Literaturako Nobel Sariak

Nobela babesteko bi saritu

Olga Tokarczukek irabazi du 2018ko Literaturako Nobel saria eta Peter Handkek 2019koa; iaz, bertan behera geratu zen saria, sexu abusu eta filtrazio salaketen eraginez

Peter Handke idazle austriarra alemanez idazten dutenen artean egile kontsakratuetako bat da egun. CESAR CABRERA / EFE.
Iñigo Astiz - Itziar Ugarte Irizar
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun

Olga Tokarczuk (Sulechow, Polonia, 1962) eta Peter Handke (Griffen, Austria, 1942). Bi idazleok jasoko dituzte 2018ko eta 2019ko Literaturako Nobel sariak, hurrenez hurren. Polemika urtea izan zuen iazkoa akademiak, sexu abusu eta filtrazio salaketen eraginez, eta literaturako saririk ez ematea erabaki zuten. Horregatik eman dituzte bi izen aurten, eta, akaso, horregatik eman dituzte bi izen zehatz hauek ere. Haien prestigioaren babesaren bila. Izan, ibilbide sendoko idazleak baitira biak, eta nekez piztu ahal izango du literatur errezelorik haien izendapenak. Baina ikusi egin behar polemika atzean uztea lortzen ote duten, azken urteetan hainbat aldiz piztu baititu protestak Handkek Balkanetako gerrari buruz duen posizioak. Eztabaida piztu zen 2006an Heine saria eman ziotenean, esaterako, eta, Norvegian piztu zen polemikaren eraginez, Nazioarteko Ibsen Sariak zekarren diruari uko egin zion 2014an. 830.000 eurotik gora jasoko du bakoitzak orain, eta biek hartuko dute parte abenduko sari banaketa ofizialean.

Hitzez hitz, «muga gurutzatzea bizimodu gisa irudikatzen duen pasio entziklopedikoko irudimen narratiboagatik» eman diote saria Tokarczuki.

Aurrez ere behin baino gehiagotan aipatu dute haren izena Nobel sarirako hautagaien kinieletan, baina orain arte ez da oso ozen entzun. 1993an eman zuen argitara bere lehen liburua, baina, batez ere, 1996an plazaratutako Prawiek i inne czasy (Sasoi primitiboak eta beste) eleberriak jarri zuen literatur munduko adituen radarrean. Zinez ezaguna da geroztik haren lana sorterrian, eta biderkatu egin zen haren nazioarteko dimentsioa iaz, bere seigarren eleberriaren ingelesezko itzulpenak Man Booker saria jaso zuenean, egileak berak «konstelazio nobela» deitzen duen Bieguni (Hegaldiak) liburu hibridoagatik. Bertan, nahasian kontatzen ditu bidaiari moderno baten oharrak, talde eslaviar nomada baten nondik norakoak, XVII. mendeko anatomista flandriar baten biografia, eta Frederic Chopinen bihotza Varsoviaraino eraman zuen bidaiaren nondik norakoak.


Peter Handke idazle autriarra alemanez idazten dutenen artean egile kontsakratuenetako bat da egun. CESAR CABRERA / EFE

Lineartasunarekiko mesfidantza moduko bat igar daiteke haren hitzetan. «Guk [Europa ekialdekook] ez dugu zuek [Europa mendebaldekoek] bezainbeste konfiantza errealitatean.[...] Beti sentitzen dugu zerbaitek gaizki egon behar duela, gure historia ez delako lineala. Beste ezberdintasun bat da zuek psikoanalisian errotuta zaudetela, eta guk oraindik era mitiko eta erlijiosoan pentsatzen dugula».

Milaka orriko nobela historiko bat da, ordea, egilearen «magnus opusa», akademiaren hitzetan: Jakoben liburua. XVIII. mendean bere burua profetatzat aurkeztu zuen Jakob Frank judu lituaniarraren historia kontatzen du lanak, eta egilearen «umorea» eta «mikro-epika» nabarmendu ditu epaimahaiak.

Feministatzat du bere burua idazleak, eta behin baino gehiagotan egin du talka horregatik herrialdean indartsu dagoen eskuin muturreko mugimenduarekin. «Traidore» izendatu zuten, adibidez, telebistan Poloniak iraganean kolonietan egindako gehiegikeriak aipatzeagatik, eta bizkartzainak ere jarri behar izan zizkion argitaletxeak. «Inozoa izan nintzen», aitortu zion iaz The Guardian egunkariari. «Pentsatu nuen kapazak izango ginela gure iraganeko gertakari ilunez eztabaidatzeko».

