BAKARRIZKETA

Belatz bat atezuan

Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
1. Utzi asmatzen. Enpresa batek beste bat 'jan' behar duela dioen istorio batekin zatoz. Ez.

2. Bada, orduan ehizarekin zerikusia duen zerbaitekin... Tira, metaforikoki, bai. Ehizatu beharrekoa Europako Banku Zentraleko lehendakaritza da. Eta belatza, berriz, Jens Weidman, Bundesbankeko presidentea 2011z geroztik.

3. Nire ustez, Alemanian arranozaleagoak ziren. Arranoak dituzte beren txanponetan, armarrietan, garagardoetan... Hala da, baina diru kontuetan, belatzak dira, eta ez usoak. Hau da, gogor eta zurrun jokatzea gustuko dutela, inflazioaren kontrola über alles, eta ez malgutasuna erakusten duten horietakoak, usoak.

4. Eta Weidmann belatzak lortu du bere harrapakina? Ez, oraindik ez. Litekeena da aste batzuk behar izatea jakiteko nork ordezkatuko duen Mario Draghi usoa EBZko buruzagitzan. Urrian utziko du kargua, zortzi urteko agintaldiaren ondoren. Weidmann oso kritiko izan da Draghirekin, interes tasak oso txiki mantentzeak kalte egin dielako Alemaniako herritar askori, oso aurreztaileak direlako eta azken urteetan interesik jaso ez dutelako. Gainera, Europa hegoaldeko herrialdeak lagundu izana gaizki hartu du, beren bekatuak —ez zuten dirua gastatzea— ordainarazi behar zitzaiela uste duelako. Iritzi zabaldua da hori Alemanian, Draghi arazo guztien pagaburu egiteko joera duen herrialdean.

5. Orain ulertzen dut belatzarena. Ez dirudi oso jarrera europazalea. Ez da, eta, horregatik, Weidmann baztertuta zegoen Draghi ordezkatzeko hautagaien artean. Horregatik, eta labur esanda, Draghiren politikak bere helburua lortu duelako: larri zebiltzan herrialdeak eta euroa bera salbatzea. Neurri batean, Weidmannek ere onartzen du, eta azkenaldian apalago dabil kritikekin.

6. Weidmannek huts egin badu, zergatik dago kinieletan? EBko herrialde handien arteko botere borrokarengatik. Klasiko bat.

7.Game of Thrones, nekagarri bihurtzekotan dagoen konparazio bat erabiltzearren. Bai, eta burdinazko tronua Europako Batzordeko lehendakaritza da. Manfred Weber alemaniarra zen faboritoa, EAP Europako alderdi kontserbadoreak biltzen dituen taldeko hautagaia. Baina talde horrek azken urteetan posturik garrantzitsuenak izan ditu, eta aldatzeko garaia dela uste dute sozialdemokratek eta liberalek, eta Weber aukera gutxirekin geratu da.

8. Eta horrek zer ikusia du Weidmannekin? Angela Merkelek alemaniar bat nahi duela postu garrantzitsu batean, eta EBZko hiru buruen artean alemaniarrik izan ez denez —Herbehereetako Duisenberg, Frantziako Trichet eta Italiako Draghi—, Berlinek uste duela badagokiola kontsolazio saria.

9. Eta Weidmann ez bada,zein izan daiteke? Bi alemaniar gehiago daude kinieletan: Claudia Buch Bundesbankeko lehendakariordea, eta Klaus Regling ESM erreskate funtseko burua. Belatzen artean, Klaas Knot Herbehereetako banku zentraleko burua eta Erkki Likanen finlandiarra. Usoen artean, François Villeroy de Galhau frantziarra. Bien artean, Benoit Couere, frantziarra hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.