ondoren, urritu egin da eskaeraren emaria. 2018ko azken hiruhilekotik ari dira nabaritzen joera negatibo hori.

Amunarrizek eta Ugartek lehengaien «salneurri garestiez» hitz egin zuten, eta energia kostuei loturiko «lehiakortasunaren galeraz». Lehiakortasunari kalte egiten dion beste aldagaia lan kostua da. «Beste erkidego batzuetako enpresen aldean, %20 eta %30 arteko aldea dago».

Gipuzkoan, sektoreko itunaren aldeko greba egin zuten herenegun, eta atzorako ere lanuztera deitu zuten sindikatuek. Klusterrak ez die oinarririk ikusten mobilizazio horiei. «Egia da azken 20 urteotan enpresa batzuk itxi egin direla, eta enpleguak sufritu egin duela, baina gure enpresek langile kualifikatuak kontratatzen dituzte urtero, eta kontratuen %92 finkoak dira». Soldaten auzian buru-belarri sartu zen klusterra: «Lanaldi osoko langile baten batez besteko soldata gordina %44 handiagoa da Estatuko batena baino». Sektoreak zeharkako 7.000 enplegu ematen dituela esan zuen.

Sektoreak egin duen «inbertitzeko ahaleginaren gainetik», eta soldatetan, eta oro har, lan baldintzen inguruan «egon den aurrerapena egonda ere», sindikatuek hamasei greba egunera deitu dutela gogoratu zuen klusterrak. Ekainaren 26an eta 27an dira hurrenak; uztailaren 3an, 4an, 10ean eta 11n beste lau greba egun iritsiko lirateke; irailean, berriz, 18an, 19an, 25ean eta 26an lirateke lanuzteak; eta, urrian, 2an, 3an, 9an eta 10ean.

ELAko ordezkari Eneko Agirreurretaren arabera, patronalaren proposamena «ez dator bat sektorearen egoera onarekin». Soldata igoerekin batera, lan erreformaren aurkako blindatzea eskatzen ari dira sindikatuak. Sektoreko hitzarmenaren indarraldia 2018an bukatu zen Gipuzkoan, eta luzaturik dago. ELA, LAB eta CCOO daude negozio mahaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.