Ez dago haren lanik euskaraz, baina Donostiako Literaktum jaialdian izango da azaroaren 15ean, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Jada espero ez zuenean

Denbora zeraman Handkeren izenak ere Nobel sarirako hautagaien zakuan. Alemanez idazten duten egileen artean kontsakratuetako bat izan arren, askok ez zuten esperantza handirik jada — ezta egileak berak ere, atzo aitortu zuenez—, haren figurak pizten duen eztabaidagatik. Aurtengo epaimahaikideek, ordea, aurrera egin dute idazle austriarrarekin, «giza esperientziaren espezifikotasuna eta periferia esploratzen duen eta asmamen linguistikoan eragin handikoa den obra» goraipatuta.

23 urte betetzerako bizitza literaturari ematea erabakia zuen Handkek. Antzezlanak, poemak, eleberriak, ipuinak, gidoiak, saiakerak, askotariko genero eta formak zeharkatu ditu ordutik. Antzerki obra abangoardistekin urratu zuen bidea, esperimentazio sen bati jarraika. Publikumsbeschimpfung (Irainak publikoari, 1966) da orduko obrarik nabarmenena; lau aktore antzerkiaren naturaz ari dira obran, publikoa iraindu eta aktoreek euren lana goraipatzen duten artean.

Kontsakrazioa Die Angst des Tormanns beim Elfmeter (Atezainaren beldurra penaltiaren aurrean, 1970) nobelak ekarri zion, Josef Bloch atezaina mekanikari postutik bota zuteneko istorioa ardatz duena, tonu existentzialista batez ondua. Bi urtera eman zuen argitara bere literatur ibilbidean mugarritzat jotzen den lana: Wunschloses Unglück (Zorigaitz ezin okerragoa), zeinetan amaren bizitza eta suizidioa jaso zituen. Lengoaia soil bat darabil egileak; bere idazkeraren marka, pultsu intimistarekin bat. Hain zuzen, behin baino gehiagotan adierazi izan du Handkek hori dela idazle gisa axola zaiona, lengoaia: «Gauza bakarra dago niretzat baliozkoa dena eta oso boteretsu sentiarazten nauena, botererik ez dudanean ere: forma aurkitzea hizkuntzaren bidez. Hizkuntza forma da, eta forma iraupena da; bestela, giza existentzian ez baitago iraupenik».

Zinemara ere luzatu da Handkeren itzala; besteak beste, Wim Wendersekin batera idatzi ditu Falsche Bewegung (Mugimendu faltsua, 1975) eta Der himmel über Berlin (Berlin gaineko zerua, 1987) filmen gidoiak, eta zuzendu ere egin ditu zenbait, tartean, L'absence (Absentzia, 1992) eta Die linkshändige Frau (Emakume ezkertiarra, 1998), bere eleberrien egokitzapenak.

Hastapenetako haren urrats ausartek lurrikara txiki bat sortu zuten, baina 1990eko urteetan are gehiago mugitu ziren lurrak Handkeren inguruan: Balkanetako gerraren urteetan «krimenak» Jugoslavia zaharreko gatazkan inplikatutako «alde guztiek» egin zituztela adierazi, eta serbiarren aldea «deabrutzen» ari zela salatu zuen idazleak. Serbiaren alde lerratu izana egotzi zioten orduan, eta zerrenda beltzean sartu zuten askok —baita Slobodan Milosevic presidente serbiarraren hiletara joateagatik eta Hagako Justizia Epaitegiaren zilegitasuna ezbaian jartzegatik ere—.

Paris ondoko herrixka bat izan du bizileku azken hogei urte pasatxoan. Eta Pikardiako (Frantzia) bizitzan girotu ditu, hain justu, azken lanak, akademiak goraipatu dituenak. Bertan hartu zituen kazetariak atzo, etxeko lorategian, non «ausartzat» jo zuen akademiaren hautua. «Ausart, Jugoslaviako gerra zibilaz modu ezberdin batean idatzi nuenean zarata ikaragarria sortu zelako». Jarraitzeko asmoa berretsi zuen, «ezer gertatu ez balitz bezala». Ibsen parafraseatuz, «oraindik gezi asko geratzen dira arkuan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.