I-11k hogei urte

Lezioak egoera berrirako

Atentatuen urteurrenak eta Afganistango azken asteotako gertakariek beste eraso baten kezka piztu dute AEBetan. Barnetik, supremazismo zuriaren ingurutik antolatu litezkeen erasoen atzean dabil beldurra.

urtzirrutikoetxea
Washington
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Atentatuen urteurrenak eta Afganistango azken asteotako gertaerek beste eraso baten kezka piztu dute Ameriketako Estatu Batuetan. Mehatxu zehatzik ez dagoela baieztatu dute segurtasun indarrek, baina beldurrak aspaldi harrapatu zuen herrialdea.

Edozelan ere, atzerritarrek egindako atentatuen beldurra, galdu ez bada ere, barnetik —zehazki, supremazismo zuriaren ingurutik— antolatu litezkeen erasoen atzean dabil. Washingtonen nabari liteke hori, urtarrilaren 6an Kapitolioaren aurka egindako ekintzaren ondorioz. Ez dira konparagarri 3.000 hildako eragin zituzten atentatuak eta urte hasierako gertaerak, ez eta horiek sortutako shock-a ere, baina bada adierazgarri uneotan zeinen zatituta ageri den herrialdea.

Ezin da ahaztu, horratik, AEBetako Kapitolioaren kontrako erasoa joera baten adierazle ere badela; beldurrak gidatutako irrazionaltasun baten arriskuak ekarri du, esaterako, urteotako arma salmenten igoera.

Eta horren ohiko bihurtu diren tiroketa masiboak zuri supremazisten eskutik iritsi direla sarritan: hor daude migratzaileen kontrako El Pasoko sarraskia 2019an, Pittsburgheko sinagogakoa 2018an, Orlandoko diskotekakoa 2016an, eta Charlestoneko afro-amerikarren elizakoa 2015ean, esaterako. Donald Trumpen agintaldi bakarrak (2017-2021), zalantzarik gabe, eskuin muturreko taldeen indarkeria hauspotu du.

Duela hogei urte, AEBetako Kongresuaren Irailaren 11ko batzordeak lortu zuen «ideien borrokaren» garrantzia azpimarratzea. Ordurako berandu zen, egia da: erasoek inolako autoritate moralik ekarri bazuten, Iraken galdu zen, Abu Ghraibeko torturen irudiekin.

Ondorioak etxean ere nabaritu ziren, etsaiaren tipologia aldatu baitzuen: atzerriko herrialde bat izaten zen ordura arte, baina edozein herritar arrunt izan zitekeen susmagarri harrezkero. Batzuk beste batzuk baino susmagarriago, egia da. Aldea da orain ezin izan dela horrelako batzorderik eratu, herrialdeak eta sistema politikoak duen polarizazioagatik.

Egoera larria da, eta Joe Bidenen gobernuak esana du «etxeko terrorismoari» aurre egin behar zaiola. Horretarako, baina, garrantzitsua izango da duela bi hamarkadako akatsak ostera ez egitea, hainbat adituk gogorarazi dutenez.

«Eskuin muturreko indarkeriari FBIk behar bezala ez erantzutea borondate faltaren ondorio da, eta ez legezko neurrien faltarena», argudiatu dute Brennan Center For Justiceko Harsha Pandurangak eta Michael Germanek.

«Terrorismoaren aurkako» neurriak ekologistei jazartzeko ere erabili izan direla gogora ekarri dute, haiek inolako atentaturik egin ez arren. «Hala ere, zuri supremazistek egindako hilketen zerrendarik ez du egiten FBIk, eta are gutxiago ikertzen ditu barne terrorismo moduan».

Horregatik, errezeloz hartu dute Bidenek «etxeko terrorismoari aurre egiteko» iragarritako neurriak, gogora ekarriz terminologia hori erabili zuela Trumpek Poliziaren indarkeria salatzen zuten manifestari afro-amerikarren aurka.

«Ideia estremistak edo jarrera kezkagarriak behatzeko ardura Poliziari eman zaionean, eta ez gizarteko beste arduradun batzuei, azkenean etorkinak, gutxiengoetakoak eta ekintzaileak egon ohi dira jomugan, eta ez zuri supremazistak, horiek aspaldi baitaude ondo txertatuta Polizian, armadan eta gisako erakunde ofizialetan», Pandurangaren eta Germanen ustetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.